Non daude mugarriak Ataun, Idiazabal eta Lazkao arteko Esparru mendian? 1929ko uztailaren 30ean Irumugetaco-gaña-n (Esparru ere deitua) bildu ziren Ataun, Idiazabal eta Lazkaoko ordezkariak: Juan Irizar Erausquin alkate-ordea eta Jose Dorronsoro Peña bigarren erregidorea (Lazkao), Angel Unsain alkatea, Juan Blas Lasa zinegotzia, Jose Aldanondo zinegotzia, Joaquin Garces zinegotzia eta Jose Gaztañaga idazkaria (Idiazabal) eta Juan Felipe Auzmendi mendizaina (Ataun) eta Luis Lozano Calvo topografoa.
Bertako hare-harrizko mugarriak gainean gurutzea eta aldamenetan A, I eta L hizkiak omen zituen, bakoitzari zegokion herriaren aldean. Lur gainetik hartutako neurriak 30 cm luze, 10 cm zabal eta 30 cm-ko goitasuna. Pago eta pinuak inguruan. Idiazabal eta Atauni zegozkienak herri-lurrak ziren eta Lazkao aldekoak Geronimo Ayerberenak. Bertatik, orduan, ez omen zen ikusten Arantzazumendiko mugarria.
Behaketa eta egiaztapena akta eta guzti egin ondoren, aurrera jarraitu zuten, Ataun-Idiazabal arteko mugarri gehiagoren bila, hara nola: Patatasoroco-gaña, Muñovitate, Acharticogaña, Dorronsorogaña, Hacho, Hacho, Ayesu, eta Izozcogaña, guztira bederatzi mugarri, Irumugetakoa barne; Izozko gainean Partzoneriak ere muga egiten duenez, ordezkariak Jose Leceta lehendakaria eta Andres Ayerbe izan ziren.
Mugarri bakoitzetik ze ikuspegi zegoen ere azaltzen da aktan. Izozko gainetik hara zer ikusten zen: Madril-Irun trenbidea, ondoan mikelete-etxea zuela eta Segurako baserri batzuk.
Berriro, 1954ko apirilaren 10ean Idiazabalgo udaletxean bildu ziren 1929ko aktan azaltzen den Araba eta Gipuzkoako Partzoneriaren ordez, Partzoneria Menor o de Guipuzcoa jartzeko:
Idiazabaldik: Pantaleon Zabala alkatea, Jose Imaz, Jose Echaide, Luciano Aseguiñolaza, Cecilio Albisu, Manuel Catarain zinegotziak, Jose Mugica peritoa eta Pedro Jose Iparraguirre idazkaria.
Ataundik: Jose Maria Vicuña Munduate alkatea eta Eustaquio de Irusta Zabala idazkaria.
Parzoneria de Álava y Guipuzcoa-kotik: Miguel Imaz Agirre, Pantaleon Zabala Urreta, Agustin Ormazabal Alustiza; hain zuzen, Segura, Idiazabal eta Zegamako alkateak.
Brujula Isidoro Sanchezek zeukan eta Luis Lozano Calvo zen behatzailea; 2. mailako topografoaren izenpeak agertzen dira aktan.
Harrezkeroko berririk ez daukagu; honezkero, zenbait mugarri berritu ere egingo zen, baina lekuek eta leku-izenek hor jarraitzen dute, nahiz eta akta zaharrean trakets samar idatziak dauden. ■