Zergatik aukeratu duzu Ahobizi izatea?
Nire egunerokotasunean euskaraz aritzen naizelako izango naiz Ahobizi. Oso gaztetxoa nintzen lehen Euskaraldian, eta orduan ere oso argi izan nuen.
Aurreko Euskaraldietan izan zinen Ahobizi? Aldaketaren bat nabaritu zenuen?
Nire ustez, orain jendea kontzienteagoa da euskaraz hitz egitearen beharraz. Eta Euskaraldiko egun horietan zehazki, beste egunetan gaztelerara jotzeko ohitura duenak euskaraz gehiago hitz egiten du. Belarriprest bat aurrean izanda, adibidez, ni saiatu naiz laguntzen, euskaraz elkar ulertzen… Eta nirekin ere euskaraz hitz egin dezaketela adierazten dudan txapa jarrita eramaten dut. Hala ere, inguruan ikusten dudana da jendeak errazenera jotzen duela. Horregatik, guztiak animatzen ditut Euskaraldian parte hartzera, Ahobizi edo Belarriprest izanda, gehiago kontzientziatu daitezen euskararen erabileraren premiaz.
Urtearen gainontzean, zer joera duzu hizkuntza aldetik?
Lanean euskaraz egiten dut beti, eta kirolean ere bai. La Salle eskubaloi taldean jokatzen dut, eta normalean euskaraz hitz egiten dugu gure artean. Lagun artean ez hainbeste, baina saiatzen gara.