Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Guztia erabili eta botatzeko dugun mundu honetan esanahi iheskor ororen konpultsio-kontsumitzaile bihurtzen ari gara. Aldi berean, zerbait ulertarazteko solasean ari den baten aurrean ‘algoritmoak’ beti oihuka erasotzen duena saritzen du. Irainik gabeko mezuek txepelak ematen dute.
Georges Buffon (1707-1788) naturalista eta idazle frantziar handiak garbi eta samur azaldu zuen, «egiazko zientzia bakarra gertaeren ezagutza» dela. Baina Modernitatearen garaiak ziren haiek. Egun badirudi betiko pentsamendu ilunaren aroan gaudela: gure ideiak egiazkoak direla geureak izate-gertaera soil horregatik.
Bigarren Mundu Gerrako suntsiketa material eta moral izugarriaren ondoren lurrikara intelektual sakonek astindu zituzten Ilustrazioaren oinarriak. Zutabe horien artean, zientziaren eta ezagutzaren oinarriak. Korronte kritikoen artean eskola anitzek muturrera eraman zuten beraien kritika: «Edozein zientzia, ‘bizitza era’ baten ‘lengoaia joko’ bat besterik ez da. Errealitatera heldu eta hura irudikatu beharrean lengoaiak errealitatea bera sortzen du». Modernitatearen kritikaren ur zikinarekin batera aurra ere komuneko zulotik bota ote zuten.
Urte pare bat eramango ditut irakurtzen ditudan ‘hitz’ berriak nire koadernoan idatziz jasotzen. Jadanik orrialde mordoxka bat beteta daukat. Harrituta nago gaurko ‘kultura’ deitzen diogun eremu horretan ‘errealitate berriak’ sortzeko dagoen erritmoa. Jargoi horren adibide batzuk: woke, woke-aurkako, queer, cool, salseologia, pornocomunismo, pornomarxismo, hipersuperdiber, kakazkaketa (enmierdificación), californication, pansexuala, eromen arrazionala eta abar. Errusiarrak asmatutako bitxikeria bat ere bai: Macroner (asko hitz egitea ezer ere ez esateko).
Norman Baillargeonek Curso de autodefensa intelectual liburuan aspaldi definitu zituen etiketa-hitzak. Esanahi txar guztiak ezarri eta gezi bat bezala jaurtitzeko aurkariari inongo argudiorik erabili beharrik gabe. Orain ulertu dut nik zergatik kultura-gerra deitzen dioten gezi-hitzak bata besteari botatzen ari diren zelai beteko bataila horri. Eta oihulariek megafonoak bereganatuz jakintsu eta zientzialariekiko susmoak zabaltzen.
Errealitatea ikertzea neketsua da eta ideia subjektiboek bidezidor errazagoak ematen dizkigute mundua nolakoa den inguruko arau edo irudiak sortzeko. Baina ideiak baino indartsuagoak dira gertakariak. Behar bada ezjakite aktiboari aurre egiteko gure eskoletan gaztetxoentzako autodefentsa-intelektual ikastaroak abian jartzeko unea iritsi zaigu.