Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoaren Artxibo Praktikak ikerketa bekako lehen saiakera ondu du Pedro G. Romero artista andaluziarrak, flamenkoaren presentziaz. Emaitzaren erakusketa ekainaren 1era arte dago.
Historiaren zientzia artearen begiradarekin berrinterpretatzeko Zumalakarregi Museoaren Artxibo praktikak ekimenak eman du lehenengo fruitua: Scenario. Zorraren Z erakusketa. Pedro G. Romero artista eta ikertzaile andaluziarrak (Aracena, Huelva, Espainia, 1964) ondu du, eta ekainaren 1era arte ikusgai dago Ormaiztegiko museoan. Zumalakarregi Museoak ohikoan lantzen duen esparruan, XIX. mendeko historian, eta bereziki bertako artxiboan arakatu du Romerok.
Orain dela ia 30 urte ere izan zen Romero Zumalakarregin. Behin Artxibo praktikak beka izendatu ondoren, gainera, estatu mailan albiste izan zen, 2024ko Espainiako Arte Plastikoen Sari Nazionala irabazi baitzuen. «Nire egiteko moduak artxiboko lanarekin zerikusi handia dauka. Zumalakarregi Museoarekin dudan historia aspaldikoa da, 1997an egon nintzen lehen aldiz, eta orduan dokumentu ugariren fotokopiak eraman nituen; oraindik erabiltzen ditut», azaldu du Romerok.
Scenario proiektua serie moduko sorkuntza-bilduma gisa planteatua dauka, eta alfabetoko hizkiekin identifikatzen ditu batekoak eta bestekoak. Ormaiztegin, kultura flamenkoaren peskizan ibili da, eta Z hizkia eman dio (gaztelaniaz D, deuda-ren lehena). «Antzeko kontestuetan aritu naiz lehenago lanean Balear Uharteetako artxiboetan, Aberdeeneko artxibo historikoan (Eskozia), eta Coimbrako (Portugal) Apirilaren 25eko Iraultzaren artxiboan. Artxipelago-ren A, Bestiario-ren B, Canciones-en C, eta Deuda-ren D da seriea. Ormaiztegiko hau laugarrena da. Z-ra iristea espero dut, eta horra iristeko bizitzea. Hemen D tokatzen zen. Dirua-ren d-tik hasi nintzen, egia esan, baina beste ideia konplexu batekin segitu nuen».
Flamenkoekiko zorra
Orain filmak egiten ari da Romero, eta frantsesez Scenario hitzak dauzkan gidoia eta eszenaratze ideien esanahaiak biltzen ditu. Erakusketan dauden testu guztiek etorkizuneko film baterako oharrak diruditela ere aurreratu du. «Scenario proiektua azkenaldian artxiboei eskaintzen diet, gehien bat. Nik flamenkotzat ulertzen ditudan identitate-moten esplorazioa egin dut; oso identitate eremu konplexua da. XIX. mendeari dedikatutako museo batean azalduko zirela banekien, printzipioz hori oso zaila zela zirudien arren. Baina XIX. Mendean azaltzen dira bizimodu edo izateko modu hauek guztiak, flamenko deitu direnak: ijitoak, mertxeroak, kinkiak, gaizkileak, prostitutak, kontrabandistak, bandidoak… bizimodu eta identitate forma horien guztien multzoa da flamenkoa. Hasieran zirudien pare bat gauza soilik aurkituko genituela, baina azkenean, soberan topatu dut informazioa».
Zumalakarregiko paperetan eta irudietan, mundu flamenkoaren hainbat zertzelada topatu ditu. «Valentziako merkatuari buruzko grabatuetan, merkatuaren inguruko formulazioa asko interesatu zitzaidan, ijitoek eduki duten erlazio txamalirero hori, merkatu batetik bestera joatea, erosiz eta salduz, gauzak konponduz… Baina ikusi nuen zorraren ideia handiagoa zela: zor historikoa, lanarena, memoriarena, ijitoei zor diegun aldarrikapen bat. Eta flamenkoak ez garen besteok daukagun zor ekonomikoa. Flamenko identitate hori, benetan, azken batean dator edozein herritarrek bere gobernuarekin, jauntxoekin, lanarekin edo bizi den sistema ekonomikoarekin lotutako zorrarekin ihes egiten dion klase sozial batetik. Sistema ekonomiko hegemonikotik aparte bizi ziren, eta jazarpen gehienak egin ziren haien aurka, ziurrenik arraza arazoak bazeuden, XIX.ean batez ere, erlijiozkoak hasieran; baina jazarpenaren benetako arrazoiak ziren beti hiri batetik kanporatu nahia, zergak ordainaraztea eta polizialki kontrolatuta edukitzea. Gero flamenkoa izango zenaren oinarri sozialean dauden bizimodu formak dira, eta hortik dator zorraren ideia».
Erakusketan agertoki edo eszenario batzuk aurkeztu ditu, aipaturiko kontakizuna grafikoki eskainiz. «Eszenario guztiak lagun flamenko batekin egin ditut. Flandesekoa da, belgikarra, benetako flamenko bakarra. Irudi hauek beren garaian izan zuten ekoizpen sistema errepikatu nahi izan dugu: figulak, apaingarri motak, arabeskoak notario-orri ofizialetarako… Grabatua da lan honen oinarria, artxiboan gehienak halakoak daudelako, nahiz eta lehen argazki batzuk ere badauden». ■
Maialen Lujanbio, bigarren gonbidatua
Aurreneko aldia izatearen berritasunaz gain, ekimenaren espiritua ere berritzailea ekarri du Zumalakarregi Museoak Artxibo praktikak dinamikarekin. Ohiko ikerketa historiko-zientifikoetatik lehen aldiz artearen esparrura bete-betean jauzi eginda, historiaren beste irakurketa batzuk saiatuko ditu. Pedro G. Romero izan da lehenengo artista gonbidatua, baina bigarrenarekin jada hasita daukate hurrengo emanaldia. Maialen Lujanbio bertsolariak arakatuko ditu Ormaiztegiko museoko agiriak, sorkuntza-arlo horretatik zer suma.
Ideia interesgarria bezainbat da emaitza oparoa. «Artistak Zumalakarregi Museoko artxiboko dokumentuetan ezkutatuak edo baztertuak izan diren, edo historiak onartu ez dituen kolektiboen bilaketa eta esplorazioa egin du», adierazi du Zumalakarregi Museoak. Ikerketaren ondoren, 14 kolektibo eta kontzeptu landu ditu Romerok, eta museoko artxiboko irudiekin hornitu ditu.
Artikulazio, gogoeta eta esanahi «berriak» sortzea da ekimenaren helburua, museoko edukiak «kritikoki berrinterpretatzera» gonbidatuta. «Asmoa da ordena berri bat, ustekabeko beste kontakizun eta deriba batzuk birkokatzea, eta, aldi berean, irizpide berriak sortzea artxiboa berrinterpretatzeko eta gure orainaldiko ezinbesteko gaiekin lotzeko».
Kultura garaikideko hainbat diziplinatako profesionalak gonbidatuko dituzte horretarako, iaz Pedro G. Romerorekin egin zuten bezala, aurrerantzean ere. «Lotura eta ikerketa horretatik, testu batean eta erakusketa-aretoetako instalazio batean zentratutako hainbat gauzatze egingo dira». ■