Gure inguruko leku-izen askok esanahi garbikoak dirudite lehen begiradan, gardenak. Jendeak ez du zalantzarik egiten haien esanahiaz. Adibide modura, Arranoaitz Legazpin, Pagazuloeta Partzonerian, Izoztegieta Zegaman, Ollamendi Zumarragan, Aizeleku Gabirin… Herritarrek, horietan, osagai hauek ikusten dituzte arazorik gabe: arranoa, pagozuloa, izotza, oiloa, haizea… Kontua da leku-izen horien jatorrizko formak bestelakoak zirela garai batean eta moldatu egin zirela gero, momentu batean ulergaitzak bihurtu zirelako. Aldea ikus dezazuen, hona hemen haien bertsio zaharrak: Arrandayza (1638), Peazuloeta (1895), Yçarteguieta (1574), Unamendi (1450), Aiçaracue (1483)…
Ale honetan aztertuko dugun toponimoa, Maribaratz –Beasain eta Ordizia udalerrien artean dagoen erreka erreferitzen duena–, horietakoa da, herri-etimologiak moldatutako izena eta, hain zuzen horregatik, ulerterraza. Suposatzen dut herritarrak forma berriarekin askoz gusturago geratuko zirela, eta lasaiago, esanahi bat bazuelako, jatorrizkotik oso urrun bazegoen ere.
Ia seguru nago hidronimo baten aurrean gaudela, errekari berari erreferentzia egiten dion izen baten aurrean, alegia. Eta horretarako izenaren bigarren osagaia da gakoa, orain ‘(b)aratz’ modura ezagutzen dena, baina jatorrian ‘aras’, aldaera dokumentatuetan behin eta berriz ikusten dugun bezala: Mariaras (1577, 1664…). Nire iritzian ‘aras’ horrek gaur egungo ‘erreka’-ren esanahi berbera zeukan. Ez da kasu bakarra; Gipuzkoako beste hainbat lekutan ere ikusten baita: Mendiaras, Antzuelaras, Errekaras, Arraras, Sañoaras… Guztiek ur-ibilguak erreferitzen dituzte. Aitortu behar dut, hala ere, baieztapen hau nirea bakarrik dela, ez baitut inon horrelakorik irakurri. Urbia eta Altzaniako mortuetako toponimia lanean kaleratu nuen lehen aldiz hipotesi hau.
Ematen du hizkera arruntean ‘aras’ terminoa erabiltzeari aspaldi utzi zitzaiola, eta, horregatik, XVI. mendetik aurrera aldaera dokumentaletan ‘erreca’ hitzari lotuta ikusten dugu askotan: Mendiaraserrequea (1532), Mariaras erreca (1664), Anzuelas erreca (1780)…
Mallo luzetik datorren erreka
Erreka-izen gehienek ibilguaren hasieran dagoen leku baten izena izaten dute oinarrian, eta hemen ere horrelako zerbait ote dagoen iruditzen zait. Hala, errekan gora joanda, Mallutz izeneko mendia daukagu, Beasaingo lurretan, Usurbetik Murumendirako lerroan. Kono formakoa, oso malkartsua, garai batean larrelekua izandakoa. Ez daukagu askoz datu gehiago, Beasainen zoritxarrez ez baita toponimia-lan sakonik egin.
Mendi horren magalean jaiotzen da Mariaras erreka, eta pentsa liteke baduela Mallutz izenarekin loturarik. Hori dela eta, ez ote dago ‘mallo’ hitza bi leku-izen horien atzean, edo ‘mallo luze’? Eremu horretan dagoen Gantzarain auzoko bizilagunek ‘aldapa handia’ adierazteko erabiltzen dute ‘mallo’ gaur egun, eta hor oso handiak daude. Baina, bestetik, Mallutz mendiaren hegal batean harkaitz luzanga bat ere badago. Biak izan litezke mailoak, hiztegiaren arabera. Zaila da jatorria non dagoen zehaztea.
Gero, jakina, hitz-elkarketa horren bilakaera azaldu beharko litzateke. ■