Legorretako eLegune euskara taldekoak Euskaraldia prestatzeko lanetan buru-belarri ari dira, herriko beste eragileekin batera. Tartean dira UEMA, udala eta eskola. Antolatu dituzten ekitaldien zerrenda, berriz, luzea da: izen-emate eta informazio mahaia jarri, txapak banatu, gurasoentzako formazio-saioa, Euskaraldiko abestiaren koreografia dantzatu, mural bat margotu, adin guztientzako jolasak, parte-hartze saioa… Nekane Iturrioz Amondarain (Legorreta, 1965) eLegunea euskara elkarteko kidea da lan horietan ari direnetako bat. Bera psikologoa da ikasketaz, eta ogibidez Goiztiri AEK euskaltegiko irakaslea.
Zein da Legorretako euskararen indargunea?
Herritar gehienok euskara ezagutzen dugula, eta eragileok dugun dinamika.
Zerk sortzen dizu kezka gehien?
Euskaldunon artean dagoen euskal kontzientzia ezak. Euskahaldundu behar dugu.
Ze zaletasun dituzu?
Ibiltzea, irakurtzea, gogoko ditudan pertsonekin terraza batean kontu-kontari aritzea…
Pelikula bat edo telesail bat.
Azkena ikusi dudana Faisaien irla izan da, gogorra eta hunkigarria.
Liburu bat.
Angela Davisen Askatasuna, etengabeko borroka bat.
Musika talde edo abeslari bat.
Bat esate arren, Anari.
Abesti bat.
Anarirekin jarraituz, Vinu, cantares y amor.
Oporretarako leku bat.
Euskal Herriko kosta.
Zer gosaltzen duzu?
Kafe hutsa.
Kolore bat.
Berdea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Kotxea lehenengo aldiz hartu nuen eguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bat aipatze arren, ikasleek egindako bertso idatzi bat.
Amets bat.
Euskal Herri euskalduna.
Bizitzako plazer txiki bat.
Egunero niretzako tartetxo bat izatea.
Goierriko txoko bat.
Enirio ingurua.
Legorretan biziko ez bazina…
Zumaian.