Igor Susaeta • Kazetaria
Ausartuko nintzateke esatera zuetako dezentek ikusi duzuela Pantomima Full bikotearen Chaqueta acolchada izeneko bideoa. Horretan, bikoteko kideetako bat azaltzen da kalean pasieran; jaka barrubigun bat darama jantzita, eta kontatzen du, gutxi-asko, janzki jakin hori soinean daramatenak pertsona tristeak, grisak, direla, eta inork ez diela begiratzen. Une batean, etsita, galdera bat planteatzen du: «Zenbat ibili behar da Espainian jaka barrubigunik ez ikusteko?». Gurera ekarriz: Hego Euskal Herrian noiz botako ditugu sutara jaka barrubigunak? Lepoa jokatuko nuke inoiz ez dudala eduki ez horrelakorik, ezta haren baliokide jaka lumadunik ere. Harro nago.
Izan ere, onar ezazue, bideoak, nolabait, erreakzio bat eragin zuen zuengan. Ez dut esango barrenak mugitu zizkizuela, zeren, gehiengoa zaretenez, lasai asko jarrai dezakezue jaka hori kontzienteki zein inkontzienteki janzten. Baina ez esan barre urduria egin ondoren ez zinetenik apur bat deseroso sentitu eta pentsakor geratu. Ikusi nuenean, kuadrillaren Whatsapp taldean partekatzea pentsatu nuen; minutu batzuk geroago, ordea, uko egin nion asmo horri, ez bainuen polemika antzurik elikatu nahi. Bakarka bai, pertsona batzuei bidali nien, eta kiroltasunez, umorez, onartu zuten beren ezina, baita beren arduragabekeria soziala ere.
Barre egin fachaleco-ari, bai, baina ematen du euskal herritar arruntok, oro har, uko egin diogula janzkeran edertasuna-edo bilatzeari. Bai, ziurrenik izango da denak ezin duelako ederra izan: mendiak, hondartzak, kantuak, tradizioak, pertsonak…
Eta pertsonak aipatu ditudanez, gaiarekin lotutako bitxikeria bat kontatuko dizuet. New Yorken bizi izan nintzen urtebetez, eta egonaldiaren lehen hilabetean pentsatzen nuen The North Face etxearen txamarra bat jantzita zeramatenak Euskal Herrikoak zirela. Ez esan erogarria ez denik. ■