Heltzear dira San Prudentzio jaiak, eta apirilaren 25ean suziri baten hotsak urratuko du herriko isiltasuna, sei eguneko festari hasiera emateko. Aurten, herritarrek hala erabakita, Lazkaoko Gazte Asanbladak botako du txupinazoa, eta ke artean marraztuko dute belaunaldi oso baten aldarria. Asanbladako kideek adierazi dute «hunkituta» daudela herriaren erabakiarekin: «Aurreko urtean izan zen txupinazoa guk bota genezan saiatu zen herritarrik; baina aurtengoan halako aukera bat emanda, hunkituta bezain pozik gaude. Gogotsu eta indartsu».
Urteetako lanaren aitortza
1992an sortu zen Lazkaoko Gazte Asanblada, «herrian zeuden beharrak asetzeko». Momentu hartan, antolatzeko espazio baten beharra izan zen asanbladaren borroka-ildo nagusia; kale gorrian antolatzen ziren. Alternatiba bila, Andreskaleko lokal bat alokatu zieten mojei, eta hura izan zen urte batzuetarako asanbladaren aterpea.
Ordutik, «momentuko egoerak eskatutakoari» erantzuten jardun dutela adierazi dute kideek, «belaunaldiz belaunaldi egoerak problematizatuta, helburu berriak sortuta, eta erantzun berriak emanda». Hala ere, aurretik ere Lazkaok gazteria antolatua izan zuela gogoratu dute: «Lazkaok dituen arrakalei erantzuteko gazteria beti ibili da alternatiba bila».
Aurtengo festetako txupinazoa botatzea, beraz, «asanbladaren lanari aitortza egiteko modu bat» izango dela ziurtatu dute.
Txosna gunean aktibo
Lazkaoko festetako txupinazoa, baina, ez da izango asanbladak bere gain hartuko duen ekintza bakarra. Izan ere, urtero moduan, aurten ere txosna gunean eragile aktibo izango da. Asanbladako kideek txosnagunea «herritik eta herriarentzat sortutako espazio gisa» ulertzen dute, «balio feministak, euskaldunak eta ezkertiarrak» oinarri hartuta. Hori guztia urte osoan egiten duten lanaren festetako jarraipena da. Aurtengo jaietan ere zenbait ekitaldi antolatu dituzte: kontzertuak, gazteen arteko bazkaria, bertso poteoa, patata tortilla lehiaketa, eta berrikuntza gisa, mojitada.
Gazteek azaldu dutenez, urtero jasotzen duten «herriaren erantzun ezin hobea» da hainbeste hilabetetako lanaren ordainik politena: «Txosna jendez betetzen da beti, eta gutxika-gutxika belaunaldi berriak inplikatzen hasten dira; txosna gunea ez da eszenatoki bat eta lau barra dauden espazioa soilik, urte osoko bilerak, eztabaidak eta herriko kideen inplikazioaren emaitza baizik». Txosna gunea, beraz, festetako gunea baino gehiago da lazkaotarrentzat: «Herri proiektu bizia eta balio partekatuen adierazle argia». Hori bera erakutsi nahi dute aurtengoan ere. ■