Iñaki Arrietak (Zegama, 1961) Legazpiko Santikutz klasikoa irabazi zuen 1980an, Fede Etxabe bizkaitarrari esprintean irabazita. Garaipen hark ilusio berezia egin zion, zegamarra igotzailea baitzen eta Etxabe esprinter trebea. Santikutz klasikoari buruzko erakusketaren inauguraziora proba irabazi duten txirrindulariak gonbidatu zituzten. Horien artean goierritar bakarra izan zen: Iñaki Arrieta zegamarra. Gaixotasun baten erruz, denboraldi bakarra egin zuen profesional mailan, baina amateurretan garaipen bikainak lortu zituen eta Miguel Indurain handiaren taldekidea izan zen.
Noiz hasi zinen bizikletan ibiltzen?
15 bat urterekin hasi nintzen. Eskola bukatu eta uda partean hiruzpalau karrera korritu nituen. Bigarren urtean, kadete mailan, denboraldi osoa egin nuen Ordiziako Txapel-Gorri taldearekin. Urte horretan lau-bat karrera irabazi nituen. Lehen karrera Irunen irabazi nuen. Oso berandu iritsi ginen. Gainontzeko guztiak irteera puntuan zeuden jada. Irteera atzeratu behar izan zuten, berandu iritsi ginelako. Lasterketaren erdialdean ihes egin eta irabazi egin nuen. Herriko jendea joaten zen gurekin, txandaka, eta egun hartan Jabier Berasategi zen txoferra. Izugarrizko poza hartu zuen. Kosta egin zitzaidan karrerak irabazteko gai nintzela antzematea. Ondorengo asteetan beste hiru proba irabazi nituen. Bestelakoan, ez dut oso ondo gogoratzen garai hura, baina Zegamako Txema Alustiza, gero kirol bizitza ia osoa nirekin egin zuena, han zen.
Etxean zer esan zizuten bizikletan ibili behar zenuela esan zenienean?
Ama hilda nuen ordurako. Oso gazte hil zitzaidan. Aitari ez zion graziarik egin, baina anaien babesa izan nuen.
Zergatik zenuen horren gustuko bizikleta?
Telebistan Frantziako Tourra eta abar ikusten genituen. Gure eskutik afizio handia sortu zen Zegaman. Hala, gazte mailara iritsi ginenean Zegaman taldea sortzea erabaki zuten. Albi-Telleria zuen izena. Telleria aseguru munduan lan egiten zuen zegamar bat zen. Txirrindularitza oso gustukoa zuen. Talde hura Txema Alustizak, Paco Panaderok, Jose Mari Albisu ordiziarrak, Jose Luis Mujika idiazabaldarrak, Felix Arakamak, Alberto Gorrotxategi entrenatzaileak eta nik osatzen genuen. Denboraldi hasieran Urretxuko Santa Barbarako lasterketa irabazi nuen, handik aste pare batera Arantzazuko Igoera, denboraldi amaieran Montjuiceko Igoera (Bartzelona, Herrialde Katalanak), Gipuzkoako Txapelketa ere bai… Aranon antolatzen zen erlojuaren aurkakoa gazte mailako bi urteetan irabazi nuen. Txemak eta Albisuk ere lasterketak irabazi zituzten.
Zenbat urte iraun zuen Zegamako taldeak?
Gazte mailako bigarren urtean ere Zegamako taldean aritu ginen. Iratxo-Sanyo zen babeslea. Batzuk afizionatu mailara pasa ziren eta Martinez Albeniz legazpiarra, Juan Zabaleta zegamarra eta Roberto Santamaria eta Gerardo Martin urretxuarrak etorri ziren. 6-7 karrera irabazi nituen: Hernanin, Lezon, Zumaiako taldekako erlojupekoa… Zegaman sekulako zaletasuna sortu zen. Zegama bezalako herri batentzat taldea izatea eta bertako jendearekin lasterketak irabaztea oso polita izan zen. Bizilagunek dirua jartzen zuten taldea aurrera ateratzeko, eta eskertzekoa da. Bestalde, Txema Alustizak Seguran irabazitako Euskadiko Txapelketa aipatu nahi dut, aurten hil baita eta lagun mina bainuen. Txemak irabazitako karrera haren eskutik, sekulako giroa sortu zen Zegaman, Seguran eta Zerainen. Hurrengo urtean, afizionatu mailako lehenengoan, Zegamako taldean jarraitu genuen. Iratxo-Montte zuen izena. Peio Etxezarreta zaldibiarra, Juantxo Leon ordiziarra eta Kaki Prieto urretxuarra etorri ziren.
Zer moduz afizionatu mailan?
Arabar, bizkaitar eta nafarrekin lehiatzen hasi ginen. Maila altuagoa zen. Gazte mailan nire arerio nagusietako bat Jokin Mujika itsasondoarra izan zen. Karrera asko kendu zizkidan esprintean. Afizionatu mailan jende ona etorri zen Bizkaitik: Julian Gorospe, Fede Etxabe… Baina gu oso motibatuta geunden eta herriko jende askok dirua jarri zuen taldeari laguntzeko. Denboraldia hasi berritan, Txemak Lizarrako proba irabazi zuen eta Albisuk hirugarren egin zuen. Ondoren, Gorlako Igoera, Santikutz proba eta Gipuzkoako txapelketa irabazi nituen.
A ze balentria…
Gorla igotzen zazpi txirrindularik ihes egin genuen, sei bizkaitarrek eta nik. Bost bizkaitar Baque taldekoak ziren: Julian Gorospe eta lau taldekide. Bestea Fede Etxabe zen. Lau-bat kilometro falta zirela erasoa jo, ihes egin eta irabazi egin nuen. Deia egunkariko kazetariak idatzitakoa gogoratzen dut oraindik: ordura arte ez niola konbentzitzen esan zuen, baina Gorlan karrera odol hotzarekin dominatzen jakin nuela aitortu zuen eta barkamena eskatu zidan. Santikutz probari dagokionez, Mandubian gora Gorospek, Etxabek, Jon Egiartek eta laurok ihes egin genuen. Aldapan behera Gorospek arazoren bat izan zuen eta hiru gelditu ginen. Ondo konpondu ginen eta elkarrekin heldu ginen helmugara. Esprintean irabazi egin nuen. Egun hartan bereziki hunkitu nintzen, ez bainintzen esprinterra, igotzailea baizik. Etxabek esprinta erraz irabaziko zuela sinistuta hasi zuen, eta pasa egin nion. Ondoren Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen, eta hor bukatu zen Zegamako taldearen historia. Herri txikia da eta diru asko behar zen. Zegaman lan asko egin zen eta eskertzekoa da.
Zein taldetan jarraitu zenuen?
Txema eta biok Reynolds taldera pasa ginen. Hor irregular ibiltzen hasi nintzen: sei hilabete pasatzen nituen karrerarik irabazi gabe, eta hurrengoetan lauzpabost karrera irabazten nituen. Digestio arazoak nituen, baina bolada onak izan nituen. Reynoldseko lehen denboraldiaren ondoren soldadutza egin nuen. Bi urte galdu nituen. Hurrengo urtea, 1984a, oso ona izan zen. Hamabi bat lasterketa irabazi nituen Reynolds taldearekin. Zegamara Miguel Indurain taldekidearekin iritsi nintzen ihes eginda. Bere baimenarekin, nire herrian irabazi nuen. Arrateko Igoera, Gipuzkoako Txapelketa, Asturiaseko Itzulia, Bizkaiko Itzuliko etapa nagusia… irabazi nituen. Miguel Indurain eta talde indartsu bat atzetik izateak gauzak asko errazten dituela esan beharra dago. Erasoa jotzen genuenean, tropeleko hamar txirrindulari on begira gelditzen ziren. Lasterketen erdiak guk irabazten genituen.
Profesional mailara Teka taldearekin pasa zinen.
Osasunak ez zidan laguntzen, eta profesional mailan denboraldi bat egin ondoren txirrindularitza utzi nuen. Tekan Urrutibeazkoa, Perea, Dietzen, Etxabe eta Dejonckheere zeuden, besteak beste.
Reynolds historikoan aritu izana gauza handia da. Nolakoa zen Indurain?
Miguel oso mutil ona izan da beti. Besteontzako lan egiteko agintzen ziotenean, ez zuen sekula trabarik jartzen. Afizionatu mailan, zelaian eta erlojupekoetan gu baino gehiago zen, baina igotzen ez. Tourrak irabazten ikustea oso pozgarria izan zen. ■