Danimarkan ezagutu zuen bikotekide legazpiarra, eta lana Euskal Herrian aurkitu ondorenetik, euskara klaseak jasotzen ari da, duela ia lau urtetik. Euskaraldian, lehen aldiz, Ahobizia izango da.
Non jaio zinen?
Bartzelonan jaio nintzen, eta familia hemengoa ez dudan arren, amona Donostian bizi zen. Oporretan bertara joateko ohitura genuen, eta euskara ez nekien arren, banuen euskal kulturaren berri. Amona hil zenean, baina, etortzeari utzi genion.
Urte batzuk beranduago, Danimarkara joan nintzen masterra ikastera, eta bertan ezagutu nuen nire neska-laguna dena, legazpiarra. Hasieran erdaraz egiten genion elkarri, baina bera ere katalana ikasten ari zenez, katalanez hasi ginen hitz egiten, eta horrek, aldi berean euskara ikastera bultzatu ninduen. Danimarkatik ikasten nuen garai hartan euskara, masterra bukatu bitarte. Ondoren, baina, lana bilatzen hasi ginen bai Bartzelonan eta baita Euskal Herrian ere; biok hemen lortu genuenez, Euskal Herrira etorri ginen bizitzera.
Orduan hasi zinen euskara klaseetan?
Donostian eman nituen aurreneko urteak, eta hango euskaltegi batean hasi nintzen euskara ikasten. Hiru urte bertan egin ondoren, Legazpira etorri ginen bizitzera eta orain hemengo euskaltegian ari naiz. Dagoeneko lau urte daramatzat euskara ikasten, eta konplexutasunak dituen arren, ondo moldatzen ari naiz.
Zerk bultzatu zintuen horretara?
Neska euskalduna edukitzeak, noski. Baina ez horrek bakarrik. Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean euskal kulturara egokitu nahi izan nuen berehala; euskara jakin nahi nuen, izan ere, horixe bera nahi izaten dut norbait Kataluniara datorrenean, eta itxurati samarra litzateke nire aldetik euskara ikasiko ez banu.
Egia da inguru euskaldun bat izateak asko errazten duela euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea, edo hori sumatu dut nik. Etxean egunero euskaraz egiten dugu neska-lagunak eta biok, baita haren familiarekin ere, eta asko laguntzen dit horrek. Ezinbestekoa da, euskara ikasteaz gain, praktikan jartzea. Asko nabaritzen dut hori nire euskaltegiko kideekin: agian, gramatika edo idazketa ondo menperatzen dute, baina badago jendea gerora euskara praktikan jartzen ez duena.
“Euskal Herrira bizitzera etorri nintzenean euskal kulturara egokitu nahi izan nuen berehala; euskara jakin nahi nuen”
Euskara praktikan jartzeko ingurua baduzu, beraz.
Bai. Gainera, nabarmen gertatzen zaidan faktoreetako bat da jendeak euskalduna naizela pentsatzea. Iñigo deitzen naizenez eta eguneroko elkarrizketetan aurreneko hitza beti euskaraz egiten dudanez, ez dute uste katalana naizenik. Gaur egun, adibidez, Euskal Herriko Casteller taldean nago eta beraiekin ere gauza bera gertatzen zait: asko oraindik erdaraz hasten zaizkit. Ni euskalduna sentitzen naiz; euskalduna da euskara duena, eta hala kontsideratzen dut neure burua.
Zer diozu Euskaraldiaz?
Halako ekimenek funtzio garbia dute: bertako hizkuntzak iraun dezan sustatzeko baldintzak jartzea. Katalunian ere maiz egiten da halako ekintzen aldeko apustua, nahiz eta horrelako aste konkretu bat ez egon. Nik, pertsonalki, beti parte hartu izan dut, Belarriprest rolaren pean. Oraingoan, baina, Ahobizi izateko animatu naute. Erronka pertsonala da niretzat, izan ere, batzuetan lotsatu egiten naiz euskaraz egitean, badirelako ongi menperatzen ez ditudan hitzak, eta, beraz, horri buelta eman eta neure burua euskaraz egitera derrigortzea erronka bat da niretzat. Bien bitartean, ekimen polita eta beharrezkoa dela iruditzen zait.
Euskarak etorkizun beltza izango duela diote. Zer diozu?
Egoera desberdinak daudela iruditzen zait: bada euskaraz dakien eta egunerokoan erabiltzen ez duen jendea; bada euskaraz zertxobait dakiena, baina inguru euskaldun bat ez izanagatik ohitura falta handia duena; bada jendea euskara esparru konkretu batzuetara mugatzen duena, esaterako, eskola barruko tresna gisa ikusten duena, eta hortik kanpo batere erabiltzen ez duena. Errealitateak dira horiek denak, eta, egia da, kezka puntu bat sortzen dutela nigan.
“Ezinbestekoa da denok gure partetik aletxo bat jartzea eta barneratuta dauzkagun ohiturak aldatzen ahalegintzea”
Hala ere, iruditzen zait jende horrek oraindik baduela tartea euren hizkuntza-ohiturak aldatzeko. Optimista naiz zentzu horretan. Izan liteke agian denbora gutxi daramadalako Euskal Herrian, baina Katalunian ere gauza bera gertatzen ari da, nahiz eta nabarmen agerikoagoa izan Euskal Herrian. Iruditzen zait hizkuntzek oso poliki eboluzionatzen dutela, eta, beraz, oraindik berreskuratzeko aukera dagoela. Horretarako, baina, ezinbestekoa da denok gure partetik aletxo bat jartzea eta barneratuta dauzkagun ohiturak aldatzen ahalegintzea. Euskara erabili egin behar da, praktikatu, kalera atera.
Zer esango zenioke euskara ikasten hasteko beldurra duen hari?
Euskara ikastera animatuko nuke. Bada trikimailu bat hasi berritan oso baliagarria egin zitzaidana: abestien bidez euskara ikastea. Maiz, hitz bat irakurtzerakoan eta bere esanahia ez baldin badakizu, hiztegian begiratuta ulertzen duzu hitz horren esanahia. Ordea, abesti batean hitzen bat behin eta berriz errepikatzen bada, azkenean, buruan gordeta geratzen zaizu, eta bada ikasteko beste modu bat, nahi gabekoa. Bulego taldeak asko balio izan dit horretarako.