Futbolarekiko zaletasunak bultzatu zuen Ryotaro Yamaji (Tokio, Japonia, 1995) euskara ikastera. Realzalea da, eta horrek Donostia eta Euskal Herria munduan kokatzeko nahia piztu zion. Zortzi hilabetez Donostian gaztelera ikasten egon ondoren, Lazkaoko Maizpide euskaltegian dabil orain euskara ikasten.
Nondik datorkizu euskara ikasteko nahia?
Esango nuke, berez, futboletik sortu zitzaidala Euskal Herria ezagutzeko eta euskara ikasteko gogoa. Bestalde, Japonian Euskal Herriari buruzko zenbait liburu irakurri nituen aspaldi, eta pixkanaka jakin-mina piztu zitzaidan. Gainera, herri honen historia interesgarria iruditzen zait, eskubideak urratzen diren eremu bat dela uste dut, eta horrek atentzioa deitzen dit.
Zergatik erabaki duzu euskara ikastea?
Euskara ikasi baino lehen, zortzi hilabetez Donostian gaztelera ikasten aritu nintzen. Iruditzen zitzaidan euskara jakin gabe ezingo nuela Euskal Herria bere osotasunean ezagutu, eta horregatik hasi nintzen ikasten. Hemengo gizartean integratu nahi dut ahalik eta gehien.
Zer da kulturalki gehien harritu zaituena hemen zaudenetik?
Jendearen berotasuna, esango nuke. Japonia indibidualismoaren herrialdea da, eta bertako jendea oso hotza da. Hemen, aldiz, badago elkarri laguntzeko kultura bat, eta balore horiek jaso nahiko nituzke.
Etorkizunerako zein asmo daukazu?
Japonia bizitzeko leku ona dela uste dut, baina Euskal Herrian bizi nahiko nuke. Hemen oso gustura nago, eta ez dut hau bukatzerik nahi. Hemengoa ez naizen arren, etorkizunean lana hemen egin nahiko nuke.
Esan ohi da euskararen eta japoniar hizkuntzaren artean badela antzekotasunik.
Ergatibozko esaldien ordena oso antzekoa da, eta horrek, hein batean, euskara ikasten lagundu dit. Japoniar hizkuntzaren zailena irudien bidez idaztea dela esango nuke. Bestela, gramatika aldetik, euskara zailagoa iruditzen zait.
Zer da Euskal Herrian gehien gustatzen zaizuna?
Nagusiki, jendearen gertutasuna, esango nuke. Bestalde, asko gustatzen zait pintxopotea, eta tabernak terraza izatea. Japonian ez dago tabernaz taberna ibiltzeko ohiturarik, eta mahaian ere ez gara pertsona batekin baino gehiagorekin egoten. Hemen, ordea, jendea ezagutzeko aukera dago, oso gizarte irekia da. Bestalde, elkarteen kultura ere gustatzen zait: asko jan, jendearekin egon, abestu, musean jokatu…
Eta, alderantziz, zer da Japoniatik gehien gustatzen zaizuna?
Japoniako tresnak eta gailuak ez dira hemengoak bezain azkar hondatzen. Nire lagunaren pisuan, esaterako, igogailua ia bi astero hondatzen da; Japonian, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Trenak eta garraio publikoa ere ordurako etortzen dira han, hemen ez bezala. Azkenik, kaleak eta espazio publikoak ere hemen baino askozaz txukunago egoten dira. Japoniako jendeak hori barneratuta dauka.