Legazpiko festak hasteko pregoia Bertso Olariak taldeak egingo du. Olaria Saria ‘Txillidaren langileei’ emango diete. Gari Ugarte, lanerako.
Bertso Olariak bertso eskolak 25 urte bete ditu, eta Santikutz jaien pregoia egiteko hautatu dute aurten. Helduen talde batekin hasi zen, eta lehendik ikastolan bertsolaritza irakasten zieten haurrak bertan txertatu zituzten. Harrezkero, ia urtero antolatu izan dute umeen bertso eskola. Helduek ere jarraitzen dute. Nola, gainera. Martxoan Bertsoa lehiaketan azken urteetan finalean ohikoak dira 20-25 urte bitarteko bertsolari legazpiarrak, eta bi aldiz irabazi dute. Festetako txupinazoa, 25.eko ospakizunena ere izango da. Egitarau berezia prestatu dute. Maiatzaren 24an, bertso eskolan ibili diren edo lagundu duten guztiek bazkaria egingo dute.
Burdin artearen langileei aitortza
‘Txillidaren langile’ deitura eman dieten Patrizioreneko burdingile ohiek jasoko dute Olaria saria, herriko errekonozimendu handiena. Eduardo Txillida eskultorearen ideiaren gauzatzaileak izan ziren, altzairuzko pieza erraldoiak bihurritzen, eraldatzen, forma ematen eta arte bihurtzen artistak.
Gari Ugarte, Santikutz Proban
Herriko jaietan bai, baina lanerako hartuko du maiatzaren lehena Gari Ugarte txirrindulariak (Euskadi Fundazioa). 91. Santikutz Klasikoan parte hartuko du, Espainiako Koparako baliagarria. Euskaltelen harrobiko promesa baliotsua da Ugarte. Ekainaren 2an 20 urte beteko ditu. Santikutz probak 152 kilometro eta 11 mendate izango ditu.■