Badihardugu Euskara Elkarteak sortu du hitanoa ikasteko Appahi! aplikazioa, CodeSyntax enpresaren laguntza eta garapen teknikoarekin. Oñatin izan du sorlekua, baina Oñatitik Euskal Herrira zabaldu dute. Azken berritasuna da Beasaingo hitanoa ikasteko aukera ere sortu dutela, Aittu euskara elkartearen laguntzarekin. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri.
Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeñaren esanetan, hasiera batean Oñatirako sortu bazen ere, gero «berehala» euskara batuko bertsioa atera zuten. «Jarraian etorri dira Azkoitia, Eibar, Arrasate eta Eskoriatza, eta aurten Beasaingoa aurkeztu dugu». Agirrebeñak berak eta Idoia Etxeberriak osatu dituzte aplikazioko testuak eta galderak, eta irudiak Mirari Sagartzazurenak dira. Audio eta bideo gehienak Euskal Herriko Ahotsak proiektukoak dira.
Bost astean, egunean 10-15 minutu eginda, hitanoa ikas daiteke Appahi! aplikazioaren bidez. «Zailtasunik gabe, hitanoaren oinarrizko egitura guztiak» eskainiko ditu Appahi! aplikazioak. «Galdera-erantzunen bidez, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta izango da, betiere alderdi ludikotik abiatuta».
Egunean 10-15 minutu
Lehenengo lana aplikazioa deskargatzea da. «Behin aplikazioa deskargatutakoan, aukera dago zein herritako bertsioa aukeratzeko. Horrekin batera, aukera daiteke aplikazioak bidaltzen dituen mezuak noka edo toka jaso nahi ditugun».
Ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Funtzionamendua ondorengoa da. 35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator, zuzen asmatu beharreko partidak. «Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango da. Aste bukaeran errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera».
Egunero ikasgai bat
Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat, eta egunero ikasgai bat. «Ikasgai batzuk teorikoak dira, lehenengoa adibidez, baina gehienean ikasgai bakoitzaren oinarria aditz taula bat izango da. Egun bakoitzean aditz bat landuko da». Badihardugu elkarteko kidearen esanetan, norberak bere erritmora egin dezake prozesua. «Egunero pilula bat osatuz gero, azkarrenak bost astean lortuko du atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea».
Egunean Behin jokoaren tankerako galdera-erantzun partidak izango dira lagungarri. «Hiru aukera posible dauzkaten galderak izango dira. Hori bai, ez dago presaka erantzun beharrik, ez dago denbora mugarik, eta ez dago partida bakarra. Partida bat baino gehiago jokatzeko aukera dago. Ikasgaian aurrera egiteko, partida guztietako galdera guztiak ondo erantzun behar dira. Zuzen erantzunda ere, aukera dago berriz egiteko, errepasatu nahi bada».
Behin gainditutako ikasgaia «irekita» geratzen da. «Galderak zuzen erantzun eta ikasgaia gainditzen badugu, hurrengo egunean beste ikasgai bat irekitzen da. Egunean ikasgai bat. Egunean ezin dugu ikasgai bat baino gehiago egin».
Azken batean, hizkuntzak ikasteko beste aplikazio batzuen moduko sistema da, baina kasu honetan, hika hitz egiten hasteko behar adina erreminta eskainiko du. «Edozein momentutan erabil daiteke appa».
Erabiltzeko aukera
Hizkuntza guztiekin gertatzen den bezala, argi dago ikasteko ausartu egin behar dela erabiltzera. Euskaraldiaren garaia egokia izan daiteke urratsa egiteko, Ahobizi edo Belarriprest txapari H pegatinatxoa jarrita.
Oñatitik Euskal Herrira
Appahi! aplikazioaren lehenengo bertsioa Oñatiko Udalaren babesarekin atera zen, 2021. urtean, Oñatiko hitanoa biziberritzeko Ingo xonau! proiektuaren barruan. «App hau, beraz, Oñatin abiatutako lan haren emaitza da, eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Ingo Xonau proiektuko kideei eta Oñatiko Udalari emandako babes eta laguntza guztiagatik».
2022an Badihardugu euskara elkarteak euskara batuko informazio linguistikoa, aditz taulak eta galdera-sortak ere sortu eta gehitu zituen aplikaziora, Ritxi Lizartzaren laguntzarekin eta aholkularitzarekin.
Oñatin hasitako esperientzia herri gehiagotara zabaldu dute harrezkero. Dagoeneko, Oñatikoaz eta Beasaingoaz gain, Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Azkoitia eta Zumaiako ikasgaiak ere badaude aukeran Appahi! aplikazioan.
Hizkuntzaren parte
Deba ibarreko euskara elkartea da Badihardugu, eta bere beste lanetako bat Ahotsak proiektua du. «Eskualdeko hizkuntza bultzatzeko sortu zen, herri hizkera eta lagunarteko hizkera. Deba ibarra Gipuzkoa den arren bizkaieraz egiten da, eta konplexuagatik erdararako joera handia egon da. Hortik sortu zen ahozko ondarea biltzeko ideia. Gure proiekturik ezagunena da Euskal Herriko Ahotsak proiektua».
Hizkera desberdinak jasotzeaz gain, euskararekin eta ohiturekin lotutako informazio ugari eskuratu ahal izan dute, besteak beste, hitanoaren inguruan. «Elkarrizketak egin ditugu hainbat herritan hitanoa jasotzeko eta hitanoari buruzko kontuak jasotzeko: zein izan den ohitura, zergatik noka beheraka joan den…».
Agirrebeñak ateratako ondorioetako bat zera da: «Hitanoak fama txar bat eduki du, zakarra dela, baserritarrena dela… Garai batean, gerra ostean euskarari jarri zioten fama txarra eta erdararako joera zabaldu zen, eta horren barruan hitanoak oraindik fama txarragoa jaso zuen. Neskena, berriz, teorian finak izan behar direlako, neskari hika egitea are eta txarragoa da. Hortik dator gainbehera. Baina gure hizkuntzaren zati bat galtzen ari gara».