Bost urte daramatza euskara ikasten, eta aitortu du euskara egunerokoan erabiltzeak asko laguntzen diola hizkuntza gutxika-gutxika menperatzen.
Zergatik aukeratu duzu Belarriprest izatea?
Esango nuke gero eta gehiago ulertzen dudala euskara, eta aurtengo Euskaraldiko edizioan beste behin ere Belarriprest gisa parte hartzeak aukera ematen dit neure burua euskaraz hitz egiten ahaleginarazteko, eta gainontzekoek euskaraz egin diezadatela behartzeko.
Aurrekoetan izan baldin bazinen, aldaketaren bat nabaritu zenuen? Eta lehen aldia baldin baduzu, zer espero duzu?
Bai, Euskaraldian urtero animatu izan naiz erronka pertsonal honetan nire aletxoa jartzera. Aldaketa nabarmenena norberak bizitzen duena da. Pertsonalki, ekimen honekin gehiago ausartzen naiz euskaraz egitera, txapa soinean jantzita jendeak badakielako euskara ikasten ari den pertsona naizela.
Ahobizi izateko bidean, helbururik jarri duzu, edo nola ikusten duzu pertsonalki zure garapena?
Bide naturala da niretzat egunerokoan euskara erabiltzea. Orain, gainera, haur txikiak dauzkat eta beraien bitartez asko ikasten ari naiz. Lanean ere ahalegintzen naiz euskaraz egiten. Horregatik, esango nuke bide naturalean ikasten ari naizela. Printzipioz, beraz, horrela jarraitzea eta egunerokoan euskara lehenestea dira helburu nagusienak.