Euskaraldian, Ahobizi eta Belarriprest roletan parte hartzeko aukeraz gain, beste modu bat gehiago ere izango dute aukeran Goierriko hamar herritako herritarrek: hika forma erabiltzeko ariketa. Euskal Herriko 83 herrik egin dute bat Hikaldiarekin, hitanoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin. Tartean dira Ataun, Beasain, Idiazabal, Itsaso, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia eta Zumarraga.
ZirHika mugimendutik sortu da Euskaraldian hitanoa txertatzeko proposamena. Tauparekin batera ari da lan horretan, eta herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte: «Euskaraldia Hika ekimenean izena eman duten herri guztietako herritarrak ariketa egitera animatu nahi ditugu, hitanoa plazaratzeko eta hizkuntza-ohitura berriak sortzeko».
Nola parte hartu?
Euskaraldia Hikan parte hartuko duten 83 herrietan, Euskaraldian parte hartzeko izena ematerako garaian, Euskaraldia Hikan parte hartu nahi duten ala ez galdetuko zaie hasierako formularioan.
Baiezkoaren kasuan, txapa jasotzerakoan, ‘H’ pegatina hori bat jasoko dute, Ahobizi edo Belarriprest txapan itsasteko.
H-aren esanahia
H pegatinaren esanahia honakoa da: «Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu». H-a ipintzeko ez dago hika jakin beharrik. Izan ere, hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere ipin dezake. Hitanoa ikasi edo entzun nahi izatea nahikoa da, solaskideari hika egiteko aukera ematea da helburua. Gero, bien artean erabakiko dute hika egin ala ez.
Ekintza osagarriak
Euskaraldia Hikan parte hartzea erabaki duten herrietan aukerakoa izango da hitanoa bultzatzeko ekimenak egitea. Ordizian, adibidez, hika ikastaroa antolatu dute maiatzeko hiru ostiraletan: gaur, 16an eta 23an, 18:45etik 20:15era bitartean. Saio teoriko eta praktikoak egingo dituzte. Doakoa da. Ormaiztegin, maiatzaren 16an, 19:00etatik 21:00etara Hika-poteoa egingo dute udaletxe ingurutik hasita, Eingo! taldearekin. Urretxun eta Zumarragan, maiatzaren 23an, Areizaga-Kalebarren plazan, 17:30ean Appa Hi! lehiaketa eta 18:00etan Hikadromoa egingo dituzte.
Beasainen, maiatzaren 21ean, Segurako Xirikara elkartearen Zopa antzerkia izango da, eta Appahi! aplikazioan Beasaingo hitanoaren bertsioa osatu dute. Ataunen ere Zopa antzezlana izango da, maiatzaren 23an.
Idiazabalen kafe-tertulia bat egingo dute DBH1eko eta 2ko ikasleekin. Batez ere emakumeen arteko hika sustatu nahi dute neska gazteen artean. Adinetxe jubilatuen elkartea eta Aizan! talde feministaren artean antolatzen ari da.
Itsason, ondare ez-materiala jasotzeko helburuarekin, noka hiztunak kontu-jardunean jarri eta jasotzeko lana egingo dute. Gaia emanda, solasaldi laburrak proposatuko dizkiete, bizpahiru minutukoak.
Euskaralditik harago
Dena den, ZirHika mugimenduak Euskaraldiko hamaika egunetatik harago jarraituko du hitano hiztunak aktibatzen. Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko dute azaroan Markina-Xemeinen (Bizkaia), eta abenduan Euskal Herriko II. Hikadromoa antolatuko dute Durangoko Azokan. Hain zuzen ere, 2024ko abenduaren 7an Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu zuen ZirHikak Durangoko Azokan, Gerediaga elkartearen babesarekin. ZirHika taldearen lehenengo ekimena izan zen. Bagera elkarteak gidatu zuen dinamika, eta arrakastatsua izan zen: 75 lagun elkartu ziren, Euskal Herriko lurralde guztietakoak. 38 emakume eta 36 gizonezko, 18 mahaitan banatuta.
Gazteei lotuta, eta hitanoa biziberritzeko helburuarekin, udalekuetan hitanoa txertatzen saiatzea izango da aurtengo udan beste lanetako bat. Hitanoa hizkera informala denez, aisialdiko guneetan jarri dute arreta. Praktika onen dekalogoa ere osatuko dute.