Profil ezberdineko goierritarrei zuzendutako bi enplegu proiektu jarri ditu martxan Goiekik Garapen elkartearen koordinaziopean: Hazilan+ eta EnpleGU. Pertsonen enplegagarritasuna hobetzea dute jomuga.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 34 garapen-agentzia biltzen dituen Garapen elkarteak koordinatutako bi enplegu programa jarri ditu martxan Goierrin Goiekik: Hazilan+ eta EnpleGU. Eusko Jaurlaritzaren EGF+ 2021-2027 programaren barrukoak dira, eta eskualdeetako garapenean lan egiten duten 17 agentziak parte hartuko dute, 2.500 pertsona baino gehiagoren enplegagarritasuna hobetu nahian. Bi proiektu horiek zazpi milioi pasako aurrekontua dute, eta Europako Gizarte Funtsak %40an finantzatzen ditu. Sarean kudeatutako egitasmo bat da.
Goierri langabezia tasa txikia duen eskualdea bada ere, lana aurkitzeko «zailtasun bereziak» dituzten kolektiboak badaudela dio Iker Galparsoro Goiekiko zuzendari orokorrak. «Goiekirentzat oso garrantzitsua da kolektibo hauentzat ere ibilbide pertsonalizatuak eskaintzeko aukera izatea».
Langabezian dauden baina profil ezberdinak dituzten pertsonentzako proiektuak dira. Hazilan+ goi mailako ikasketak dituzten goierritarrei zuzenduta dago, eta EnpleGU prestakuntza txikia eta egoera zaurgarria dutenentzat –xehetasunak 13. orriko taulan–. Lehen proiektuaren aurkezpena maiatzean egingo dute Goiekin, eta bigarrenaren Prestatu ibilbidearena joan den ostiralean egin zuten.
Profesional faltaren erronka
Asko izan ez arren, Goierrin ere badaude prestakuntza akademikoa duten baina lan merkatutik kanpo dauden pertsonak eta lana topatzeko zailtasuna dutenak. Hazilan+ da horientzako programa. «Formakuntza eta enpresetan sei hilabeterako praktikak eskaini nahi dizkiegu. Sektore guztietan sumatzen dugu profesional falta, eta pertsona kualifikatuak aurkitzeko arazoak dituzte enpresek. Saiakera egin beharra daukagu».
Izan ere, enpresek gaur egun dituzten erronkei aurre egiteko helburua ere badu programak. Eskulan zuzena, biltegi kudeatzaileak, diseinuan jardungo duten profesionalak, digitalizazio prozesua bideratuko duten pertsonak, komertzialak… dira, besteak beste, proiektua honen bueltan antzeman diren profilak.
Oinarrizko konpetentziak lortzeko
Goierriko biztanleria goraka doa, eta hamabost urtetik hona bi mila pertsona gehiago bizi dira eskualdean, horietako asko atzerriko jatorria dutenak. Immigrazio tasa %15ekoa da, eta langabetuen %35 kualifikatu gabeko pertsonek osatzen dute. EnpleGU da kolektibo horri zuzendutako laneratze programa. «Lan mundura gerturatzeko eta prozesu horretan lagungarri egingo zaizkien agente eta zerbitzuak aurkezteaz gain, bisitak, zeharkako konpetentziak eta ibilbidean zehar bakoitzari lan munduratzean ongi egokituko zaizkion erremintak irakatsiko zaizkie».
Informazio gehiago Goiekiren bulegoetan eta webgunean lor daiteke, baita telefonoz ere: 943 160040 (Hazilan+) eta 943 161831 (EnpleGU). ■
Pertsonen enplegagarritasuna hobetzea helburu duten bi proiektu
Hazilan+
- Nori zuzendua. Langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua (unibertsitateko titulazioa edo Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloa), adina kontuan hartu gabe.
- Helburuak. Pertsona horien enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzea da helburu nagusia, bakoitzaren premien eta ezaugarrien araberako laguntza pertsonalizatuen bidez. Horretarako bi ibilbide zehaztu dira.
- Bi ibilbide
- Osatu. Talde saioak izango dira, lan merkatuan eskatzen diren trebetasunak lortzeko. Hiru fase bereizten dira ibilbide honetan.
- Aktibatu: Gaitasun pertsonalak eta profesionalak landuko dira.
- Industriara bideratuz: Goierriko Berrikuntza Guneko eta eskualdeko sektore industrialeko ezagutza eta enpresetara bisitak. Fase honekin ikasleak ekosistema hobeto ezagutuko du.
- Praktikak: Praktikak enpresan benetako esperientzia eskuratzeko helburuarekin egingo dira eta 2-9 hilabete arteko iraupena izango dute. Parte-hartzaileek praktikak beka bidez egingo dituzte, gutxienez 480 euroko hileko ordainsaria jasoz.
- Lorpen. Lan-merkatuan zuzenean sartzeko banakako ibilbidea. Lanpostua berehala lortzeko gaitasun nahikoa erakusteko gai diren pertsonei zuzenduta dago.
- Osatu. Talde saioak izango dira, lan merkatuan eskatzen diren trebetasunak lortzeko. Hiru fase bereizten dira ibilbide honetan.
EnpleGU
- Nori zuzendua. Prestakuntza maila txikia duten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei zuzendua.
- Helburuak. Pertsona horiek esparru publikoan eta lan-merkatuan sar daitezen sustatzea du helburu, prestakuntza-esperientzia motibatzailea, inspiratzailea eta orientatzailea eskainiz. Laguntza pertsonalizatua eta integrala da, eta pertsona horien gizarteratzea eta partaidetza sustatzea ere bilatzen ditu. Proiektu honen elementu bereizleak ibilbideak identifikatzea eta indibidualizatzea dira, pertsona bakoitzaren enplegagarritasun-mailaren arabera proiektuaren onura eta emaitza hoberenak lortzeko. Horretarako, bi ibilbide aurreikusten dira.
- Bi ibilbide
- Hurbilketa. Laneratzeko eta gizarteratzeko lehen pausoak ematen hastea da helburu. Oinarrizko konpetentzien (gaztelera eta matematika) eta enplegu baterako lehen trebakuntzak eskainiko dira, Goierriren kasuan lorezaintzara bideratzeko.
- Prestatu. Lan merkatuan autoenplegu bidez txertatzeko balorazioa jasotzen den pertsonari, bere negozio ideiaren bideragarritasun plana lantzen lagunduko zaio negozio kudeaketa eta ekintzaileen zeharkako konpetentzien inguruan gaitzen doan neurrian. Talde orientazio orduak ere egongo dira.