Joxe Begiristain • Irakurzalea
Fernando Rey idazleak maisulanez euskaratutako liburuak Infinitua ihi batean. Liburuen asmakuntza Antzinaroko munduan du izena. Jatorrizkoa, Irene Vallejoren El infinito en un junco da: berealdiko arrakasta izan duena, irakurleengan. Eta, horien artean sartzen dut neure burua ere: nik euskarazko bertsioa irakurri dut eta, asko eta asko baditut ere oso gustukoak ditudan liburuak eta idazleak, liburu honek hasiera-hasieratik harrapatu ninduen eta bigarren aldiz irakurri ondoren, garbi dut irakurri ditudan liburuen artean eta idazle guztien artean, hobenekotzat ditudala dagoeneko, bai liburua eta baita bi idazleak ere.
Funtsean, liburuaren kontrazalean dioena da gaia, alegia, gizakion elkarrenganako harremana ahozkotasunera mugatzen zenetik, lehendabizikoz idatzita jarri ziren hitzetatik gerora, liburu izenez ezagutzen dugun asmakuntzaren historiari buruzko liburua da.
Baina, ordea, hogeita hamar mendean liburuak izan duen ibilbidearekin batera, gizartearen, pertsonon historia da liburu hau! Eta nola ez, liburuak sortu eta harrezkero gaur egunera arte gure esku liburuak jartzen dituzten guztienganako aitortza egiten du Irene Vallejok, eta hor, irakurleok ere, bukaerarik gabeko kate luze-luze horretan katebegi gara; baita hau irakurtzen ari zaren hori ere.
Liburu hau irakurri ondoren, orain are eta gusturago berrirakurriko ditugu, adibidez, bertan hizpide dituen, eta Homero greziarrak idatzi omen zituen Iliada eta Odisea liburuak.
Bete-betean Euskaraldiaren saiakera berrian sartzera goazen honetan, aitzakia ederra da Irene Vallejok sortu eta Fernando Reyk euskaratutako liburu eder honekin gizakion historia gogoangarri hau ere, euskaraz dastatzeko.