Aspaldi eman zituen lehen pausoak aurtengo Euskaraldia prestatzeko Legazpiko herri batzordeak, eta aurreko edizio guztietan bezala, Asier Iriondo bertsolaria (Arriaran, Beasain, 1973) kideetako bat da.
Zer da Euskaraldia?
Euskaran alde Korrika, Kilometroak eta horrelako beste jaialdiak badaude, alde emozionala ukitzen dutenak eta beren eragina eta beharrezkotasuna dutenak, baina Euskaraldiak daukan desberdintasuna da, mezuetatik harago, ohitura aldaketan jartzen duela indarra, eta horretarako ahalegin bat eskatzen du. Ohiturarena aitzakia bezala erabili eta aipatu izan da euskararen erabilera txikia justifikatzeko, eta Euskaraldia ohitura hori aldatzeko ahalegin bat eskatzen duen ekitaldi handi bat da.
Zein da ahalegin hori?
Korrikarekin eta beste jaiekin alderatuta, bestelako ahalegina da, ohiturak aldatu eta euskaraz hitz egiteko ahalegina. Orain arte hiru Euskaraldi egin dira, eta ikusten da ez dela erraza, kosta egiten dela. Baina ohitura aldaketa horietan eragin behar da, eta hor asmatzen bada, lortuko da euskara gehiago erabiltzea.
Hori errazteko sortu ziren Ahobizi eta Belarriprest?
Euskaldunok beti ari gara pentsatzen aurrean dugunak euskaraz dakien ala ez, ondo hartuko ote duen guk euskaraz hitz egiten badiogu… Gure barruko borrokak dira, eta konplexuak. Ahobizi eta Belarriprest identifikazioekin lagundu egiten da. Euskararen erabilera ez da kuadrillan edo lagun artean hitz egiten den gaia, ez dakigu besteak euskararekin duen esperientzia, euskaraz eroso sentitzen den edo ez, zer dela eta ez duen pauso hori ematen. Gainera, ohitura beti da biren artekoa, ez da batek bakarrik aldatu behar duena, besteak ere aldatu behar du berekiko. Orduan, batek igual ez du ohitura aldatzen erraztasunik ez duelako, besteak ez du aldatzen pentsatzen duelako aurrean duenak gaizki hartuko duela… Txaparekin, hori aurreratzen da behintzat, txapa ikusita informazioa baduzulako, badakizulako hizketakideak euskaraz egin nahi duela, edo berari euskaraz egitea nahi duela. Hori pauso bat izan daiteke ohitura aldaketa errazteko.
Baina banakako konpromisoaren menpe dago.
Hasieran Euskaraldiak banan-banako ariketa eskatzen zuen, banakako harremanetan eragiten zuen, aurrez aurrekoetan. Baina badaude ikerketa batzuk esaten dutenak lehenengo hitza euskaraz egingo balitz, erabilera izugarri igoko litzatekeela. Ariguneak hor koka daitezke, leku batera sartu eta jakinda hor euskaraz hitz egin dezakezula eta euskaraz hitz egingo dizutela, euskaraz hitz egingo duzu. Hor ere identifikazioak paper garrantzitsua jokatzen du.
Figura horiek guztiak biltzen ditu aurtengo edizioak ere. Balio izan al dute aurrekoek?
Egia esan, ez daukat daturik eraginkortasunaren inguruan, baina nire sentsazioa da ariketa zaila dela, eta ezin dugula pentsatu zerotik ehunera pasatuko garenik epe motzean. Helburu txikiak jarri behar dira, norberak jarri behar ditu bere helburuak, bere ingurua nolakoa den eta zein harreman mota dituen ikusita, eta neurtu gero emaitzak.
Baina baliagarria al da Euskaraldia?
Bai, nik uste dut gakoa dela erabilera bultzatzea ohituretan eraginda, baina emaitza ez dugu erraz ikusiko. Hamaika eguneko ekinaldiak izan dira, eta aurtengoa ere halakoa da. Baina denboran mantentzen badira, eta gakoa jartzen bada erabileran eragin behar dela, luzera begira ekarriko ditu emaitza onak. Horrelako ariketak beharrezkoak direla iruditzen zait.
Bi urtetik behin izanda ere?
Onena litzateke egunerokoa izatea, bai, baina ikusten da ezinezkoa dela. Horrelako ekimenetan komeni da hasiera eta bukaera izatea, eta nik egoki ikusten dut bi urtetik behin izatea, eta hamaika egunetara mugatua izatea.
Beharrezkoa al da?
Euskal Herriak behar du Euskaraldia. Garenaz emozionalki harrotzea eta identitatea garatzea ezinbestekoa da, baina hizkuntzaren erabileran eragitea ere beharrezkoa da, eta hor kokatzen da ohiturak aldatzeko ariketa hori, beste faktore batzuekin batera, noski, beharko ditugulako eskubide batzuk, eskubide horiek babesteko lege batzuk…
Aurten udaberrira aurreratu da. Zergatik?
Esaten dute neguan, txamarrekin, txapak ez zirela ikusten… Arrazoi praktikoak direla uste dut.
Legazpira etorrita, zu hasieratik zaude inplikatuta. Zergatik?
Natural samar, esango nuke. Ni Zingi Zango euskara elkartean nengoen, eta Euskaraldia bultzatzeko ardura hartu genuen. Lehen edizioan, 2018an, ahulduta zegoen gure elkartea, eta Euskaraldia bultzada bat emateko aukera zela pentsatu genuen, ordezkoak etorriko zirela edo. Ez zen horrela gertatu, eta Euskaraldia izan zen bultzatu genuen azken ekitaldia.
Nolakoa izan zen lehen edizio hura?
Jende askok eman zuen izena Ahobizi eta Belarriprest izateko, txapa asko banatu ziren. Euskararen aldeko ekitaldi bat zen, eta jendea, orokorrean, euskararen alde dago. Kontua da txapa bai, jartzen dela, baina kostatu egiten da benetan erabileran eragitea. Hurrengo edizioetan ikusi da jaitsi egin dela Euskaraldian parte hartzeko izena ematen dutenen kopurua. Baina nik ez nuke nahi jendeak etsitzea. Bidea hau da, nahiz eta erraza ez den.
Zingi Zango desagertu zen, baina zuk jarraitu duzu euskararen aldeko lanean.
Nik, eta nik bezala beste legazpiar batzuek ere bai. Aurten ere elkartu gara batzuk Euskaraldia sustatzeko herri batzordean.
Zein dago batzorde horretan?
Zortzi-bederatzi lagun elkartu gara, baina herriko elkarte handietako ordezkariak dira gehienak, eta horrek esan nahi du atzetik jende asko dagoela. Kirol elkarteak eta ikastetxeak daude, adibidez, eta hori garrantzitsua da.
Zer egingo da Legazpin?
Pentsatuta dugu mintzalagunei bertso-eskola bat ematea ikastetxeen laguntzarekin, adibidez, eta kirol elkarteek ere egingo dute ekintzaren bat. Baina Legazpin ez dugu kultur agenda huts bat osatu nahi, baizik eta Euskaraldiaren helburua azpimarratu nahi dugu, hau da, ariketa egitea eta ondo egitea, hortik etor daitekeelako aldaketa. Horregatik eskatu diegu kirol taldeei Euskaraldiak iraun bitartean gutxienez, entrenamenduetan eta bi asteburu horietako partidetan euskara erabiltzeko. Euskaraldia ikusaraztea eta gainerako herritarrei ariketa egiten ari direla erakustea da kontua. Agerian jartze horretan udalak ere ipiniko du bere alea, herrian hainbat pankarta jarriko dituelako.