Ikus-entzunezkoen munduan hasiberriak badira ere, «oso gustura» gelditu dira Sanchez eta Milan sortu berri duten bideokliparekin. Youtuben bi mila ikustaldi baino gehiago ditu dagoeneko. Ez dute alboratu berriro batera lan egitea.
Markel Sanchez eta Haizea Milan lazkaotarrek, Udaberri bideoklipa estreinatu berri dute, Ane Urtzelai legazpiarrarekin, Malen Balerdi arrasatearrarekin eta beste hainbat gazterekin elkarlanean. Txikitatik ezagutzen dute biek elkar, adin eta kuadrilla berekoak baitira, eta elkarren ideiak eta gaitasunak «ondo bateratzen» dituztelako erabaki dute elkarrekin lan egitea.
Hain zuzen, proiektu bat egiteko orduan, Milani hasierako fasea gustatzen zaio gehien: ideiak garatzearen zatia. Sanchezi, berriz, ondorengo lana gustatzen zaio gehien: errodajearen alderdi teknikoa eta edizioa. Sanchez Ikus-Entzunezko Komunikazioa graduko azken urtea egiten ari da gaur egun, eta bideoklipa gradu amaierako lan bezala aurkeztuko du. Hasiera batean, beste ideia bat zuen buruan, baina azkenean bideoklip bat egitea erabaki du: «Beste norabide batetik eraman nahi nuen nire GRALa, film labur bat egin nahi nuen, baina horrelako proiektu batek denbora gehiago eskatzen du, eta aurrerago helduko diot horri». Behin erabakia hartuta, Milanekin harremanetan jarri zen, eta lanean hasi ziren biak. Milanek dio, aurreneko pausoa bideoklipeko protagonista diren bi abeslariekin kontaktuan jartzea izan zela, Malen Perez de Arenazarekin eta Estitxu Meaberekin. Bideokliparen estiloa eta kontzeptua garatu ostean, taldea handitzen joan ziren.
Proiektua egiteko laguntza ekonomikorik izan ez badute ere, «oso gustura» gelditu dira bi lazkaotarrak lortutako emaitzarekin. «Jendearen aldetik oso harrera ona izan du bideoklipak, eta inolako baliabiderik ez izateko, lan txukuna egin dugula uste dugu. Artistak hasiberriak dira eta gu ere ikasleak gara. Beraz, ahal genuenarekin egin dugu aurrera», dio Sanchezek.
Bestalde, hasierako ideiatik amaierako emaitzara aldaketa «ugari» egin dituztela diote: «Horrelako proiektu bat egiten duzunean, nahiz eta ideia batekin hasi, aldatzen joaten da proiektua. Askotan, grabazioan bertan konturatzen zara gauza batzuk aldatu egin behar direla, eta editatzen eta muntaia egiten ari zarenean ere bai. Hasieratik bukaerara emaitza beti aldatu egiten da».
Bideokliparen grabaketa
Bideoklipa egiteko garaian, erreferentzia ugari hartu dituzte kontuan, hala nola Rosalia, Tokischa, La Tania eta Judeline artisten lanak. Sanchezek dio artista horien lanen inguruko txosten bat egitea izan zela lehenengo pausoetako bat, «inspirazioa lortzeko». Bestalde, grabatzeko orduan aparteko zailtasunik izan ez badute ere, errodaje egun batzuetan eguraldia «oztopo» izan zitzaien. Gaueko eszenak, esate baterako, zelai batean grabatzea pentsatuta zeukaten, baina azkenean Oñatiko ermita batean grabatu behar izan zituzten, euri-jasa batek harrapatu zituelako. Bigarren errodaje egunari dagokionez, industrialde batean eta Legazpiko baserri bateko zelaian grabatu zituzten irudiak.
Hemendik aurrera, oraingoz, bakoitzak bere aldetik lanean jarraitzeko asmoa dauka. Milanek GRALa egingo du aurten, eta hori amaitutakoan diseinatzaile grafikoa edo arte zuzendaria izatea gustatuko litzaioke. Sanchezek, berriz, zinema munduan lan egin nahiko luke, kameralari edota argazki departamentuan. Hala ere, ez dute alboratzen etorkizunean berriro batera lan egitea. ■