Herri kirolen zalea, aizkolaritzan trebatzen umetan hasi zen Unai Etxeberria Prieto ‘Osinalde’ (Ezkio, 2006). Lehen aizkorakadez, herri kirolen egoeraz, gazteek dituzten aukerez, eta bere desioez mintzatu da luze eta zabal. Pixkana-pixkana bidea egiten ari da umetatik duen ilusio handienetako bat betetzeko helburuarekin. Profesionaletara iritsi eta txapelaren bat irabaztea du amets. Badaki ez dela bide erraza, baina horra iristeko pausoak ematen ari da egunez egun. Horrela kontatu ditu orain arte bete dituenak.
Nola deskribatuko zenuke zure burua hitz gutxitan?
Laguntzeko prest dagoena beti, bihotz onekoa, aizkoraren eta kotxeen zaletua, baserri mundua ere oso gustuko duena, baserriko animalien oso zalea…
Gaztea izanik, ikasteko garaian zaude. Zer ari zara ikasten?
Ikastea, ikastea… ez da ba gustukoen dudana. Paper eta liburu artean baino nahiago dut beste lan batzuk egin. Baina, momentuz, egin beharreko zerbait da, eta egin egin behar. Beraz, UGLEn ari naiz mantenimentuko ikasketak egiten. Artean, lanean ere izan nintzen enpresa batean. Baserriko lanak ere egiten ditut. Eta afizio bezala aizkora daukat.
Nola antolatzen zara entrenamenduak, ikasketak eta lanak uztartzeko?
Batzuetan karga asko hartzen dut, eta ez da guztiz erraza denera iristea. Errieta dezente entzunda ere bai, sarri. Goizetan eskolara joaten naiz, eta arratsaldeetan aizkoran jarduten dut. Ordubete edo gehixeago egiten dut, garaiaren arabera. Eta, gero, baserriko lanekin ere laguntzen dut eta animalien ardura ere badaukat. Etxeko lanak direla… Hemen, baserrian, beti dago egiteko zerbait.
Betidanik izan al duzu kirolarekiko interesa, edo zer izan zen hasierako zure motibazioa?
Futbolak eta beste kirolek ez naute batere erakarri izan, inoiz. Pilota, bai, txikitatik gustatu izan zait. Lagunak-eta Ezkioko pilotalekuan geratzen ginen lehen, ostiraletan, pilotan jokatzeko. Ondoren, Ezkioko Pilota Eskola sortu zen, eta bertan ibili nintzen. Ondo pasatzen genuen, eta horregatik egin nuen bertan denboratxo bat.
Urte haietan hasi nintzen aizkorarekin ere pixka bat. Etxean hasi nintzen, nire kasara. Juantxo Etxebarriarekin konfiantza pixka bat banuen, eta harekin hasi nintzen gero aizkoran trebatzen. Asko lagundu zidan. Poliki-poliki, pilota uzten joan nintzen, aizkoran serio xamar jartzen hasteko, eta gurasoek gustura nenbilela ikusita, aizkora bat oparitu zidaten.
Joxe Ugarteburu da orain zure entrenatzailea. Noiz ezagutu zenuen?
Umetan, zortzi-bat urte nituenean. Baserriko lanak direla-eta ezagutu nuen. Behorra zalditzera eramaten nuen eta hortik egin nuen berarekin konfiantza.
Eta orduan kontatzen al zenion aizkoran hasita zeundela?
Ez, aurrerago izan zen hori. Artean oso umea nintzen. Pixka bat trebatu nintzenean, orduan pentsatu nuen Joxe Ugartebururi zerbait esan behar niola. Joxe erreferente izan da niretzat, beti.
Nolako harremana duzue?
Senitarteko bat bezala da niretzako. Beti dago ni laguntzeko prest, eskuzabal hartu izan nau beti. Baita nik bera ere. Eta errieta egin behar badit, zalantzarik gabe egiten du. Hori ere estimatzen dut. Beste bat izango balitz gaizki hartuko niokeen, baina badakit nire onerako egiten duela; beraz, ez daukat zertan gaizki hartu.
Duela gutxi, ‘Goiberri’ aldizkarian argitaratu zen Joxe Ugartebururekin elkarrizketa batean, kazetariak galdetu zion, zer amets duen. Ugartebururen erantzuna izan zen, Unai Etxeberriarekin txapel bat irabaztea. Zer sortzen dizu horrelako hitzak publikoki esan dituela jakiteak?
Zer esan jakin gabe gelditzen naiz. Esan dezakedana da izugarrizko poza sentiarazten didala barruan.
Nola antolatzen dituzue entrenamendu saioak?
Txapelketek markatzen dute asko. Txapelketa sasoi betean, hiru-bat saio egiten ditut Joxerekin, edo bi saio luze. Eta horrez gain, nire kasara, indar ariketak egin ditut eta mendian ere dezente ibiltzen naiz. Etxe ingurua aprobetxatzen dut, Izazpi aldera joaten naiz asko.
Nola gogoratzen duzu plaza batean debutatu zenuen lehen egun hura?
2022. urtean izan zen hori. Ezkion, Santa Lutzi Anduagan. Hor egin nuen jendaurreko nire lehenengo erakustaldia. Egur bat moztu nuen.
Bigarren aldia ere ez dut ahaztuko, urte berean izan zen, Ezkion, San Migel jaietan. Joxerekin bikotea osatuta atera ginen plazara, Esnaolatarren kontra. Luxu bat izan zen niretzako. Oroitzapen oso polita dut.
Eta, ondoren, iritsi ziren beste plaza batzuk, txapelketak, baita txapelak ere.
Lehenengo txapela binaka izan zen, Egursporten Urrezko Aizkora txapelketan, 18 urtez azpikoen mailan. Igoin Pikabearekin osatu nuen bikotea. Ilusio asko egin zidan, batik bat Ezkiotik lagun asko inguratu zirelako ni ikustera.
Bigarren txapela ere iritsi zen ostera.
2024. urtean iritsi zen bigarren txapela. Kasu horretan, banaka izan zen, Egursporten Urrezko Aizkora txapelketan hura ere. Izugarrizko poza izan zen, eta hortik Euskal Herriko txapelketarako prestatu nintzen, banaka parte hartzeko. Azken horretan, lanak oso ondo hasi nituen, baina hustu egin nintzen, eta ezin izan nuen garaipenik lortu. Bigarren geratu nintzen.
Zer da herri kiroletatik, zure kasuan aizkolaritzatik, gehien gustatzen zaizuna?
Aizkolaritzak kanpotik ikusita zerbait erraza dela ematen du, baina behin hasi eta gero ez da horrela. Erronka zalea naiz, egunero hazteak ematen dit bizia, eta aizkolaritzak hori ematen dit. Hasieran bi-hiru kolpe emango dituzu, baina entrenamendua eta teknika behar dira lanean jarraitu ahal izateko. Sufritzen jakitea ere behar-beharrezkoa da.
Aizkoran trebatzea ez da jarduera merkea. Aizkorak direla, egurra dela… Baduzu babes ekonomikorik?
Eskertzeko asko diet gurasoei. Kirol guztietan bezala, honetan ere hobetzen joateko entrenatu egin behar da lehenik, entrenatu ahal izateko egurra eta aizkorak behar dira, eta ez, ez bata eta ez bestea ez dira batere merkeak. Ekonomikoki babesa izango ez banu, zaila izango litzaidake honetan jarraitu ahal izatea. Gurasoei ez ezik, eskertzeko asko dut Luis Mari Bengoari ere. Herri kirolari mesede handia egin dio urte askoan, batik bat kirolari gazteei aukera emanez.
Babes ekonomikoaz haratago, bestelako animoak ere garrantzitsuak izan ohi dira. Zer diote senitartekoek eta lagunek?
Etxean oso ondo hartu dute, eta etxeko denak ditut babesa ematen. Amak entrenamendu saioetara laguntzen dit ahal duen guztietan. Eta lagunen artean, herri kirolak gustuko dituzte, nahiz eta ni izan jarduten naizen bakarra.
Lagunen artean badaukazue herri kiroletarako zaletasuna, baina gazteen artean, orokorrean, nola ikusten duzu panorama?
Herri mailako herri kirol taldeak sortzen ari dira, eta erakustaldiak antolatzen ari dira han-hemenka. Modalitate desberdinak biltzen dituzte. Aizkoran, korrika, ingudea, zakua, trontza… Urretxuko taldearekin arituko naiz hurrena. Lazkaomendin izango gara parte hartzen, Ataungo, Idiazabalgo, Gabiriako, eta Lazkaomendiko taldeen aurka. Uste dut pozgarria dela horrelako ekimenak ikustea.
Nola ikusten duzu aizkolaritzaren osasuna?
Aizkolaritzan, konkretuki, ikusten da jende gaztea. Baina ez dago lehengo indarrik. Bultzada gehixeago izango balu, osasuntsuago legoke. Uste dut, erakustaldi faltak ere baduela horretan eragina. Izan ere, lehen herri askotan egiten ziren aizkolaritza erakustaldiak, eta gaur egun desagertu dira. Pena ematen du horrek. Eta erakustaldiak antolatzen direnean ere, nagusiei ematen zaie plaza, batik bat.
Gazteei ere espazioa ematea eta ikusgarritasuna ematea garrantzitsua da erabat, erreferenteak behar direlako jendea kirol honetan hastera anima dadin. Gazteen kasuan, are bultzada handiagoa behar da, eta Luis Mari Bengoa falta denetik, ez dakigu zer gertatuko den. Ez dakigu besteren batek beteko ote duen bere tokia. Bengoa zegoenen, bost-sei bat aldiz urtean ateratzen ginen plazetara. Orain, Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketak baino ez ditugu, eta Gipuzkoakoan, adibidez, hogei urtetik gorakoekin ari gara lehian. Horrek gauzak dezente zailtzen dizkigu gazteagoei. Entrenatzen hainbeste sufritu eta gero, behar duguna motibazioa da, eta hori lortzeko plazak behar ditugu.
Nola ikusten duzu apustuen mundua?
Hemen inguruan ez dago hainbesteko afiziorik. Nafarroan bai, gehiago; han afizio handia dago. Kirol polita da, zer esango dizut ba nik, baina hemen inguruan ez du jarraitzaile gehiegirik. Pilotak gehixeago du, eta futbola… horrek eramaten du jendea, batik bat.
Uste duzu horretan eragina izan dezaketela komunikabideek?
Beste kirol batzuen ondoan ikusgarritasun gutxiago ematen zaie herri kirolei, eta, seguruenik, zaletasuna sortzeko eragina du horrek.
Zeintzuk dira aizkorak eman dizkizun momentu gozoenak?
Urrestillan, garaipena lortu nuenean. Lanak bukatu nituenean, Joxerengana joan nintzen segidan, garaipena eskaintzeko keinu batean. Binakakoa ere bereziki gozoa izan zen. Bukatu genuenean, gora begiratu nuen, garaipena aitonari eskaintzeko.
Zer kirol lorpen amesten duzu?
Aizkoran profesionaletara iristea da nire ilusioa, umetatik. Nagusien artean lehiatu nahiko nuke, eta, zergatik ez, txapelaren bat ere irabazi nahiko nuke. Joxeri eta etxekoei eskaini nahiko nieke txapel bat. Hankak lurrean ditut, eta ezinezkoa bada hortxe geratuko naiz. Baina ahaleginak egingo ditut. ■
Lehen aizkorakada haiek
«Haurra nintzenetik horixe izan da nire ilusioa, aizkoran profesionaletara iristea. Ahaleginak egingo ditut, ezinezkoa bada, hortxe geratuko naiz», dio Unai Etxeberriak ilusioz beterik, lerro hauen alboan dagoen argazkia erakusten ari den bitartean. Urte batzuk igaro dira amak argazki kuttun hau atera zionetik. «Zortzi bat urte izango nituen hor», saiatu da gogoratzen argazkiko mutil kozkorra zeneko adina. «Ilusioa eta gogoa», biak zituen soberan Unai txikiak.
Lehenengo aizkorakadak ematen hasi berria zen orduan. Bihurri aurpegia ageri zaio, hain ume zela nola hasi zen eta lehenengo aizkorakadak nola izan ziren galdetu eta oroitzapenak burura datozkionean. «Bai, noski! Ez ziren oso sanoak izan, ez, baina… Aberiaren bat edo beste ere egin nuen. Ikasteko asko nuen, eta normala den bezala, horrelakoak gertatzea ez da arraroa. Mendira joaten nintzen anaiarekin. Gustuko egurren bat topatu, aizkoran hasi eta egurrari eman partez, hankari eman eta… Antzeko istripu pare bat izan nituen, baina tira, momentuz osorik nago», esaten du irribarreak ihes egiten dion bitartean. Amak –elkarrizketan presente egon da– hasperen egin du semeak esandakoarekin.
Urte haietan, gertukoenen babesa «inkondizionala» izan zen aurrera egiteko. Jarraitzaile handiena, berriz, aitona zuen. «Egur pusketa batzuekin aizkoran hasi nintzenean, etxeko atarian esertzen zen, niri begira-begira. Aitonak plaza batean ez ikusi izana, pena hori daukat». Lekuren batetik begira-begira jarraituko duen ilusioz, «gogotsu» jarraitzen du, egunen batean «profesionaletara iristeko». Txapela preziatua «aitonari, etxekoei eta Joxe Ugartebururi» eskainiko die orduan.