Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan ari da Aitor Aldasoro Iturbe (Beasain, 1967), irailaz geroztik. Euskarak sail guztietan zehar-lerro izan behar duela defendatu du. Euskaraldiaren balioa, berriz, euskaldunez haragoko ariketa sozialtzat ikusten du, erdaldunak edo euskara bere ez dutenak «erakartzeko».
Euskalgintzan jardundakoa zara, bai Beasainen, bai erakundeetan.
Euskararen kudeaketan 2003an hasi nintzen, nahiz eta aurretik ere Eibarren ikasten nuenean euskara taldeetan-eta beti ibili naizen. Gure esparruetatik kanpo, zoritxarrez euskaraz bizitzea ez da normala. Nik egunak egiten ditut erdaraz hitz egin gabe. Ingurugiro sailean nengoenean egiten nuen. Orain, hasi behar dudanean, gaizki sentitzen naiz. Hemen [jaurlaritzan] bertan, batzuentzat pentsaezina da hori. Euskara kontuak beti gustatu izan zaizkit, bertso munduagatik izugarri. Etxean, amari-eta euskara kendu egin zieten; aitari ez, zaldibiarra da. Etxean euskararen garrantzia jan egin dugu guk.
Nola bizi duzu gaur egun euskara?
Beti daude heldulekuak ‘zer gaizki gauden’ esateko. Euskarak, edo euskararen munduan gabiltzanok, bekatu hori badaukagu. Baina datu kuantitatiboak hartuta, zerbait ondo egin da. Beste gauza bat da aurrera begira orain azti ibiltzea, eta estrategikoki jakitea non eta nola jarri behar diren arrautzak. Bestela, baikorrak izateko zorua daukagu. Kanpoko jende pilo bat datorrela esaten da, eta egia da, baina industrializazioan etorri zena baino gehiago ez da etorriko. Herri hau aldatu egin zuen hark. Orain egiten ari diren inkestak eta prospekzioak garai hartako datuak hartuta egiteko gogoa daukat. Pentsatzen dut egoera suntsitzekoa aterako litzatekeela, eta buelta eman zitzaion.
Baikorra zara, beraz?
Gaur egun, mila aldiz hobeto prestatuta gaude. Jauzi bat egin behar dela esaten da, eta ados nago. Baina jauzi horretarako zoru askoz hobea daukagu, eta ezinbestean asmatu behar dugu estrategietan.
Euskaraldiak zertarako behar du?
Euskaraldia da estrategia horien adibiderik onena. Euskaraldiak ezin dio euskaldunon zilborrari begiratu, eta hori egiten dugunero aukera bat galtzen ari gara. Euskaraldiaren potentzial nagusia euskarara erakartzeko ahalmena edo enpatia lantzea da. Erdaldun bat erakartzeko gaitasuna garatzen dugun heinean, hor dago balioa. Benetako ariketa hori da: euskaldunok eta euskara dominatzen ez dutenek baina aldeko jarrera bat dutenek, hori lantzea.
Jauziak norantz, nola eta zenbateraino jo, gizarte osoarentzat puntu komunik ikusten duzu?
Jauzia ez da euskaldunon artekoa izango. Euskaraz bizi garenotatik aparte etorriko da jauzia, eta horretaz kontziente behar dugu. Mahai oso bat baldin bada bizi garen esparru guztia, euskararena pusketa bat bakarrik da, eta hemendik nekez etorriko da jauzia; honek izan beharko du bultzatzen duena, baina beste guztian egon beharko du. Horrek esan nahi du zehar-lerroa, esan nahi du lan mundua, batez ere erabileran pausoa ematea. Inoiz ez da hainbeste jende euskaldun egon.
Zenbatek erabiltzen duten da gakoa.
Hezkuntzak jendeari erreminta batzuk eman dizkio, baina horiek nola ekartzen dira erabilerara? Gune ez formaletan. Ez dakit gune informaletara iritsiko garen (tabernak, kalean lagunekin…), baina gutxienez ez-formaletara, bai. Hau da, aisialdi antolatua, lan mundua, gutxi gora-behera kontrolatutako guneak, euskara planak… Hortik etorriko da jauzia, erabileran salto bat eman nahi baldin bada.
Beti ere zeharkakoa eginda. Hor, nik uste, euskaldunok enpatia lantzen egundoko lana daukagula. Ariketa ez da ‘guk euskaraz dakigu’ esatea. Euskaraz ondo ez dakiena ondo sentiarazteko badaukagu lana. Askotan ihes egiten dugu, eta gure inguruan hesiak eraiki: gure perfekzioa euskaran, gure hikak edo azkar hitz egiteak… Euskaltegietan eta inguru horietan jorratu, landu edo garatu den jarrera bat da, baina bestela, gizartean, badaukagu hor lana.
Euskalgintzan badago etsipen sentimendu bat. Urtetako lanaren ondoren ere, bururik ezin altxa, euskara itotzen ari den sentsazioa. Bat egiten duzu?
Batere ez. Ez nintzateke hemen egongo bestela. Euskaldun bezala ere ez daukat sentsazio hori. Hizkuntza teknologiak, adibidez, aukera bat dira. Nire helburua da Siri bat euskaraz edukitzea, eta hori egundoko aukera da euskara zabaltzeko ere. Bitartean, hizkuntza hegemoniko batzuen ondoan gaude, beti atzetik. Baina hor ari gara. Gaur egun, egindako lan izugarriagatik corpus nahiko zabala daukagu, geroz eta tresna gehiago daude euskara hutsean, lan munduan enpresa batzuek dena euskaraz funtzionatzen dute… Horiek dira eredu eta jarraitu beharrekoak. Inoiz eduki ez dugun zorua eta inoiz eduki ez dugun euskaldun kopurua dauzkagu. Hori aukera bezala ikusten ez badugu, jai daukagu. Eta ez da begiak ixtea, zeri begiratu nahi diozun baizik. Dramatismoetatik eta ‘kitto, dena eginda dago’-tik alde egin behar dugu. Hobetu egin behar dela esan dezagun, baina pentsatzen dut daukagun zoruak esperantzarako bidea ematen duela.
Zoru horretan zer landu behar da?
Hizkuntza gutxituetan munduan gu eredu gara. Garabide egiten ari den lana da, hain justu: euskara eta Euskal Herriak egin duen bidea adibide bezala jarri, beste hizkuntza gutxituek zer egin behar duten bere burua ateratzen hasteko. Noiz ateratzen da burua, ingelesaren eta espainolaren ondoan? Nik uste, esparruak irabazten joatea dela kontua, non euskaraz doktoretza egin daitekeen, non lan munduan inguru euskalduna eduki dezakezun, non seme-alabek aisian euskaraz funtziona dezaketen. Gune horiek irabaztea edo hor euskaraz jardun ahal izateko baldintzak jartzea da. Baina, berriz esango dut: inoiz eduki ez dugun zorua daukagu. Askoz zoru okerragoan aurrera egin baldin bada, saiatzea zor diogu orain arte hainbeste urtean lan egin duen jende horri ere; jaso duguna ere izugarria da. Nik esperantza dut. Noski, hizkuntza politikak arnas luzekoak dira, eta baliabideak jarri beharko dira. Aroa marko estrategikoa dago hamar urtera begira, eta orain 5 urterako plan zehatzago bat bukatzen ari gara. Hor asmatu behar da. Gogoeta gune bat badago, lan bikaina egiten ari dena, eta diagnosi horretan denok bat gatozela uste dut, non jarri behar diren ahaleginak.
Adibide batzuk jartzerik bai?
Hizkuntza teknologiak ezinbestekoak dira. Geroz eta eskari gehiago daukaten tresnetan eta adimen artifizialean euskaraz funtzionatu ahal izatea eragingo dute. Esaten dutenez, gure hizkuntza teknologiaren industria Europan puntanekoa da. Itzuli aplikazioa itzulpenetarako… Euskorpora elkartea martxan jarri da, oso inportantea den zehar-lerro ikuspegi batekin: Industriak hartu du bere horrelako proiektu bat, ez HPSk. Guk guretik bakarrik ez dugu jauzirik egingo; besteak busti behar dira, eta hor bai egongo dela jauzia, hasi Gobernantzatik eta jarraitu egiten diren politiketara.
Tresnetan aurrerapena egin dela begi-bistakoa da. Baina horiek erabiltzeko nahian, beharrizanean, interesean, kontzientzia ez al da mehetu?
Ez dakit gu mehetzen ari garen, edo beste batzuek indarra hartu duten. Etengabeko zera da. Ez naiz ausartzen esatera mehetu edo indartu garen, datu oso zehatzak behar direlako jakiteko. Atzean euskararen prestigioa dago, eta kanpotik datozenen artean transmisioan datuak oso onak dira, baita Iparraldean ere. Kanpotik etortzen denak bere seme-alabek hemen euskaraz ikas dezatela nahi du. Lehenengo aldiz ematen da, euskaldun kopurua gehiago dela kanpotik datozen erdaldunen seme-alabena, euskaldunena baino. Bertakoa ikasi nahi dute; ez lanerako bakarrik, hizkuntza batek ematen duen guztia bizi ahal izateko ere bai. Hizkuntza bati prestigioa ematen dio gauza guztietan erabilgarria izateak, eta horretarako euskara prestatuta dago. Gero, Euskal Herriko punta batean agian prestigio bat du, eta oso gorabeheratsua da toki ezberdinetan. Baldintzak eman behar dira horretarako.
Kontrakoak areagotzen ari ote diren…
Egia da azken aldian administrazioan sartu nahi duen jendeak helegiteak jartzeak-eta euskarari mesederik ez diola egiten. Hor helburua euskara epaitegietatik ateratzea da. Maialenen [Lujanbio] bertsoa da: irabazitakoan ere galdu egiten dugu. Euskara hor dagoen heinean, galdu egiten dugu, eta hortik atera beharra daukagu.
Oldarraldi judizialaren kontzepturik bada zure ustez, eta erabiltzen duzu?
Ez dut erabiltzen, baina epaile batzuek egiten dutena oldarraldia den ala ez baino, epai politikoa dela ukaezina da. Kontua da horri irtenbidea epaitegi-ikuspegi batetik eman behar zaiola. Alegia, bihotza baino burua erabili behar dugu. 2003an udalean sartu nintzenetik zerbait ikasi baldin badut da zerbitzu bat emateko gaudela herriari, eta dudarik ez dago zerbitzua askoz hobea dela euskaraz ere ematen baldin bada.
Baina eragina izaten ari da oldarraldia: administrazioko zenbait instituzio eta enpresa hasi dira hizkuntz eskakizunak apaltzen edo kentzen.
Nik ez dut uste. Manifestazioan egunero jar gaitezke, eta ni pertsonalki jartzen naiz horren aurrean. Baina horrekin ezer gutxi egingo dut. Epaitegietako auziei epaitegietan eman behar zaie erantzuna. Baldin eta euskara epaitegietatik atera nahi bada, ezin da noski mezu epel bat bidali, ezin da gizarteratu mezu epel bat. Dekretuak euskararen erabileran normalizaziorako neurriak jartzen ditu oinarri; erabilerarako, ez ezagutzarako. Administrazioan fokua erabileran dago, eta indarrak hori areagotzeko jarri behar dira. Hori esanda, Gipuzkoan eta Bizkaian atzera pauso bat estrategikoki ematea ez da epelak direlako, epaitegietatik ateratzeko baldin bada. Indartsuak ere izan dira Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia. eta mukitakoa mukitakoaren atzetik jasotzen ari dira.
Hala ere, beste alderdiekin ere lantzen ari gara, legeari zer ukitu eman dakiokeen. Dekretua puntu horretan ez da batere aldatu, eta dekretu horrek euskaldundu du administrazioa. Egonkortze prozesu bat hasi da, eta ahotsak badaude esaten dutenak kointurala dela, eta egonkortze prozesua egiten denean bukatuko dela. Juristek esaten dute egoteko lasai, ikusi behar dela horri erantzuten dion edo haratago doan. Badaude zantzuak pentsatzeko haratago doala ere. Baina ados nago ezin dela erretiratu, erdaldunak bertan goxo geratzeko eta euskara ez dela behar esateko. Epaitegietako partida jokatzen ere jakin behar da. Garbi dago ez zela hau helburua, eta euskararen prestigioaren ikuspegitik penagarria da. Horren aurrean, orain arte balio izan duen erremintak gaur ez du balio, eta horri eman behar zaio buelta.
Euskaraldi honek zer ondorio uztea nahiko zenuke?
Belarriprest gehiago. Euskaraldiak zuen helburua Ahobizi bateko hiru Belarriprest egotea zen. Azkeneko edizioan, behintzat, hiru Ahobizi eta Belarriprest bat zeuden. Euskaraldia ez da festa bat, ariketa sozial bat da. Beasainen 200 euskaldun elkartzea ondo dago, baina nahiago nuke euskara bere ez duten 20 erdaldun ariketa hori egitera gerturatzeko kapazitatea bagenu. Ez da erraza, baina Euskaraldiaren potentziala hori da, han eta hemen: euskarara erakartzea. Lehen esandakoa berebizikoa da: edo enpatia lantzen dugu jendea erakartzeko, edo jai daukagu. Ez Euskaraldian bakarrik, bestela ere bai. Hizkuntza bat erakargarri egiteko, hizkuntzak erabiltzen dituen espazioak erakargarriak egin behar dira. Kanpoko zenbat jende gelditzen den aho zabalik bertso munduarekin, adibidez. Landu beharreko gantxoak dira, eta gaitasuna behar dugu horretaz hausnartu eta pausoak emateko. Ezin dute bertsolaritzak eta literaturak bakarrik izan, ordea. Aspaldi esaten zen: sormenak salbatuko gaitu.
Euskaldunaren enpatia, erakarpen indar
Itxaropena eta baikortasuna islatzen ditu Aitor Aldasorok, euskararen etorkizunari buruz ari denean. Karguaren arduragatik puska handi batean, ziurrenik. San Prudentzio bigarrenean ia hutsik eta lasai dagoen Lakuako egoitza nagusian –3.000 langile dabiltza han–, Euskal Herri osorako analisia egiten du. Ipar Euskal Herria eta Nafarroa gogoan ditu. Haiengatik eta euskararen egoera are larriagoagatik, horregatik bakarrik ezin dela ezkorra izan ziurtatu du.
Euskararako erakarmena sarri aipatu du, baita «zoru egokia» daukala ere. Beasaingo udal euskaltegiko irakasle Gurutze Sukia pare bat aldiz izendatu du elkarrizketan, euskara menperatzen ez dutenekin edo ez dakitenekin behar litzatekeen «enpatia» edo abegia zer den esateko: «Gurutzek zer kapazitate zeukan gogoratzen naiz, geldi hitz egiteko. Bere hizkuntza dinamikak erabat aldatzen zituen, nahiz eta euskaraz jardun: geldiago, errepikatuz…». Jarrera hori sumatzen du faltan, erdaldunak «erakartzeko».
Azken boladan, euskararekin lotuta, poza erakundeek eman diote; «ezagutu ditudanek, zirrikitu gabe, euskararen aldeko jarrera dutela ikusteak». Edo Bilbon zerbitzariak euskaraz atenditzeak. Nahigabea, berriz, «epaitegietan dagoen kontu horrek» eta euskararen erabilera «instrumentalak».