Ane Belokik (Legazpi, 1999) txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna. Etxean aitona eta aita ikusten zituen kantuan, eta bera 10 urte ingururekin hasi zen Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolan. Ikasketei dagokienez, Gasteizen Euskal Ikasketetako gradua egin zuen, eta gaur egun bertsolaritza irakasle moduan lan egiten du, ikastetxe bat baino gehiagotan. Bertsolaritza afizio eta ofizio dituen legazpiarrak ioaz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan lehiatu zen, lehenengo aldiz, eta «gustura» dago egindako ibilbidearekin.
Azkeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aritu zinen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Iazkoa bigarren parte-hartze saiakera izan nuen. Duela bost urte izan nuen bertan aritzeko lehenengo aukera, baina orduan ez nuen lortu txapelketara sailkatzerik. Oraingoan, sailkapen fase hori pasatu nuen eta lehenengo aldiz Gipuzkoako Txapelketan ibili naiz. Espektatiba handirik gabe joan nintzen, eta ilusioz bizi izan nuen saio bakoitza. Esperientzia oso polita izan da, urduritasunez betea, baina gustura gelditu naiz egindako lanarekin.
Zenbat saiotan aritu zinen denera?
Sailkapen fasean bi saio pasa behar ziren, eta behin horiek pasata, txapelketa ofizialean final zortzirenetan aritu nintzen. Hondarribian izan zen final zortzirenetako saioa, irailaren 28an.
Saioei dagokienez, zein da egiten duzun balorazioa?
Bi dimentsio desberdinetan aritu naiz, lehenengo eta bigarren faseak desberdinak baitira. Lehenengo saioan oso gustura aritu nintzen, bigarrenean gorabehera batzuk izan nituen, eta final zortzireneko fasean ere denetik izan nuen. Hala ere, esango nuke saio guztiak disfrutatu ditudala, bere alde onekin eta txarrekin. Uste dut lortu dudala nire aldetik ahal nuen gehiena ematea.
Martxoan Bertsoan ere ibili zara.
Dagoeneko badira hiruzpalau urte talde berdinarekin izena eman dudana. Martxoaren 14an kanporaketa izan genuen, eta gero, martxoaren 29an jokatu genuen finala. Aurten ez dugu irabazterik lortu, baina hori ez da izaten gure helburu nagusia. Martxoan Bertsoaren esentzia beste bat da, eta ondo pasatzea da bilatzen duguna.
Nola dago bertsolaritza haurren eta gazteen artean?
Esango nuke mundu honekin kontakturik ez daukan ikasle batek, lehenengoz, aspergarritzat jotzen duela bertsolaritza. Hala ere, guk bat-batekotasunaren alde egiten dugu klaseetan, hau da, momentuan sortzen den horren alde, eta horrek haur askoren arreta erakartzen du. Ariketa desberdinen bitartez ikusten dute bertsotan aritzea ez dela aspergarria, eta beraiek ere gai direla bertsoak sortzeko. Askori beste mundu bat zabaltzen zaie begien aurrean eta oso gustura ibiltzen dira. Gainera, hori ikusita, askok bertso eskolan izena emateko pausoa ere ematen dute.
Bestelako zein zaletasun dituzu?
Pilotazale amorratua naiz. Lehen gehiago ibiltzen nintzen; orain, denbora faltagatik, ez hainbeste. Dantzan ere ibiltzen naiz. Txikitan hasi nintzen Legazpiko Sustraiak dantza taldean, eta oraindik ere bertan jarraitzen dut. Gainera, aurten 50 urte betetzen ditu taldeak eta urte osorako egitaraua prestatu dugu. ■