Aurten, euskara ikasteko prozesu horretan, pausoa eman du, eta Belarriprest izateko eman du izena Euskaraldian.
Zergatik aukeratu duzu Belarriprest izatea?
Ni prest nago edozeinek niri euskaraz hitz egiteko, eta horregatik aukeratu dut Belarriprest rola. Esaten didatena ulertzen ez badut, eskatuko dut errepikatzeko edo gaztelaniaz esateko, baina saiatuko naiz ulertzen eta, ahal badut, euskaraz erantzuten.
Aurrekoetan izan baldin bazinen, aldaketaren bat nabaritu zenuen? Eta lehen aldia baldin baduzu, zer espero duzu?
Aurreko edizioetan ez nuen parte hartu. Niretzat lehenengo Euskaraldia izango da hau, eta parte hartuta, nik espero dudana da Belarriprest rolean eroso sentitzea.
Ahobizi izateko bidean, helbururik jarri duzu, edo nola ikusten duzu pertsonalki zure garapena?
Txikitan, eskolan ez nuen D ereduan ikasi, baina banekien pixka bat euskaraz. Iaz euskaltegian izena eman nuen, eta euskara-maila hobetu dut horrela. Pixkanaka noa aurrera, eta iritsiko da Euskaraldiaren hurrengo edizioetan Ahobizi izateko momentua. Nik ikasten jarraituko dut behintzat.