Duela 10 bat urte hasi zen euskaltegian euskara ikasten, eta lanak, familiak eta bestelako ardurek utzi dioten neurrian eutsi die ikastaroei. Yañez bitxitegian erretiroa hartu zuenetik, hutsik egin gabe joaten da euskaltegira.
Zergatik aukeratu duzu Belarriprest izatea?
Belarriprest izatea aukeratu dut, nahiz eta hitz egiteko gai naizen, segurtasun falta sentitzen dudalako oraindik ere.
Aurrekoetan izan baldin bazinen, aldaketaren bat nabaritu zenuen? Eta lehen aldia baldin baduzu, zer espero duzu?
Aurreko edizioetan ere parte hartu dut. Egunerokoan, ahal dudan guztietan euskaraz egiten dut, nahiz eta batzuek oraindik, nahiz eta nik euskaraz egiteko ahalegina egin, gazteleraz erantzuten didaten. Nire ahoskeragatik izan daitekeela uste dut. Euskaraldi honetan, Belarripresten txapa soinean eramatearekin, aurrean dudanari euskara ulertzeko gai naizela erakutsi nahi diot. Horrela, euskaraz dakienak baina nirekin lehen hitza gazteleraz egiteko ohitura duenak, nirekin ere euskaraz egitea nahi dut.
Ahobizi izateko bidean, helbururik jarri duzu, edo nola ikusten duzu pertsonalki zure garapena?
Euskara ikasten jarraitzea da nire buruari jarri diodan helburua, presiorik gabe, egunero gozatuz prozesu honetaz. Eta egunen batean, Ahobizi rolean izena emateko segurtasun nahikoa lortuko dut.