Zergatik aukeratu duzu Ahobizi izatea?
Euskara ulertzen duenarekin euskaraz aritzea erabaki kontzientea da, eta hizkuntza entzunaraztea eta erabilera normalizatzea dakar horrek. Iruditzen zait, euskarak biziraun dezan, ezinbestekoa dela jarrera aktiboa hartu eta euskara lehen mailako aukera gisa hartzea. Hautu hori egiten dut nik, eta elkar elikatuz gero, kate-erreakzio positiboa sor dezakeela iruditzen zait.
Aurreko Euskaraldietan izan zinen Ahobizi? Aldaketaren bat nabaritu zenuen?
Aurreneko edizioa erronka modura hartu banuen ere, bigarrenean modu kontzienteagoan jardun nintzen, nire hizkuntza-jarrerek besteengan izan dezaketen eragina kontuan hartuta. Euskaraldiari dagokionez, esango nuke gizartean normalizatu eta egonkortu den ariketa dela.
Urtearen gainontzean, zer joera duzu hizkuntza aldetik?
Gainontzean euskaraz bizi naiz, eta naturaltasunez mantentzen dut nire hizkuntza-ohitura. Euskaraldian parte hartzea aukera polita da norberaren jarrera aztertzeko, hausnarketak partekatzeko eta kontzientzia areagotzeko. Konpromisoa berresteko balio dit.