Antton Fernandezn lasa • Bertso zalea
Apirilean ondo sartuak bagara ere, martxoko Urretxuko eta Zumarragako bertso hilabeteko ekitaldietako baten oihartzuna aldendu ezinda nabil gerra hotsa sekula baino gertuago dugun honetan. Lau oñatiarrek osatutako Negu Hurbilak kolektiboa izan genuen Zumarragan, Aitor Tatiegi bertsolaria kantari, eta hiru lagun musikan. Gerraz izeneko emankizuna eskaini ziguten, joandako belaunaldietako bertsolari batzuek XX. mendeko gerrez jarritako hainbat ale Auspoa saileko liburuetatik aukeratu, eta Antonio Zabalak egin zuen bilketa lan mardularen zati interesgarria esanahiz josita berpiztuz.
Ukrainako eta Errusiako gerrara geroz eta jende zaharragoa deitzen ari diren uneotarako hitz egokiak idatzi zituen, besteak beste, aurreko mende hasierako Rifeko gerra zela eta Pablo Iantzik: “gazteri aundiyak duazi”, “obediente ta umilla / bizi jokatzen dabilla”, “Asiya naiz adbertitzen / gaxuak nola dabiltzen / atakian elkar iltzen”, “gose-egarriyak aulduak / asko betiko galduak”… Beste hau irakur diezaiokegu Joxe Mari Lopetegi Irungo bertsolari errepublikanoari 1936ko gerra garaian jarritako Ekaitza sortan: “aberatsaren meriyoz dator emengo naste osua / oinpean beti iruki nayak langille edo beartsua”.
Kulpa gabeko makina batek ordaindu eta ordaintzen dituzte gerren ondorio latzenak hamarkadak joan eta etorri. Goierriko gainerako herrietan emanaldia antolatzea ideia ederra izan daiteke, gerrei buruz ezkutatzen dizkiguten alde gordinenak memoriara ekartzeko, edota Gazako genozidioa salatzeko plazetako protesta elkarretaratzeak bukatzeko. Aspaldiko sortak fotokopiatu, bertaraturikoen artean banatu, eta elkarrekin kanta genitzake, egungo atakari modu kolektiboan eta ahots bakarrez erantzuteko. ■