Azkeneko Euskaralditik hona euskararen aurkako oldarraldiak ez dira amaitu, eta areagotzen ari dira.
Ez, zoritxarrez oldarraldiak ez du etenik. Ikusten ari gara nola epaiz epai euskararen normalizazioaren alde ezarritako zoru bat eraisten ari diren. Gainera, gizarte adostasun sozial handi baten aurka, ez baitugu ahaztu behar eraisten ari diren euskararen normalizaziorako tresneria horrek gehiengo politikoaren babesa duela eta eragile sozialek (gehiengo sindikalak kasu) edota herritarrek, behin eta berriro berretsi dutela kontsentsu hori.
Oldarraldia ez da soilik judiziala.
Ez. Haren oinarrian ikusten dugu, baita ere, oldarraldi politiko bat eta oldarraldi mediatiko bat, sustatzen ari baitira dikotomia faltsuak, hala nola, euskararen normalizazioa lan eskubideekin lehian eta talkan jartzea. Enplegu publikoa egoki betetzeko baldintza zehatzak jartzea lanpostu mota horretara iristeko lehiaketa guztietan egiten da: lan hori ondo betetzeko eta herritarrari zerbitzu egokia emateko ezagutza batzuk eskatzen dira. Euskararen ezagutza lan horiek egoki betetzeko baldintza da, herritarrei zerbitzua behar bezala ematekoa. Ez dago lan eskubideekin talkarik, beste ezagutza batzuk eskatzen direnean halakorik ez dagoen bezala.
Gero eta euskara gutxiago jakinda lor daitezke lanpostuak. Administrazioan belaunaldi berriak sartzen ari direnez, administrazioa erdalduntzeko arriskua dakar horrek?
Bai, atzerapauso handi bat gertatzeko arriskuan gaude. Batetik, administrazioa euskalduntzeko urratsetan atzerakada nabarmena litzatekeelako, eta hori sekulako kaltea da normalizaziorako eta hizkuntza-eskubideen bermerako. Bestetik, gizarteari ematen zaion mezuagatik: euskararen ofizialtasuna bera auzitan jartzen da, eta horrekin batera prestigio galera eragiten da. Minorizatutako hizkuntza batentzat oso kaltegarria da hori.
“Ez dago lan eskubideekin talkarik, beste ezagutza batzuk eskatzen direnean halakorik ez dagoen bezala”
Nola aurre egin euskararen aurkako epaiei?
Batetik, EAEri dagokionean, Enplegu Publikoaren Legea aldatuta. Hau da, Katalunian eta Galizian bezala enplegu publikorako sarbidea izateko hizkuntza ofizial bien ezagutza eskatuta. Eta bestetik, progresibitatea bermatzeko salbuespen sistema bat txertatuta. Guztiz egingarria da. Esan bezala, Katalunian eta Galizian indarrean da eredu hori.
Kalera behin baino gehiagotan atera behar izan da. Iazko abenduan, ‘Larrialditik indarraldira’ adierazpena plazaratu zenuten, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak egin direla azpimarratuz azken urteetan.
Bai, iazko azaroan Euskalgintzaren Kontseiluan batzen garen eragileok adierazi genuen euskara larrialdi linguistikoan dela. Kosta egin zitzaigun urrats hori egitea, norbere burua larri dagoela adieraztea ez baita urrats xamurra. Baina adierazle soziolinguistikoek hala erakusten digute, eta etorkizunera begirako joerek larritasun hori indartzen dute. Katalunian eta Galizian ere jada adierazi dute larrialdi linguistikoan direla katalana zein galiziera.
Hala ere, larrialdian gaudela esatea ez da inola ere etsipenerako dei bat, biktimismoan laketzekoa. Alderantziz, larrialdian gaudela diogu sendabidea badelako, suspertze ariketa eta bide bat egitea posible delako eta hori bultzatu nahi dugulako. Lehenago ere izan dira euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdian, baina euskaltzaleen bultzadak, gizarte ekimenak, eta hark eragindako neurri politikoek ekarri dituzte susperraldiak ere. Kinka horretan gaudela adierazi nahi dugu larrialdiarekin. Hau da, indarraldia abiatzea ezinbesteko dugula, eta posible dela.
“Larrialdian gaudela diogu sendabidea badelako, suspertze ariketa eta bide bat egitea posible delako eta hori bultzatu nahi dugulako”
Susperraldia, nola?
Euskararen historia sozialean izan diren larrialdi horietan eragin diren susperraldiei ‘pizkunde’ deitu diegu. Ataka honetan hori bultzatu nahi dugu Kontseilutik: Pizkunde berri bat euskararentzat. Dudarik gabe, hizkuntza politiketan aurrerapauso sendo bat ematea ezinbestekoa izango da pizkunde berri hori gerta dadin, baina herritarrok egiteko garrantzitsua dugu horretan: geu gara alderdiek eta botere publikoek euskararen auzia lehen lerrora ekar dezaten eragiteko giltza daukagunak, pizkunde horren txinparta pizteko zotza daukagunak. Hori bideratzeko datozen hilabeteetan publiko egingo den lanketa bat ari gara martxan jartzen Kontseilutik.
Euskaraldia bezalako egitasmoek zertan lagun dezakete?
Dudarik gabe Euskaraldia pizkunde berri horretarako bide bat da. Hamaika egunez gure hizkuntza-praktiketan arreta jartzea eta kontzientzia hartzea proposatzen digu herritarroi, gure hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen normalizazioan kide aktibo izateko bidea eskaintzen. Gonbidapen zabal bat ere bada, euskaraz seguru sentitzen diren horientzat edo ulermenera baizik iristen ez direnentzat, haiek ere honen guztiaren parte izan daitezen. Are, euskaltzaleok hainbatetan bizi dugun bakardade eta umezurztasuna hautsi eta ariketa kolektibo batean saretzen gaitu, komunitatearen indarra ematen digu. Eta, gainera, aitzakia izaten da euskararen auzia hedabideetan landu dadin, politikari eta erakundeek hizpide izan dezaten, erreferentziazko pertsonek beren ekarpena egin dezaten. Hori guztia ere garrantzitsua da lehentxeago aipatu dudan euskararen minorizazio egoeran begia jartzea, kontzientzia hartzea eta bestelako praktika batzuk bultzatzeko bidean.
“Gurea bezalako gizarteetan politika publikoak dira minorizazio egoeretan dauden kolektiboen egoera zuzentzeko eta berdintasuna bermatzeko tresna egokiena”
Erakundeei zer eskatzen diezue?
Erakundeek ardura handia dute, jakina. Izan ere, euskara eta euskal hiztun komunitatea minorizazio egoeran daude, eta gurea bezalako gizarteetan politika publikoak dira minorizazio egoeretan dauden kolektiboen egoera zuzentzeko eta berdintasuna bermatzeko tresna egokiena. Alde horretatik, euskararen aldeko hizkuntza politiketan paradigma aldaketa bat egiteko garaia da, aurrerapauso sendo bat egitekoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilera erosorako eremuen hedatzea eta garatzea ipar hartuta.
Kontseiluak zer egin dezake?
Kontseiluak erabateko ahalegina egingo du gizarte ekimenetik erakundeei bide horretan laguntzeko. Duela 28 urte, euskararen biziberritzea bermatuko zuen akordio sozio-politikoa amets zuela sortu zen Kontseilua. Orain, egungo larrialdi eta oldarraldi testuinguruan, oraindik eta zentzu handiagoa hartu du amets horrek, eta horretara gatoz, lehen aipaturiko pizkunde berri horren oinarri izango den akordio sozio-politiko berria proposatu eta bideratzera, esan bezala, ezagutzaren unibertsalizazio eta erabilerarako eremu erosoen hedapena oinarri izango dituena.