Zer dela eta sortu duzue? Lehen aldia da ala aurrekoetan ere egin duzue?
Itoiz arropa dendak Euskaraldiaren aurreko edizioetan ere parte hartu zuen, eta aurtengoan ere «zalantzarik gabe» Arigune izateko eman dute izena. «Euskaldunak gara eta euskaraz bizitzen saiatzen gara, ahal dugun heinean», arrazoitu dute entitatearen parte hartzea. Iruditzen zaie «oso garrantzitsua» dela hirugarren sektorean euskaren erabilera sustatzea, dendariengandik hasita. «Guk lehenengo hitza euskaraz egiten dugu beti», azaldu dute bi lankideek.
Neurri berezirik edo arau zehatzik jarriko duzue ariketa hobeto atera dadin?
Euskaraldiaren baitan euskara sustatzeko neurri berezirik ez dute hartu. «Natural-natural egiten dugu euskaraz, gure egunerokoaren, gure bizimoduaren parte baita euskara. Beraz, orain arte bezala, gure ohiturari eutsiz, bezero guztiekin euskaraz hitz egiten saiatuko gara».
Zer ondorio uztea edo zer aldaketa eragitea espero edo nahi duzue?
Euskararen normalizazioa helburu duen Euskaraldiaren edizio berri honek zer ondorio uztea espero duten galdetuta, «euskararen erabileran aurrerapausoak ematen jarraitzea» izan da eman duten erantzuna. Uste dute, «orokorrean, jendeak, euskara gehiago erabiltzea lortu beharko genukeela».