Esteban Pinillak (Legazpi, 1969) sukaldaritza ikasi zuen, eta ondoren hamaika tokitan lan egin zuen: Mexikoko hotel batean, Espainiaren Norvegiako enbaxadan, Tenerifen, Madrilen, Donostiako Arzak jatetxean… Sukaldaritza irakaslea ere izan zen, Iruñean. Egun, Legazpiko eta Ezkioko abesbatzetako kidea da. Duela gutxi Easo abesbatzarekin abestu du Donostiako Kursaalen eta Bilboko Euskaldunan. Gainera, akordeoia jotzen du.
Pelikula edo telesail bat.
Cadena perpetua. Ez nau nekatzen. Telebistan ematen duten bakoitzean amaierara arte ikusten dut.
Musika talde edo abeslari bat.
Garai batean, El Ultimo de la Fila taldea. Gaur egun, abesbatzak entzuten ditut batez ere.
Abesti bat.
Asko dira gustatzen zaizkidan abestiak. Abesbatzarekin abesten ari garen abestien artean, Ave verum. Bestalde, Be still my soul abestia asko gustatzen zait.
Liburu bat.
Irakurtzeko orduan alfer samarra naiz. Los pilares de la tierra oso gustura irakurri nuen, baina kosta egiten zait liburu bat hartzea.
Oporretarako leku bat.
Haur ginenetik Malagako Torre del Mar herrira (Andaluzia, Espainia) joaten gara. Oroitzapenak ekartzen dizkit. Gurasoen herrira ere, Torora (Zamora, Espainia), askotan joan gara. Oso gustura egoten naiz bertan.
Kolore bat.
Berdea, itxaropenaren kolorea. Ez da sekula itxaropena galdu behar.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Lehenengo semearen jaiotze eguna. Eztei eguna ere zoragarria izan zen. Primeran pasa nuen. Argazkietan ahoa okertuta azaltzen naiz, eta egun hartan zoriontasun aurpegiarekin atera nintzen.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Euskaldunako kontzertura hiru semeekin joan nintzen. Semeak han egotea oso berezia izan zen niretzat.
Amets bat.
Oilategi bat edukitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Jaikitzen naizenean txakurra hartu eta amarengana eramaten dut. Ondoren, kafea hartzen dut eta egunkaria irakurtzen dut Laubide tabernan.
Goierriko txoko bat.
Lakiola.
Legazpin biziko ez bazina…
Lazkaon. Maizpiden izan nintzen eta herri bikaina iruditzen zait. ■