Aldaketa batzuk sartu dituzte aurten bertsolari gazteentzat Goierrin antolatzen diren bertso sariketetan. Osinaldeko arduradun papera utzi du Jokin Murua Lopezek (Gabiria, 1985), esate baterako. Behin eta berriz garbi utzi du antolakuntzarena talde lana dela, taldea dela garrantzitsua eta subjektu-unitatea. Osinaldeko ‘aurpegi’ izateko lana Ane Etxezarretak hartu du, baina taldean lanean jarraituko du Jokin Muruak.
Aldaketa urtea da bertsolari gazteen sariketen antolakuntzan.
Ez dauka sakontasun berezirik. Azkenean, gurea talde lana da. Talde bat elkartzen gara, eta nik eduki dut paper bat orain arte. Lehenengo aldiz gaiak jarri nituenetik hogei eta gehiago urte pasatu dira. Ikusi nuen Ane Etxezarreta gogoarekin zegoela, gaiak jartzen zebilen, eta uste dut inportantea dela gazteei pasoa ematea, bestela azkenean hor ito daitekeelako.
Arduradun Ane Etxezarreta da jada.
Nik neuzkan ardura batzuk berari pasatzeko aukera ikusi nuen, gogoarekin eta indarrarekin dagoelako. Gainera, gazte sariketa bat izanda, inportantea da lanean ari direnak gazteak izatea. Nik taldean segituko dut, orain dela 50 urte baino gehiago hasi zirenek jarraitzen duten bezala. Hau talde lana da..
Argi Berri eta Aztiri sariketetan ere erreleboa izan da.
Beste sariketetan ere, antzeko. Nik uste naturalki irten direla. Arduradun ziren batzuek elkartea utzi dute. Ordiziako Argi-Berrin, adibidez, Aitor Aguado hasi da, Aitor Calvilloren ordez. Aztirian ere Eresti Oiarbide jarri da Jokin Matxinandiarenaren lekuan; baina Jokinek hor segituko du, eta Eresti orain arte ere hor zegoen. Orain, bertsolarientzako lotura Eresti izango da, eta beste ardura batzuk hartu ditu. Zaldibiako Osinberde da laugarrena.
Gurpilak biraka segitzen duen seinale dira, beraz?
Aldaketa naturalak dira. Honek talde lana izaten segitzen du. Antolatzeko garaian 13-14 lagun elkartzen gara, lau elkarteetakoak, gazteak eta zaharragoak. Talde-lan bezala hartzen da, eta ez dago arduradun orokor bat.
Zu noiz hasi zinen arduradun gisa?
Lehenengo aldiz gaiak jarri nituenean 17 urte neuzkan. Iker Zubeldiak irabazi zuen urtea zen [2001]. Urte batzuk joan dira; aurten parte hartuko duten batzuk jaio gabe zeuden artean. Beraz, tokatzen zen lan batzuk gazteagoren batek hartzea.
Zein funtzio aldatu dituzue eskuz?
Koordinatzaile lana: bileretarako deialdiak bidali, aktak hartu, bilerak gidatu… Bertsolariei lehenengo deia orain arte nik egiten nien, eta aurten jada Anek egin die. Bertsolariak gonbidatu, esplikatu, eta kontaktua mantendu. Gutxi gehiago. Baita komunikabideekin hitz egin eta kartela prestatu ere. Egia da Osinalden bertan komunikazioari pisurik ez diogula ematen, jendea erraz iristen delako.
Saioaren antolaketaz, ordea, elkarte bakoitza arduratzen da?
Gaiak taldean jartzen dugu, baina elkarte bakoitza arduratzen da bere sariketako gaiez. Gabirian, adibidez, sei edo zapi lagun biltzen gara; bakoitza bere gaiekin etortzen da, eta denon artean osatzen ditugu. Lan gehienak taldean egiten dira. Gero, elkarteko juntak ere lan handia egiten du, egunean bertan.
Ane Etxezarreta, olaberritarra, zuenera biltzen al da?
Bai Mikel anaia eta bai Ane, biek Gabiriarekin lotura daukate. Kuadrilla bat hemen badaukate, eta bertso munduarekin lotura ere bai: Mikel anaia bertsotan gurekin hasi zen soziedadean, eta lotura horretatik dator.
Antolaketa nola duzue egituratuta?
Urtarrilaren hasieran lehenengo bilera egiten dugu, prestatzeko. Lau elkarteak elkartzen gara, eta hor hitz egiten da aldaketaren bat behar bada, egoera nola dagoen. Bertsolariak aukeratzen dira eta taula osatzen da. Bilera nagusia hori izaten da. Gero jada elkarte bakoitza arduratzen da bere tiketak, afariak eta sariak antolatzeaz, independenteki. Bukaeran beste balorazio-bilera bat egiten dugu, bakoitzaren ikuspegia emateko, nola joan den ikusteko eta ezer aldatu behar den aztertzeko.
Gaur egun, zer kostatzen da gehien?
Nik esango nuke, gure erronka handiena, azkenaldian, kanporaketak direla. Finalarekin oraindik ondo gabiltza, baina hiru kanporaketetara jendea erakartzea agian garai batean errazagoa zen. Bertsolari parte-hartzaileek ere jendea ekartzen zuten, eta gaur egun askotan sei bertsolarietatik inork ez du lagunik ekartzen saioetara. Herri batzuetan ere agian ez dute sentitzen bere sariketa bat bezala. Betetzea kostatzen da.
Adibidez, Ordiziako Argi-Berrin saiakera egin dute. Aldaketa egin, eta bazkaria jarri dute afariaren partez. Entzuleak erakartzea da oraintxe bertan daukagun erronkarik handiena. Oraingoz, finalak erantzun ona dauka, eta jende asko etortzen da. Oraindik. Hemendik urte batzuetara, auskalo. Baina kanporaketetan hori da erronka.
Zer ikasi duzu urteotan, pertsonalki, zeregin horietan?
Jende aurrean hitz egiten, gai jartzaile lanean. Adinak ere emango zidan lasaitasuna, baina hasieran oso-oso urduri egotetik, lasai eta eroso egiten nuen lan bat izatera pasatu zen. Gestio lanetan ere ikasi dut: bertsolari gazteekin tratua, gure taldeko helduagoekin harremana… Horiek aipatuko nituzke.
Aurrerantzean ere ez zara aparte ibiliko, ala?
Ez. Nik taldeko partaide izaten segituko dut. Betirako, edo auskalo noiz arte behintzat. Aurkezle lanak Anek egingo ditu, eta ardura nagusia ere Anek hartu du. Beste denok, talde lanean jardungo gara aurrerantzean ere.
Zer moduzko harrobia daukazue gaur egun herrian?
Bertsolari helduen taldeak astero elkartzen jarraitzen du, eta oraindik osasuntsu ikusten dut. Beti ez da bertsotan egiten, baina Gipuzkoako Txapelketaren aitzakian berriz ere martxa dezentea hartuta ibili dira. Umeen bertso eskola ere badago Gabirian. Bestetik, Osinaldeko antolakuntzan ere talde handia gaude, hasieratik hasi ziren horietatik hasitako jende heldua, gugandik segi eta gazteagoetara jarraituta. Ez dakit gaur egungo gazteen artean bertso zaletasuna guk geneukan adinakoa den edo baxuxeagoa. Baina naturala ere bada, eta faseak izaten dira. Oraingoz, osasuntsu ikusten dut bertso mundua Gabirian.
Aurtengo saioen taularekin, gustura?
Bai, urteroko martxan. Maila bat ziurtatuta dago dagoeneko, gaur egun. Garai batean arazoak izaten ziren 18 bertsolari aurkitzeko, baina orain erraza da. Gehienez hiru urtean parte hartzen uzten diegu, bertsolari asko dagoelako. Gazteen artean maila oso handia dago; gero, saioak hobeak edo okerragoak irten daitezke, baina hor ez daukagu kezkarik, egia esan. Saio onak irteten dira normalean, gainera. Ez dakit giroarengatik –gure meritua pixka bat izango da– edo bertsolariena den gehiago.
Beste aldaketa beharrik ikusten al duzue etorkizun gertuan?
Bueltak ematen dizkiogu gazteengana nola gerturatu. Kezka puntu bat badago hor. Kanporaketak erraz betetzetik, orain justuxeago ibiltzera igaro gara. Pandemia garaian aretoetan egin ziren saioak, adibidez. Ideia asko jartzen dira mahai gainean. Finalak oso ondo funtzionatzen du, polita da eta mantendu nahi dugu; horrelako erantzuna daukan bitartean, gure helburua horrela segitzea da. Ideiak badaude, baina oraingoz aldaketa bortitzik ez. Bestetik, gazteagoak sartu direnez, sare sozialetan mugimendu gehiago dago. Jendearengana iristeko saiakera alde horretatik egin da, eta Instagramen eta X sarean ireki dituzte kontuak. ■