Legazpiko Santikutz proba Goierriko zaharrenetakoa eta garrantzitsuenetakoa da. Atzo 91. edizioa izan zuen. Martxoan Sebastian Santestebanek Santikutz probari buruzko erakusketa jarri zuen Legazpin.
Sebastian Santesteban Santikutz probako alma materra izan da urte askoan. Proba hori Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak antolatzen du, eta Santesteban elkarteko lehendakaria izan zen 30 urtean.
Santikutz klasikoa «kirol harribitxia» dela dio Santestebanek. «Oso proba garrantzitsua da, hasieratik. Egun, estatuko amateur mailako egutegiko onenetakoa da». Ez zaio erraza suertatu lehen edizioa noiz egin zen jakitea. «Zaletu beteranoenek ere ez zekiten zehaztasunez. 1930eko hamarkada aipatzen zuten. Gerra aurreko urteak, hain zuzen ere. Gaur egun, jasotako datuetan oinarrituta, lehen edizioa 1929ko maiatzaren 5ean egin zela esan dezakegu». Lehen edizio hura goierritar batek irabazi zuen: Ricardo Montero ordiziarrak.
Lehen ekitaldiak udaleko boluntario talde batek antolatu zituen. 1937tik 1942ra ez zen antolatu, eta hurrengo bi ekitaldiak Sociedad Deportiva Legazpik antolatu zituen. 1946tik 1989ra Ilintxa kirol elkarteak antolatu zuen eta ordutik aurrera Telleriarteko Txirrindulari Elkarteak.
Probak hiru izen izan ditu: 1977ra arte Prueba Legazpia, 1978an Santa Cruz izatera pasa zen eta 1989tik aurrera Santikutz Klasika. Legazpiko Kale Nagusiko helmugan txapeldun handiek altxatu dituzte besoak: Federico Ezkerra, Luciano Montero, Dalmacio Langarika, Cosme Barrutia, Vicente Lopez Carril, Txomin Perurena, Sabino Angoitia, Arsenio Gonzalez, Jesus Montoya, Aitor Garmendia, Juan Carlos Dominguez, Joseba Beloki, Mikel Astarloza, Egoi Martinez…
Irabazleetako batzuk erakusketaren inauguraziora gonbidatu zituen Santestebanek, eta asko izan ziren Legazpira joan zirenak: Luis Otaño (1957ko edizioa irabazi zuen), Miguel Mari Lasa (1967), Jose Maria Basualdo (1970), Ignacio Aizpuru (1971), Oscar Quintanilla (1979), Iñaki Arrieta (1980), Ruben Gorospe (1984), David Latasa (1997), Francisco Gutierrez (2002 eta 2006), Beñat Albizuri (2004), Julen Amezketa (2015), Jon Irisarri (2016) eta Unai Zubeldia (2023). 1947ko edizioa irabazi zuen Juan Cruz Gantzarain andoaindarra ere joatekoa zen, baina dagoeneko 98 urte ditu eta azkenean bere seme-alabak joan ziren Legazpira.
Ez da harritzekoa txirrindulariek Santestebanen gonbita gustura hartu izana, guztientzat amateur mailako garaipenik garrantzitsuenetakoa izan baitzen, profesional mailako ateak ireki zizkienetako bat. Legazpin irabazi zutenetik urte asko pasa badira ere, guztiek oso ondo oroitzen dute garaipen hura.
Luis Otaño
Inaugurazioan izan zenetako bat Luis Otaño (Errenteria, 1934) izan zen. Otaño Euskal Herriko txirrindularitzako mitoa da. Loroñorekin eta Bahamontesekin aritu zen, besteak beste. Espainiako Vueltan zortzi aldiz parte hartu zuen. Hiru etapa irabazi zituen eta 1964an bigarren geratu zen, Raymond Poulidorren atzetik. Frantziako Tourrean hamar aldiz parte hartu zuen eta 1966an etapa bat irabazi zuen. Espainiako Txapelketa ere irabazi zuen, bi aldiz.
Baina Wikipedian azaltzen den bere lehen garaipena Legazpikoa da. Izan ere, garai hartan Santikutz proban profesionalek parte hartzen zuten, eta Otañoren lehen garaipena izan zen goren mailan. Hala, Legazpi bihotzean darama. «Bi aldiz parte hartu nuen Santikutz proban. Lehenengoan 8. edo 9. egin zuen eta bigarrenean, hurrengo urtean, irabazi egin nuen. Udanan ihes egin nuen eta bakarrik heldu nintzen helmugara. Jazinto Urrestarazu ataundarra izan zen bigarren».
Santikutz proba oso garrantzitsua zen garai hartan ere. «Uztailean Tourrean parte hartzen zuten askok Santikutz proban parte hartzen zuten bi hilabete lehenago. Ilusio handia egin zidan Sebastianek Legazpira gonbidatzeak, lehen garaipena ez baita inoiz ahazten», azaldu du txirrindulari ohi errenteriarrak.
Legazpin irabazi ondoren, beste hamaika garaipen lortu zuen. Eta Federico Martin Bahamontes espainiarrari Tourra irabazten lagundu zion. «Tour hartan, matxura bat medio, erretiratu beharra izan nuen. Espainiako komunikabideak nirekin haserretu ziren erretiratu nintzelako», dio barre txikiarekin.
Juan Fernandezek (Alhama de Granada, Espainia, 1957) ere makina bat garaipen lortu zuen. Besteak beste, Vueltako lau etapa eta Giroko bat. Horretaz gain, Munduko Txapelketan hiru aldiz lortu zuen brontzezko domina: 1980an (Bernard Hinault nagusitu zen), 1987an (Stephen Roche) eta 1988an (Maurizio Fondriest). 1988an erretiroa hartu zuen eta hainbat talderen zuzendaria izan zen. Bere aginduetara izan dituen izarren zerrenda amaigabea da.
Berak ere bihotzean darama Legazpiko garaipena. «Bi edo hiru aldiz parte hartu nuen Santikutz proban. Arabarrontzat Gipuzkoako lasterketetara joatea gauza handia zen, maila oso altua izaten baitzen. Beldurrez joaten ginen, baina Legazpin Kas taldekook lehenengo eta bigarren egin genuen. Urretxutik Legazpira bidean erasoa jo nuen eta taldekideek ni harrapatzeko saiakerak zapuztu zituzten. Legazpikoa afizionatu mailako lasterketa garrantzitsuenetako bat zen orduan ere. Hurrengo urtean profesionaletara pasa nintzen Kas taldearekin».
Hala, ilusio handia egin zion Santestebanen gonbidapena jasotzeak. «Sebastiani erakusketa eta ekitaldia oso politak zirela esan nion. Sebastian bezalako pertsonak ezinbestekoak dira txirrindularitzan».
Gorospe anaiak
Legazpi Gorospe anaien kirol ibilbidean ere garrantzitsua izan da. 1990eko Euskal Herriko Itzulia Legazpin bukatu zen, eta Julian nagusitu zen. Santikutz proba ez zuen sekula irabazi, ordea. Baina Julianek irabazten ez zuena, bere anaia Rubenek (Mañaria, 1964) irabazten zuen: 1984ko Santikutz Klasikoa irabazi zuen. «Bi urte bakarrik eman nituen afizionatu mailan eta 19 urte bakarrik nituen Legazpiko proba irabazi nuenean. Legazpikoa afizionatu mailako proba garrantzitsuenetakoa zen. Legazpin irabazten zuenak profesional mailara salto egiteko aukera handiak zituen. Nik 10-11 garaipen lortu nituen afizionatu mailan eta Legazpikoa garrantzitsuenetakoa izan zen. Bakarrik heldu nintzen helmugara. Taldetxotik salto egin eta Zumarragatik Legazpirainoko bidea bakarrik egin nuela gogoratzen dut».
Santestebani eskerrak eman nahi dizkio. «Sebastian aspalditik ezagutzen dut. Bera bezalakoak falta dira txirrindularitza munduan. Ordu asko sartu ditu ezerezaren truke. Gaur egun ez daude garai batean bezainbeste boluntario. Txirrindularitza munduan sekulako lana egin du eta, gainera, erakusketa ere sekulakoa izan da. Oso polita. Bertan, txirrindularitza asko aldatu dela ikusten da».
Otaño gipuzkoarra da, Fernandez arabarra eta Gorospe bizkaitarra. Baina txirrindulari nafarrek ere ondo ezagutzen dute Legazpi. 1990eko Itzuliko azken eguneko goizeko sektorea Legazpiko Kale Nagusian amaitu zen eta Miguel Indurainek irabazi zuen. Indurainek ez zuen sekula Santikutz klasikoa irabazi, ordea. Beste txirrindulari batzuek ordezkatzen dute Nafarroa Santikutz probako palmaresean. Horien artean David Latasa (Oteitza, 1974) dago.
Santikutz proban bizpahiru aldiz parte hartu zuela dio. «Irabazi nuen urtean, oso azkar joan ginen hasiera-hasieratik. Ihesaldi saiakera asko egon ziren eta abiadura errekorra egin genuen. Gure taldeak, Banestok, lan ikusgarria egin zuen. Sekulako taldea genuen: Paco Mancebo, Carlos Sastre, Igor Astarloa, Pablo Lastras… Bergaratik Deskargara bidean beste gutxi batzuekin batera ihes egin nuen eta Deskargako lehen maldan erasoa jo nuen. Deskarga gainera metro gutxi batzuekin heldu nintzen eta Deskarga ahalik eta azkarren jaitsi nuen. Ez zuten ni harrapatzea lortu». Maiatzaren 1ean erromeria egiten dute bere herrian, eta erromeriara Legazpin irabazitako garaikur erraldoiarekin iritsi zen, bizilagunen txalo artean.
Ilusio handia egin zion Santestebanen deia jasotzeak. «Miguel Mari Lasa eta Juan Fernandez bezalako txirrindulari handiekin batera, Santikutz probako historiaren parte naizela jakitea oso pozgarria da. Sebastiani eskerrak eman nahi dizkiot gonbidapenagatik». ■