Goimen elkarteak Goierriko landa garapeneko programa berritu du hainbat eragilerekin elkarlanean egin duen lanketa prozesuan, lau erronka zehatz eta misio nagusi bat jarduera-ardatz bezala hartuta. Ekintzak dira hurrengo urratsa.
Goierriko landa eremuak gaur egun bizi duen errealitateari erantzungo dioten lan ildoak zehaztea eta horiek gauzatzeko jarduerak definitzea izan dira eskualdeko landa garapen programa berria osatzeko oinarri nagusiak. Azken urte erdian zeregin horretan aritu da Goimen elkartea, hainbat eragilerekin lankidetzan lan-saioak eginez eta 2015-2020 programa zaharra egokituz, datozen urteetarako bide-orri bat finkatzeko ahaleginean.
Programa-berritze premia horrek eta Goierri Barnetik lankidetzazko gobernantza proiektuak landa garapena hiru erronketako bat izendatzeak –2021ean, Legorretan– bat egiten dute denboran. Hala, gizarte erronkei heltzeko lanketa Mariana Mazzucato ekonomialariaren Misioek gidatutako berrikuntza metodologian oinarritu dute. Behetik goranzko logika eraikitzea proposatzen du metodologia horrek, esku artean dauden erronkei heltzeko eragile publiko-pribatuak, eragile komunitarioak eta herritarrak elkarlanean jarriz, agenda politikoak eta gizarte konpromisoak bat egin dezaten.
Lankidetza du ezaugarri metodologiak, eta lehen urrats modura norabidea partekatzea eskatzen du: misio argi eta zehatz bat adostea, eta horretara iristeko egitasmo multzo bat eraikitzea. Prozesua abiatzerako, Goimenek hainbat lan zituen aurrez eginak: programa berria garatzeko jardute eremuak berrikusi zituen tokian-tokian azken urteetan eman diren aldaketak aintzat hartuz eta erreferentzia mapak zehaztu zituen herri bakoitzaren landa izaera, hedadura eta ezaugarriak jasoz.
Mapatze hori egiteko landa eremu bakoitzaren kalteberatasun maila hartu zuen kontuan Goimenek lau garapen faktore oinarri hartuta: ekonomiaren sustapena, dibertsifikazioa, bizi kalitatea eta ongizatea. Horrek zehaztu zuen udalerri bakoitzaren zein udalerri bakoitzeko landa eremuaren garapen maila. Aurre-lanketa hori eginda abiatu zuen landa garapen elkarteak 2024ko udazkenean partaidetzan oinarritutako hausnarketa estrategikoa.
Ataunen eta Zerainen aurrez hitzartu gabeko elkarrizketak egitea, eta Ataunen eta Gabirian kontraste saioak egitea izan zen abiapuntua. Gerora beste hamar lan-saio etorri dira. Sortu den talde eragilea izan da prozesuaren gidaria, eta misioa eta erronkak zehaztu dituena. Hori guztia Ekosistema osatzen duen talde zabalarekin bilerak eginez eta iritziak partekatuz egin du. Hasierako bileretako batean Landa garapen programa aurkeztu zien Goimenek udalei. Hauxe da adostu den misioa, hitzez hitz: «2040. urterako Goierrin errentagarri izan den bertako nekazaritza-ekoizpen eta elikadura jasangarria %20 handitzea, paisaia naturala eta kulturala zainduz eta balioan jarriz, eta landa eremuko populazioaren hazkunde orekatua lortzea, herri bizigarriak sustatuz».
Misio horri lau erronka edo ideia berritzaile gehitu behar zaizkio: BaserriLab, Baserritik jantokira, Landabizi eta Herri sareak. Beheko taulan irakur daiteke bakoitzaren azalpena. ■
Lau ideia berritzaileak
- BaserriLab: Prozesuan zehar ondorioztatu da sektorean atomizazio bat ematen dela, eta proiektu honekin ekoizleak eta bestelako eragileak bilduko dituen gune bat sortzea proposatzen da. Helburua: baserritarren bizi baldintza duinak lortzea, errentagarritasunean, baliabideetan eta burokrazian eraginez. Proiektu honen barruan elikadura mahai bat sortzea ere proposatzen da.
- Baserritik jantokira: Ideia honen helburua ekoizleen ekoizpena planifikatzeko salto bat ematea da. Proiektu pilotu bat martxan jartzea proposatzen da, jantoki kolektibo bateko edo batzuetako ekoizpena modu kolektiboan bermatuz eta ekoizle horien ekoizpenaren plangintza bermatuz.
- Landabizi: Proiektu honen helburua landa eremuko etxebizitza aukeretan eragitea da, konkretuki bi eremutan: baserrien eraberritze eta erabilpenaren sustapenean eta herri eremuetako etxebizitza aukeretan.
- Herri sareak: Ideia honen asmoa arreta bereziko eta landa eremuko herrietan zerbitzuak bermatzea izango da. Herri guztiek zerbitzu minimoak bermatuta izateko (ostatu batekin eta elikagai denda txiki batekin gutxienez), herriak zonaldeka saretzea proposatzen da, eta sare horiek beraien artean konektatuta egotea, dinamikak bultzatzeko, herri txikien sozializazioa bultzatzeko, baita kultur programa areagotzeko ere.
Urratsez urrats aurrea doan proiektua
Orain bost urte hasitako proiektuari eta bidean lehenetsitako hiru erronka nagusiei –Energia, Landa garapena eta Zaintza– batasun izaera eman zitzaion urtarrilaren 22an Mutiloan egin zen ekitaldian. Goierriko 34 eragilek Goierri Barnetik etorkizunerako elkarlan sarearen hitzarmena sinatu zuten, etorkizuneko erronkei aurre egin eta gobernantza sistema berria egituratzeko helburuz. Prozesuak bidea egiten jarraitzen du.
Energia erronka
Otsailaren 28an erabakigune zabala osatzen duten eragileak bildu ziren. Lehendabizi, eragile aniztasuna eta prozesuan izandako paper ezberdinak aintzat hartuta, Goierriko Energia Mahaiaren eta Goierri Barnetik Energia erronkaren ibilbideen garapena gogora ekarri zen. Ondoren, Energiaren erronkatik 2025erako bideratu nahi diren ekintzak adostu ziren.
Gobernantza sarearen hitzarmena sinatuta Goierri Barnetik Energia erronkaren eta Goierriko Energia mahaiaren ibilbideak bateratu egin dira. Udal, enpresa, eragile komunitario eta ezagutza eragileen inplikazio eta konpromisoz, elkarlana gako da ko-sorkuntzan adostutako misioa betetzeko bidean: «2030erako Goierriko CO₂ isurketak %55 gutxitzea, tokiko gizarte eragileek lideratutako energia trantsizio justua burutuz eta bertako baliabideak lehenetsiz».
Misioa betetzeko estrategiarekin eta plangintzarekin jarraitzeko, ideien ko-sorkuntza proposamenetatik eta aholkularitzaz lagunduta, lau ekintza proposamen egin dira 2025. urterako:
- Eskualdeko energia diagnostikoa
- Eskualdeko komunitate energetikoen hausnarketa mahaia
- Enpresetara mugikortasun jasangarria
- Energia Bulegoa
Landa garapena
Goierri Barnetik egitasmoaren barruan garatzen ari den landa garapenaren inguruko lanketak ere aurrera jarraitzen du. Abendutik martxora bitartean, misioa eta lan ildoak definitu dira Goierriko hainbat eragile eta norbanakorekin batera, eta azken asteetan lan ildo bakoitzean garatuko diren ekintzekin lanketa egiten ari da. Apirilaren erdirako definituko dira, eta ordutik aurrera lan taldeetan hasiko da lanean, energiaren alorrean egin den bezala.
Zaintza
Zaintza urte amaiera aldera ekingo den erronka izango da.
Bulego teknikoa
Honekin lotuta, eta hitzarmenean adostutako funtzionamendu eredua oinarri hartuta, gobernantza sarearen nukleoa izango den Bulego Teknikoaren definitzen ari dira, eta erronka ezberdinetan gako izan daitezkeen eragileek ordezkaritza izango dute irekia bada ere. Horren lana izango da ekintza proposamenak eta aurrekontuak kontrastatu eta lantzea, gero erabakigune operatiboan aurkeztu, baloratu eta onartzeko.
Honez gain, erronka ezberdinetan sortzen diren proposamenak uztartzea eta eragile arteko sinergiak sortzea gobernantza ereduaren berezko ezaugarri izanik, ko-sorkuntza prozesuetan sortzen diren ideiak gurutzatzeko aukerak landuko ditu.
«Proiektu zehatzak martxan jartzeko unea da orain»
Martin Aramendi • Ataungo alkatea
Prozesua aurrera eramateko talde eragilean parte hartu du Martin Aramendik (Ataun, 1970), herri txikietako ordezkari moduan. «Jakin minez eta ikusminez» bizi izan du prozesua: «Era askotako jendea elkartu izan gara bileretan, lan, eremu eta ikuspegi askotakoa, eta polita da ikustea bakoitzak bizi duen horretatik zenbat ideia eta zenbat premia ateratzen diren». Aurrez jakitun izan arren, landa eremuko herrietan «gero eta gabezia handiagoak» dituztela ohartu da. «Norberak bere herriko errealitatea ezagutzen du eta bizi du gehien, baina arlo askotan nahitaezkoa dugu eskualdeko ikuspegi batetik aritzea. Bestela, ezinezkoa izango zaigu aurrean ditugun erronkei egoki erantzutea». Landa eremuak «epe laburrean eta ertainean dituen erronken argazki oso ona» egin dutela uste du, eta horiek kontuan hartuta «urratsak egiten jarraitu beharko» dutela. «Proiektu zehatzak martxan jartzeko unea da orain. Horrek guztiak abiadura eta gihar pixka bat hartuko badu, tira egingo dion eta jarraipena emango dion jendea beharko da, berariaz horretara dedikatuko dena, burua eta arima horretan izango dituena». ■
«Ezinbestekoa da ardatzetako bat genero ikuspegia izatea»
Arantzazu Baztarrika • Teknikaria
Talde eragilean izan da Arantzazu Baztarrika Izagirre (Gabiria, 1990) Legorreta, Segura eta Zaldibiako Berdintasun teknikaria. «Genero-ikuspegia herri txikietako biztanle eta langile izatearen perspektibatik» lantzea egokitu zaio. Prozesua «oso garrantzitsutzat» du: «Lanketa honek landa-eremuko bizitzak gainbeheran ez jarraitzeko lehenengo pausoak eman nahi ditu. Sareak sortu, landa-eremuari balioa eman, biztanleak ahaldundu eta gizarte kapitalista honetan etekin ekonomikoa lortzea baino gauza garrantzitsuagoak badaudela erakutsi nahi du. Landa-eremuko biztanle eta erakundeak izan beharko gara lehenik eraikitzeko deseraiki behar dugunak, errotutako konbikzioak eraldatzeko. Ezinbestekoa da ardatzetako bat genero-ikuspegia izatea eta lan egiteko moduan ikuspegi intersekzionala erabiltzea». Hori bermatzea zaila izango dela dio: «Prozesuan une batzuetan gailentzen ziren iritziak pribilegiotik eta pribilegio gehiago lortzeko izan dira, azkenean benetako beharrei heldu bazaie ere, hurrengo proiektuetan iritzi eta lan egiteko modu horiek nagusi ez izateko lan egin beharko dugu». ■
«Prozesua eraginkorra izan da, eta gauza positiboak izan ditu»
Mikel Elgarresta • Abltzaina
Goimen elkarteko lehendakariorde modura, Nekalde, Gune eta Bertatik Bertarako kide modura eta abeltzain modura parte hartu du prozesuan Mikel Elgarrestak (Urretxu, 1979). Behin ez beste saio guztietan parte hartu du. «Prozesua eraginkorra izan dela esango nuke, eta gauza positiboak izan dituela eta hala behar zituela izan, baina faltan bilatu dut lehen sektoreko ekoizleen presentzia».
Haren ustez, ekoizleak «aspertuta» ere badaude bilerekin, batez ere «emaitzarik ez» dela izaten ikusita. «Izango da ilusio faltarengatik eta sektoreak daukan egoerarengatik. Ea prozesu honek hobetzeko zerbait ematen duen egiatan. Hori da intentzioa. Urte askora begira aritu gara lanean, eta ea hor aipatu diren ideiak gauzatzen diren. Prozesua bukatu da, eta orain ekintzetara pasatzea tokatuko da».
Prozesuan atera diren ahulguneen artean atera da gero eta ekoizle gutxiago dagoela, eta dauden horiek gero eta sakabanatuago. Indarguneak, berriz, elkarteak badaudela eta elkarte horiek indartu behar direla. «Sektoreak erakargarria eta errentagarria izan behar du. Ea prozesu hau inflexio puntu bat den». ■
«Denon artean lankidetza marko bat eraikitzen hasi gara»
Nerea Elias • Biziolako kidea
Ekosistemaren talde zabalean parte hartzen aritu da Nerea Elias (Ataun, 1980) Biziolako partaide gisa. «Uste baino hobeto bizi izan dut. Parte hartzea nahiko zabala izan da, udal txikietako ordezkariak, enpresetakoak, arlo komunitarioan gabiltzan eragileak, baina faltan sumatu dugu ekoizle gehiago egotea, eta uste dut hor daukagula erronka». Zehaztutako misioaren zereginetako bat elikadura katean eragitea dela dio; «ekoizleek sinistu beharra daukate beste eragileok sinisten dugun bezala».
Eliasen ustez prozesua egitea bera «aurrerapausoa» izan da: «Orain arte lankidetzan aritu ez garen eragileak eta norbanakoak lankidetza marko bat eraikitzen hasi gara. Ikuspegi ezberdinak daude, baina bilatu ditugu topagune konkretuak, eta hori inportantea da» . Goierriko landa eremuak dituen erronkei banaka erantzutea oso zaila dela dio: «Denok elkarlanean hasten gara, edo bestela misio hori lortzea ezinezkoa da. Korapilo nagusiak zein diren elkarrekin identifikatzea, horiei erantzunak elkarrekin bilatzea eta zer urrats egin zehaztea aurrerapausoa izan dela uste dut» . ■