Maiatzaren 15etik 25era, egitarau arranditsurik ez da ia ikusiko Goierrin, Euskaraldiarekin lotuta. Egia da zenbait tokitan euskarazko antzerkiak, emanaldiak, kontzertuak edo ikuskizunak antolatu dituztela. Baina helburua beste bat du ekimenak: euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten euskaldunek kontzientzia hartzea, eta euskaraz jarduteko ohitura sendotzea; euskaraz ez dakitenek, berriz, jarrera proaktiboa besarkatu, eta hizkuntza bereganatzeko ideiara ausartzea. Urtearen gainontzekorako uzta-lurra ereiteko garaia da. Herrietako Euskaraldi batzordeek zertan eta nola lan egin daitekeen hausnartu dute. Ondorengo. hauek dira adibide batzuk.
BEASAINEN, UMOREA ETA HIKA
Alaitasunetik eta umoretik eragin nahi du Beasaingo Euskaraldiko batzordeak. Irrialdia antolatu dute, horretarako. Sei ekitaldi txertatu dituzte egitarau horretan, umorezko bakarrizketalariak, Imanol Ituño magoa eta Marimotots eta Porrotx pailazoak gonbidatuta.
Euskaraldiak, oro har, hikari eskaini dio aurtengo edizioaren ekarpen gehigarria. Toka eta noka formak berrindartzeko, Beasainen aplikazio berritzailea gauzatu dute. Hizketaren naturaltasuna eta bizitasuna iradokitzen duen Segurako antzerki taldearen Zopa antzezlanak osatuko du atal hori.
ORDIZIAN, PARTE HARTZEA
Ordizian indar nagusia parte-hartzean eta Euskaraldiko ariketa «ondo» egitean jarri dute, batez ere. Jendeak egun horiek «benetan jende gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz egiteko» hartu ditzan nahi dute. «Herrian ere suma dadila euskararen erabilera areagotzen ari dela, eta jende gehiagorengana iritsi garela Euskaraldiaren bidez. Eta kontua ez dela ariketan bakarrik geratu, baizik gero ere nolabaiteko konpromiso hori mantenduko dela», azaldu dute Ordiziako bultzatzaileek.
Lortzen diren aurrerapauso eta urrats horien testigantzak biltzeari ere garrantzia eman diote. «Euskarara gerturatu diren jatorri askotako herritarrei errekonozimendu bat adieraztea garrantzitsua da, besteek ere ikus dezaten badirela kanpotik etorri direnak euskarara hurbildu direnak». Maiatzaren 15eko hasierako ekitaldian, txupinazo moduko bat antolatuko dute, eta espazio hori haiei utziko diete.
Azken egunean, berriz, «konpromiso irakurketa» egingo dute. «Elkarteei proposatu zaie euskararekiko konpromiso bat hartzeko. Euskaraldia maiatzaren 25ean bukatzeak ez du esan nahi euskararekiko konpromisoa orduan bukatuko denik. Hortik aurrera ere lanean jarraitu behar dela eta herri mailan euskarari, erabilerari eta sarea josteari indarra eman behar zaiela adierazi nahi da».
Hala, behin Euskaraldia igarotzen denean, kanpaina bat abiarazteko asmoa dago Ordizian, kanpotik bizitzera etorri diren atzerritarrei ere lehen hitza euskaraz egiteko, eta «itxura fisikoagatik aldaketa hori zergatik egiten den» herritarren artean kontzientzia lantzeko. Hika jardutea edo ohitura hori hartzea ere proposatuko diete ordiziarrei Euskaraldiko egunetan. «Ea kalean hika gehiago entzuten den». Ikastaro bat jarriko dute horri begira.
LEGAZPIN, ELKARTEEI DEIA
Ekitaldi sortarik edo egitarau berezirik ez du prestatu Legazpiko batzordeak. Ariketa gauzatzen ipiniko dute arreta, eta hizkuntza ohiturak sendotzeko elkarte, talde eta erakundeengan utzi dute zeregin hori. «Herri batzordearen hiru bileretara bertaratu direnei eta interesa agertu duten herriko ikastetxeei eta hainbat kirol elkarteri gauza bat eskatu diegu: euren elkartean edo entitatean Euskaraldiaren ariketa egiteko ekintzak izan daitezela».
Kirol elkarteen kasuan, Euskaraldiko egunetako entrenamenduak eta bi asteburuetako partidak euskaraz izateko konpromisoa hartzeko galdegin dute. «Hau da, ariketa benetan egiteko konpromisoa hartzea eta hori ikusaraztea». Eskoletan ere ikasleekin gaia landuko dute.
Kultur agendarik nahita ez dute antolatu Legazpiko Euskaraldian Izena emango dutenek ariketa «ondo» egitea nahi du herri batzordeak, eta antolatuko diren ekitaldiak horretara bidera daitezela.
SEGURAN, ERAGILEAK ERDIRA
Ekimenaren hasieratik, Euskaraldiaren ikur eta ezaugarri izan dira hamaikakoak. Izena osatzen duten hizkiak adina herritar elkartu ohi dira, talde, elkarte, antolamendu edo multzo askotarikoetan ordezkari direnek osatuta. Ordezkaritasun horri ere etekina atera diote zenbait herritan, 11 herritar aukeratu, eta bakoitzak euskararekiko daukan edo hartu duen konpromisoa gizarteratu dute, beste batzuentzat animo edo inspirazio iturri izan daitezkeelakoan.
Seguran hamaikakoa herriari aurkezten jarri dute indarra. «Herriko eragile pilo bat elkartu ditugu hamaikakoa osatzeko, osasungintza, zerbitzuak, Altxa Burua ekimena, musika taldeak, gazteak…». Bideo bat grabatu dute.
Arnasguneek –Segura hala da– euskararen biziraupenean eta bizi-kalitatean daukaten pisua ikusarazteko, bestetik, hitzaldi bat antolatu dute. «Hizkuntza gutxituen inguruko lan bat egiten ari dira. Gipuzkoan arnasgune diren hiru herritara etorri, eta galdetegi bat lantzen ari dira». Seguran jaso zena azalduko dute hitzaldi horretan. Euskaraldirako eta Hikaldirako partaideak batzeko, herrian aurrez egin diren festak baliatu dituzte, apirilaren 12ko kinto eguna, esate baterako.
PLANGINTZAK BERRITZEN
Herri txikiagoetan ere baliatuko dute Euskaraldiaren astindua, euskararekin lotutako ekimenei begiratu bat emateko. Araman, Altzagan eta Itsasondon, adibidez, euskara sustatzeko plan estrategikoa berritzeko lanean ari dira, kide diren Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin (Uema) batera. Hiru herrietako euskararen egoera eta herritarren iritziak jasoko dituzte.
Hain zuzen ere, biztanle gutxiko udalerrietan ere zenbait forotan «kezka» bat badabil, azken urteetan: euskararen erabilera gutxi egin dela, kalean euskarak presentzia galdu duela, eta bai haurrek, bai helduek, erdarara gehiago jotzen dutela.
Udal zein administrazio mailako beste jarduera batzuetan bezala, Euskaraldirako batzordea batera sortu dute Altzagak, Aramak eta Itsasondok. «Herri txikiak garela ikusita, eta ekintzak aurrera ateratzea edo jendeak parte hartzea kosta egiten dela ikusita, herrietan antolatuta zeuden ekintzak bateratzea erabaki zen, Euskaraldiaren inguruko deialdia egiteko eta girotzeko», azaldu dute batzordekoek. Ahalegin berezia egin dute herritarrak erakartzen, Itsasondoko mus txapelketa, Aramako pailazo ikuskizuna edo azoka aprobetxatuta. Herritarrak Euskaraldiaren parte bihurtu dituzte, hamaikakoetan sartuta edo pankartekin argazkiak aterata. Eranskailuak ere sortu eta zabaldu dituzte.
Dagoeneko fruitu batzuk ontzen ari dira. Itsasondon Mintzalagun taldea berriro martxan jartzeko beharra ikusi dute, eta jada ostiralero elkartzen hasi dira. Euskaraldirako ere inplikazio handia erakutsi dute, eta txapak banatzen beraiek ariko dira. Arreta berezia izango du hiru herrietan txapa banaketak. Aurreko urteetan udaletxeetan eman baldin bazituzten, aurten kalean banatuko dituzte, egun banatan –ikus agendan–.
Esku-orri bat argitaratu dute, hiru udalerrietako herritarrei galdetuz Euskaraldian zergatik parte hartuko duten eta zer paper hartuko duten. Informazio gehigarria etxez etxe buzoietara bidali dute. «Ezer berezirik ez», baina beste urteetan baino lanketa handiagoa ari dira egiten Altzagan, Araman eta Itsasondon.
LEGORRETAN, GEROARI BEGIRA
Igaroko dira hamar egunak, eta etorkizunerako oinarri batzuk jartzea hartu dute zeregin nagusitzat Legorretan. «Gure kezka handiena ohitura komunikatiboak aldatzeko bideak jartzen hastea da, epe luzerako». Euskaldunek «berehala gaztelaniara pasatzeko» duten ohitura geroz eta zabalduagoa aipatu dute Legorretako batzordekoek aldatu beharreko azturatzat, adibide bat ematearren.
Lanketa soziolingustikoaz gain, soziala ere garatuko dute. «Euskaraldiaren helburua aintzat hartuta hasi gara lanean. Momentuz, eragile ezberdinekin hitz egiten hasi gara. Ez da gutxi», aitortu dute legorretarrek.
EGOERA ULERTZEKO BIDEOAK
Ataunen, Uemako kide den heinean, mankomunitateak ekoitzi dituen Euskararen egoera ultzerko gakoak bideoak zabaldu ditu udalak. Euskaraldiaren hizkiak bezala, 11 dira bideoak. Euskararen gaur egungo egoera zein den adierazten dute ikus-entzunezkoek, zenbait gako edo arrazoi aurkeztuta.
Euskaraldirako beren beregi antolatu dituzte ekitaldi batzuk ere. Beasainen bezala, Zopa antzerkia ikusi ahalko da Ataunen ere, maiatzaren 23an. Txapak udaletxean, liburutegian eta San Martingo plazan banatuko dituzte.
URRETXUN ETA ZUMARRAGAN, BATERA
Areizaga-Kalebarren plaza bihurtuko da Urretxuko eta Zumarragako Euskaraldiaren bilgunea. Hasierako eta bukaerako ekitaldiak han egingo dituzte, baita okasiorako antolatutako mikroipuin lehiaketako sari ematea ere. Bi udalek lankidetzan sortu dute literatura sariketa hori. Euskararekin lotuta, 500 eta 1.000 karaktere bitarteko narrazio laburrak idatzi behar dira. Maiatzaren 22an da sari banaketa.
Zintzo Mintzo euskara elkarteak ere jarriko du alea. Mendi ibilaldia antolatu du, maiatzaren 18rako. Ohikoa duten bezala, bi herrietako parajeak eta jakingarriak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera izango da. Deskarga aldean egingo dute kultur ibilaldia, paraje haietako historiak, gertakariak eta ondarea kontatuz.
Hika lantzeko mintzadromoa eta ginkana ere antolatu dituzte Zumarragan eta Urretxun.