Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Umorea txartzeraino amorratzen naute gizonek, hika zuzentzen zaizkionean nire ondoko tipoari, eta zuka, segidan, niri; eta kode horietan irauten duenean elkarrizketak azkenera arte. Edo irakasleek ikasturteko lehenengo egunetik egiten dietenean hika klaseko tipoei, besteei ez. Edo aitonak, biloba guapa txintxoari ez dionean hala egiten, baina bai haren nobio berriari. Edo kirol ekipoetako kargudun gizonek, haien klubeko protagonista gizonezkoei bizkarrean kolpea eman ahala hika zuzentzen zaizkienean. Edo askotariko kultur ekimenetako antolatzaileek, mendi-lasterketetako speaker-ek, tabernako zerbitzariek, aitek, osabek, anaiek, lehengusuek, bizilagunek. Hizkeraren erabilera urriak bezainbeste –are gehiago– amorratzen naute hitanoaren inguruan egonkortuta dauden dinamikek, joerek eta inertziek.
Aurten, Euskaraldian, Belarriprest edo Ahobizi txapan ‘H’ bat pegatzeko aukera izango omen dugu, jendeak hika hitz egin diezagun. Ilusio puntua ere egin zidan jakin nuenean, emango diolako hala nahi duenari aukera hika norekin mintzatu jakiteko eta hartuko duelako hizkera horrek ohi baino toki nabarmenagoa, seguruenik, gure herrietan. Ordea, kamiseta-jertse-txaketetako txapatxoan ‘H’ bat pegatzen dugun momentutik, nago proposatu behar litzatekeela hartu dezagula tartea hausnartzeko hitanoaren eta maskulinitatearen arteko harremanaz, hitanoaren erabilera normalizatuak atzean duen biolentziaz, erreproduzitzen dituen egiturez. Hitanoa ikusgarriago egiteko ez ezik, balio dezala Euskaraldia Hika ekimenak hitanoaren errealitateari ikuspegi kritikotik erreparatzeko eta horren inguruan hausnartzeko. Hizkuntzaren –eta beraz, hiztunon– lurra geruza mordo batek osatzen dute; horietan guztietan barrena mugitu dezagun elkar.