Megalitoak antzinako gizarteen arkitektura, erritu eta ezagutza astronomikoaren lekuko dira. Teknologia berriek haien esanahia eta gizarte-antolaketan zuten garrantzia argitzen lagundu dute.
Megalitoak gizakiaren lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira. Mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte, zehazki euskal mendietan, non emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten. Lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez. Aire zabaleko egonlekuak, laborantzarako eremuak, abeltzaintza guneak, basoak, eta nagusiki, inguru naturalean ezarri zituzten monumentu megalitikoak.
Ataungo Barandiaran museoan ‘Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak’ erakusketa ikusgai egon zen otsailean, eta ikerketa-ikuspegi berriak aurkeztu zituzten. Besteak beste, V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratu zen. Garai hartan eraiki zituzten megalitoak, eta horien nolakotasuna zein garrantzia mahai-gaineratu ziren.
Aldi berean, erakusketan trikuharrien, menhirren, harrespilen eta tumuluen forma arkitektonikoak erakutsi zituzten, horien neurriak azaltzen ziren eta eraiki izanaren funtzioak azaltzen ziren; lurperatzeko eta errituak egiteko lekuak ziren, eta espazioaren okupazioaren erreferenteak izan dira urte askotan zehar.
Bisitariek, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan dauden mota horietako 1.000 monumentu baino gehiago ezagutzeaz gain, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan gertatu ziren paisaiaren eraldaketak ezagutu ahal izan dituzte, baita XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana ere, horiek izandako garrantzian sakondu baitzen.
Garrantzia berezia
Megalitoek gizateriaren historian duten garrantzia «handia» dela ziurtatu dute erakusketaren antolatzaileek, «arkitektura primitiboaren adibide nagusiak» baitira, eta baita «gizartearen antolakuntza konplexuaren isla» ere. Eraikuntza hauek, hala, komunitate handien koordinazioa eskatuz, antzinako gizarteen «egitura soziala» erakusten dute. Baina ez hori bakarrik: megalitoak erlijioso eta sinbolikoak izan ziren, askotan hilobi-monumentu gisa erabiltzen baitzituzten, eta espirituaren eta hil osteko errituei buruzko sinesmenak islatzen zituztela azaldu dute.
Megalitoek, halaber, astronomiarekin lotura ere bazeukaten. Eguzkiaren eta ilargiaren mugimenduekin erlazionatutako orientazioak izan ohi zituzten; «hori antzinako gizarteen jakintza astronomikoaren erakusle da», argitu du laginak. Mundu osoko hainbat lekutan aurkitu dira, eta horrek antzinako gizarteek pentsamendu eta arkitektura-joera komunak zituztela adierazten du. Gaur egun, beraz, megalitoak historiaurreko gizarteen bizimodua eta kosmobisioa ulertzeko iturri garrantzitsuak dira.
Onartuena den teoria
Megalitoen harriek isiltasunean gordetzen dute iraganeko gizarteen misterio sakona. Teoria onartuena da «harrizko egitura erraldoiak» direla, eta batez ere «eremu erlijioso edo astronomikoekin» lotuta daudela. Hi0potesi nagusia da Neolitoko eta Brontze Aroko gizarteek eraiki zituztela hilobitarako monumentu, erritu eremu edo behatoki astronomiko gisa. Dolmenek eta trikuharriek, hilobi kolektibo gisa, gizon-emakume garrantzitsuen gorpuak babesten zituzten, eta haiekin batera apaingarriak eta objektu pertsonalak gordetzen zituzten, hil osteko bizitzaren sinismenaren lekuko.
Hala ere, badira zenbait uste beste teoria bat iradokitzen dutenak. Batzuen ustez, lurra eta izarrak lotzen zituzten erritual guneak izan ziren, non gizataldeek «naturaren zikloei gorazarre» egiten zieten. Beste batzuentzat, berriz, lurraldearen mugak markatzeko «eraikuntza sinbolikoak» ziren, komunitateen arteko akordio isilak sendotzea lortuta. Teoria bat zein bestea izan, garbi dagoena zera da: denboraren joanean, megalitoek «antzinako munduaren arkitektura, kosmobisioa eta gizarte antolaketa ulertzeko gakoak» eskaini dituztela.
Guztietan zaharrena
Göbekli Tepe, Turkiako hego-ekialdean altxatzen den harrizko aztarna, «giza historiaren mugak berriz definitzen» dituen monumentua da. K.a. 9600. urte inguruan eraikia da. Munduko megalitorik zaharrena dela esan nahi du horrek. Harri erraldoi horiek, 10 eta 20 tona bitartekoak, ehiztari-biltzaileek zizelkatu eta kokatu zituztela uste da, «garai hartan nekazaritza eta abeltzaintza oraindik garatu gabe baitzeuden». Zutabe erraldoiek, animalien eta sinbolo misteriotsuen grabatuak ezkutatzen zituzten, eta erritu-leku bat izan zela iradokitzen dute. Inguruan ez da aurkitu etxebizitza edo nekazaritzaren aztarnarik, baina bai sakrifizioak eta errituak egin izanaren arrastoak.
Horrek esan nahi du erlijioa eta errituak gizartearen antolaketan «funtsezkoak» zirela, baita «lan kolektibo konplexuak burutzeko gai» zirela ere. Göbekli Tepek erakusten du zibilizazioaren sorrera ez zela nahitaez nekazaritzaren eskutik etorri. Gizakiak, ordurako, uste baino askoz antolatuago eta teknologikoki garatuago zeuden.
Teknologiaren aurrerapenak
Azken urteotan arkeologiak teknologia berrien laguntzarekin egin duen aurrerapenak megalitoen funtzioa eta esanahia hobeto ulertzeko bidea ireki du. Orain arte monumentu horiek zeremonialak, astronomikoak edo komunitate-antolaketarekin lotuak zirela susmatzen zen, baina tresna berriek hipotesi horiek baieztatzen eta zabaltzen lagundu dute.
Karbono-14 datazio aurreratuari esker, harri erraldoiak noiz eraiki ziren «zehaztasun handiagoz» jakin daiteke; LIDAR teknologiak basoek edo sedimentuek estalitako egiturak argitara atera ditu, «erakutsiz megalitoak ez zirela isolatutako kasuak, baizik eta praktika hedatu baten adierazle». Eguzkiaren, ilargiaren eta izarren mugimenduarekin harri horiek «lerrokaturik» daudela frogatu da analisi astronomiko berriei esker.
Aldi berean, DNAren eta isotopoen analisiek argitu dute gune horietan bildutako komunitateak «uste baino konplexuagoak» zirela. Indusketetan aurkitutako hezurren azterketek iradokitzen dute megalitoak elite jakin batzuen kultu- eta hilobi-leku izan zitezkeel. Isotopoen bidez egiaztatu da jendea «urrunetik bidaiatu eta gune horietan elkartzen» zela. ■