Zertarako balio du Euskaraldiak?
Ariketa kolektibo bat da, eguneroko harremanetan euskara lehenetsita, euskararen erabilera areagotzea helburu duena. Hamaika eguneko praktikaldian oinarritzen da, eta saiakera horren ondoren, ohitura berriak errotu eta horiei eustea bilatzen du. Asmo oneko ekimena da, nahiz eta benetako eragina neurtzea zaila den.
Ekimen honekiko ezkortasuna dagoela esango zenuke?
Ataun bezalako herri txikietan, euskara hutsean bizi diren zenbaitek zalantzan jartzen dute ea beharrezkoa den txaparen bidez adieraztea euskaraz egin dezakezula haiekin, edo eurek aurreneko hitza euskaraz egingo dutela. Herri txikietan, ordea, egoera ere aldatzen ari da: gero eta jende gehiago da euskara ez dakiena, ikasten ari dena edo jakin arren erabiltzen ez duena. Jende horri begira, beraz, garrantzitsua da euskara hutsean bizi garenok ere Euskaraldian parte hartzea.
Zein da Euskaraldiak udalerri euskaldunetan duen harrera?
Ez dut udalerri euskaldun guztien errealitatea hainbeste ezagutzen; bai, ordea, Ataungoa. Pertsonalki, aurreko aldietan baino harrera hobea izaten ari dela sumatzen ari naiz, nahiz eta gero ikusi egin beharko den zer dioten datuek. Aurrekoetan kosta egin zitzaigun herritarrak aktibo mantentzea, eta udaletik ibili ginen kanpainaren berri ematen eta zegozkion lanak egiten. Aurtengoan, baina, batzorde bat sortzea lortu dugu, zortzi-hamar pertsonakoa.
Goierriren kasuan, ez daukat daturik, baina esango nuke emaitza ona duela ekimen honek eskualdeko herri hauetan. Herritarrek ondo erantzuten dutela iruditzen zait, nahiz eta denetik dagoen: batzuek benetan sinetsita parte hartzen dute, eta beste batzuek, berriz, modu zabalago batean jokatzen dute.
Nola bizi duzu euskararen egungo egoera?
Kezkatuta. Kezkatuta eta atsekabe puntu batekin. Euskara larrialdian dagoela frogatu dute soziolinguista eta hizkuntzalari adituek, eta hori bera nabarmendu du orain Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak. Euskara larrialdian dago, eta datozen urteetan hartzen diren erabakiek erabat baldintzatuko dute etorkizuna.
UEMAtik uste dugu nahitaezkoa dela arnasguneak bere horretan mantentzea. Arnasguneak ere atzeraldian sartuta daude, eta atzeraldi hori geldiarazteari eta ahal dela iraultzeari ematen diogu garrantzia, arnasguneak sendotu eta babestuta. Izan ere, horiek galtzen baditugu, euskara ere azkenetan izango da, eta zeharo kezkatzen nau horrek.
«Arnasguneak atzeraldian sartuta daude, eta hori geldiarazi eta irauli behar da»
Asko galtzen ari gara herri desberdinetan, handik eta hemendik: bizimodua aldatzen ari da, eta baita kontsumo- eta kultura-ohiturak ere, eta kontrako korronte handiak ditugu. Hori nola geldiarazi eta belaunaldi gazteenei nola transmititu pentsatzeak kezkatzen nau. Ematen du herri txikietan dena eginda dagoela, baina hemen ere asko dago egiteko eta aldatzeko.
Euskararen erabilera ere nabarmen jaitsi da zenbait tokitan.
Ikusten ari gara erabileran gabezia handia daukagula. Azken urteetan administrazioa euskalduntzen eta zerbitzuak euskaraz ematen ahalegin handia egin bada ere, hor ere gabeziak daude; dagoeneko ikusi da epaileen legeak interpretatzeko moduak orain arte egindako lana zalantzan jarri duela. Hor, iruditzen zait beharrezkoa dela gero eta indar handiagoa hartu duen Enplegu Publikoaren Legea aldatzea. Horretarako, baina, lehenbizi, tramitatu egin behar da, Legebiltzarrean eztabaidatu, eta gero, onartu. Uste dut beharrezkoa dela hori azken 30 urteetan egindako urratsetan atzera egin nahi ez badugu. Administrazio batzuk dagoeneko hasi dira epai horiek saihesteko neurriak apaltzen. Hortaz, hobe da legea aldatzea eta ondoren legez babestea.
UEMAtik horretan ari gara. Gure ustez, beharrezkoa da herritarrak ahalduntzea, alegia, herritar guztiek ezagutza soziolinguistiko minimoa izatea, bai herriko egoerari buruz, eta baita hizkuntza-ohiturei buruz ere. Diskurtso hori zabaldu ahal izateko, Hedatu egitasmoa abiarazi dugu eskoletan, berorietako ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin lan eginda. Azken batean, aipatutako larrialdiari erantzuteko aparteko neurriak behar dira, eta hor apustu egin behar dugu, hau aurrera aterako dugula eta egungo egoerari buelta emango diogula sinesten badugu behintzat. Behin eta berriz aipatzen dugu ‘Euskararen aldeko olatu berria’ delakoa, eta hori aktibatzea lortu behar dugu eragile sozialen eta herritarren artean, herritarren kontzientzia astindu eta geuretik emanda.
Zeintzuk dira horren arrazoi nagusiak?
Hizkuntza-politika bat aplikatu da Euskal Autonomia Erkidegoan. Politika bat eta bera. Soziolinguistek eta hizkuntza-politiketan adituek diotenez, baina, egoera soziolinguistiko bakoitzari dagokion hizkuntza-politika aplikatu behar zaio. UEMAtik ere garrantzitsua deritzogu herri bakoitzaren egoeraren berri izatea eta horren araberako hizkuntza-politikak martxan jartzea. Egia da arnasgune diren herrietan, egoera eta zailtasunak antzekoak izanda, guztietan aplikagarria izango den hizkuntza-politika egin daitekeela. Horretarako, baina, garrantzitsua da diagnostiko on bat egitea, gero neurriak hartu ahal izateko.
«Beharrezkoa da herritarrak ahalduntzea eta guztiek ezagutza soziolinguistikoa izatea»
Zentzu horretan, eta Iñaki Iurrebasoren tesiaren ondorioz, aplikazio bat sortu du UEMAk. Kide den udalerri bakoitzari bere datu soziolinguistikoak helaraziko zaizkio, datuak ahalik eta era xeheenean jasoko dituen fitxak banatuko zaizkio. Aplikazioak, gainera, aukera ematen du urtetik urtera moldatzeko eta emaitza berriak ateratzeko. Tresna oso erabilgarria izango da, epe motzean behintzat.
Euskararen oldarraldi judiziala ere ia egunero da albiste.
Hasiera batean gauza puntuala zela ematen zuen arren, konturatu gara egitura oso bat dagoela atzean. Hau da, ondo antolatutako oldarraldia dela. Termino futbolistikoetan hitz eginda, etxetik kanpo jokatzea tokatzen zaigun partida da, etxekoaren aldeko epaiarekin, gainera. Garrantzitsua da, horren aurrean, aurrez aipaturiko Enplegu Publikoaren Legea bezalako neurriak aldatzea, eta politika egiteko daukagun gaitasunarekin ahalik eta gehien blindatzea. Ez dakit erabat blindatzea posible izango ote den, auzitegiak eta epaileak gure gainetik daudelako beti, baina uste dut badela hor egitea tokatzen zaigun lan juridikoa, ahalik eta azkarren heltzeko modukoa.
Etorkizunari begira, zer ikusten duzu?
Etorkizun beltza da, baina badira itxaropenerako zantzuak. Euskara egoerarik txarrenean egon denetan ere, 1960ko edo 1980ko hamarkadetan, esaterako, herrietan halako ekimenak sortu dira eta orain ere badirudi badela lehen aipaturiko olatu hori sortzeko aukera. Olatu iraunkorra izan behar du horrek.