Toki izenak gure historiaren ezinbesteko lekukoak ditugu. Otzaurte gainetik, Zegama eta ondoren Kortaberri auzoa behean utzita, Segura aldera datorren gurbidea Gatz bide izenez gogoratzen dute oraindik ere inguruko lursail-jabe, baserritar nahiz adinekoenek. Izenak berak dioen bezala, gatza ekartzen zuten bidea. Biak ala biak bat eginik, gure aurreko belaunaldietan izan duten garrantzia gogoratzera datorkigun toponimoa.
Badirudi betidanikoak ditugula jakiak kontserbatzeko hozkailu nahiz izozkailuak. Historian horren atzera egin gabe, gure aurreko belaunaldiek euren gazte garaian ezagutzen ez zituztenak. Lehortzeaz, ketzeaz, txantxartzeaz, espeziatzeaz, elur zuloetan edo erle argizaritan gordetzeaz edo iparraldera orientatutako freskeraz (oraindik badira ikusgai gure herrian) gain, jakiak kontserbatzeko modu nagusienetakoa gazitzea zen (txerrikiak, txahalkiak, arrainkiak…). Hortxe gatzaren beharra eta garrantzia hozkailu eta izozkailuak iristen hasi arte.
Gatzak bezala, mendi, baserri eta herri bide asko ere desagertzear edo desagertuak ditugu erabilera faltaren ondorioz. Belaunaldi pare baten bueltan ibilgailuz betetako pistak, errepideak eta trenbideak bihurtu zaizkigu bitarteko nagusi. Mendi bide eder eta erraz honetako zenbait pasadizo ere entzun nizkion Gatz bide ondoko Pagamuino baserriko alaba batekin ezkondutako Antonkaleneko Bittor Agirre herritarrari.
Elurteetako batean idi-gurdia bete gatz ekarrita itzuleran zihoan itzaina, hotzak zeharo pasata ailegatu omen zen Otzaurteko baserriren batera. Inolako moduz erreakzionatzen ez eta bertako ximaur piloan lepahezurreraino sartzea bururatu bakarren bati. Orduantxe hasi omen zen bere onera etortzen. Antzeko kasu batean berotzeko modu hori aurkitzea ere zaila izango genuke gaur.
Ximaurretan egondakoaren arropekin zer gertatu zen ez zekien Bittorrek, baina seguru ez zituela bota. Gaur balitz, bai. Ez da asko pentsatu beharrekoa non, nola eta zeinek garbituko zituen. Honek ere beste baterako eman lezake. ■