1. DIAGNOSTIKO BERRIA
Euskararen egoera ezagutzeko, diagnostiko berria egitea ezinbestekoa da, azken ikerketa guztiak ere kontuan hartuta. Azken urteotan azaleratu diren aldagai berriak txertatu beharko lirateke hor. Hizkuntza-gaitasuna, adibidez. Euskaldunak izan arren, herritar asko ez dira gai euskaraz lasai aritzeko, edo erdaraz bezain trebe eta eroso espresatzeko. Euskararen aldeko atxikimendua, berez positiboa den arren, ez da nahikoa euskara indartzeko.
2. HISTORIA AZTERTU
Azken ehun urteetako euskararen historiak gainbehera, indarberritzea eta gelditze aroak izan ditu. Horiek historikoki aztertu beharrekoak dira. Euskara etxean jasotzeko joera galdu zen XX. mendean zehar. Galera prozesuan, ordea, Euskal Pizkundea salbuespena eta itxaropen aroa izan zen. 1960ko hamarkadan euskara batua, ikastolak, gau eskolak, euskal kantagintza berria eta beste hainbat ekimen sortu zituzten. XXI. mendean moteltzen hasi direla sumatu dute.
3. HIZKUNTZA GAITASUNA
Euskaraz erdaraz baino erosoago 12 lagunetik batek bakarrik egiten du, euskal herritarren %8ak (210.000 hiztun). Herritar bakoitzaren hizkuntza-gaitasunak erabakitzen du erabilera. Erdaraz errazago egiten dutenak hamar aldiz gehiago dira. Gehienek, gainera, erdara bakarrik dakite. Elebidunen multzoa 30 urtean asko hazi den arren, euskaraz errazago egiten dutenen kopurua ez da handitu.
4. ERABILERA
Dagoen gaitasunerako, asko erabiltzen da euskara. Neurketen arabera, Euskal Herriko kaleetan entzundako 8 elkarrizketatatik bat zen euskaraz. Euskaraz dakitenek herritarrak %30 dira, baina erabilera askoz txikiagoa da: %13k erabiltzen du euskara erdara baino gehiago. Hiztun gaituen kopurua ikusita, euskara asko erabiltzen da, gaitasunak berez ekarriko lukeena baino gehiago.
5. ATXIKIMENDUA
Euskararekiko jarrera positiboa daukate euskaldunek, lotura estua eta atxikimendu handia. Euskararen alde ekimen asko egiten dira: eskolak, euskaltegiak, aldizkariak, egunkariak, irratiak, kultur taldeak, aldarrikapenak eta ospakizunak. Jarrera horrek eragina du gero hiztunen erabakietan, baita berez erdaraz errazago aritzen direnengan ere.
6. HIZKUNTZA BILAKAERA
Erdalduntzea indartsuagoa da euskalduntzea baino. Euskara etxean jaso zuten ia guztiek ikasi dute erabiltzen dute beste hizkuntza bat, eta askok erdara erabiltzen du gaur egun. Alderantzizko joera askoz apalagoa da, eta salbuespenak dira. Gizarteko hizkuntza ekosistema orokorrak euskara higatu eta galarazi die etxean euskara jaso zuten askori.
7. GALERAREN ARRAZOIAK
Botere egiturek euskara ahultzen dute. Euskararen aldeko politikak egin arren zenbait lurraldetan, oro har erdara da nagusi lurralde osoan. Indartsuagoak dira erdalduntzea bultzatzen duten faktoreak. Hiztun gehienak erdaldunak dira, eta erdara nagusi den eremuetan bizi dira. Euskaldunak erdalduntzeko inertzia handiak daude; erdaldunak euskalduntzea bultzatzen duten joerak, aldiz, ia batere ez. Lan munduan ere gaztelania eta frantsesa ezinbestekoak dira; euskara, batzuetan bakarrik. Komunikabideetan eta kultur kontsumoan askoz eskaintza handiagoa dago erdaraz.
8. BELAUNALDI BERRIAK
Gurasoak baino euskaldunagoak datoz haurrak, euskalduntzearen alde eta euskarazko hezkuntzaren alde egin den lanagatik. Hizkuntza gutxituen artean, berezia da ahalegin eta egoera hori. Duela 50 urtetik, guraso euskaldun gehienek seme-alabak euskaldun hezteko ahalegina egiten dute, eta ez diren guraso askok ere bai. Oraingo haurrek euskara gehiago jasotzen dute gurasoek baino.
9. LURRALDEA ETA NATURALTASUNA
Testuinguruak ez dira neutroak: ingurune batzuek euskararen alde bultzatzen dute eta beste batzuek erdararen alde. Arnasguneetan euskaraz bizitzea korrontearen alde joatea bezalakoa da; erdara nagusi den eremuetan euskaraz bizi nahi izateko, aldiz, indar handia egin behar da aurkako noranzkokoa berdintzeko, eta oraindik handiagoa aurrera egiteko.
10. ARNASGUNEEN GARRANTZIA
Hamar biztanletik bakarra bizi da euskara nagusi den udalerrietan edo euskara eta erdara pareko direnetan. Baina herri horietan bizi da euskara gehien erabiltzen dutenen multzorik handiena. Gaur egun euskaraz egiten denaren bostetik bi udalerri euskaldunetan egiten da. Erdara nagusi den eremuak euskalduntzen ere eragin handia dute biztanle horiek. Euskara indartsuago dagoen lurralde-eremu horiek bereziko garrantzia dute euskararen biziraupenerako eta garapenerako. Ahultzen ari dira, ordea, eta urte gutxian desager daitezke.
11. ETORKIZUNARI BEGIRA
Olatu berri baten beharra dauka euskarak. Minorizazio gorrian dago gaur egun, bai gaitasunean, bai erabileran, bai transmisioan, bai hizkuntza-bilakaeran, eta bai lurralde-nagusitasunean. Ahultasunean sakontzea berekin dakar horrek. Hizkuntza-heriotza egoeratik gertuago dago elebitasun parekide baten egoeratik baino; zer esanik ez nagusitasun egoeratik.