Betidanik lotura handia izan dut naturarekin eta mendiarekin, eta asko gozatzen dut haren edertasunarekin. Hori irudi bidez islatzeko nahiarekin hasi nintzen argazkilaritzan, batez ere mendiko argazkiak ateratzen. Urte askotan nire kabuz ibili izan naiz, baina duela 5 urte Argizpi elkartean hasi nintzen gehiago ikasteko asmoarekin. Orduan konturatu nintzen ez nekiela gauza gehiegi argazkilaritzaz.
Argazki hau 2025eko apirilaren 23an aterata dago. Goizetan ‘ordu urdina’ izeneko momentu txiki bat izaten da. Usurbe gainetik egindako irudi hau –egunsentian, 06:30ean– elementu askoko bilduma bat da: Txindokiren silueta, ilargia, artizarra, egunsentia, behe lainoa argiztatuta… eta lehen planoan, artalde bat.