
Aintzane Ladron Velasco, Susana Nebreda Zabala, Kristina Lizarraga Sanz eta Rocio Barona Pintor, Marisa irakaslearekin. // Ariane Vierbücher
Euskara ikasi nahi duten guztiei giro lasaian egiteko aukera eskaintzen die Urretxu-Zumarragako Udal Euskaltegiak, azterketen edo ziurtagiriak epe jakin batean lortzearen presiorik gabe, ikasteko plazeragatik bakarrik.
Motibazio pertsonala beste edozein faktoreren gainetik baloratzen dute euskaltegian. Horren adierazle da, egoera honetan aurkitzen diren pertsonentzat taldeak erraztu izana. Eskolak bi ordutegitan ematen dituzte; goizez ari da talde bat, eta arratsaldez beste bat, astelehenetan eta ostegunetan 17:00etatik 19:30era. Horri esker, ikasleek beren bizimodura eta erritmora egokitu dezakete ikaskuntza.
Hurbilekoa eta gizatiarra
Hizkuntza ikastea ez ezik, ikasteko komunitate bat sortzea ere bada helburua. Urretxuko Udal Euskaltegira euskararen ezagutza hobetzeko asmoz hurbiltzen direnak adin eta errealitate desberdinetakoak dira. Funtsezkoena pertsona bakoitza eroso eta motibatuta sentitzea da, aurrera egiteko.
8-10 pertsona inguruko taldeak dira. Talde txikia izateak arreta pertsonalizatuagoa ematea ahalbidetzen du, eta irakasleak ikaslea pausoz pauso gidatzen du, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
Aintzine Ladron (Zumarraga, 1968) «aspaldi» hasi zen euskara ikasten. «Euskaltegian hasi nintzen, Maizpiden ere izan nintzen uda batean. Bateko familia eta besteko lana, urte batzuetan erdi utzita izan nituen ikastaroak, baina talde hau sortu zela jakin nuenean berriro hasi nintzen, eta oso gustura etortzen naiz», kontatu du. Beste batzuk ere animatu nahi ditu.
Susana Nebreda (Urretxu, 1969) klase kidea ere «aspaldi» hasi zen euskara ikasten. Ikasturtean zehar nola jarduten duten azaldu du; «mintza-praktika egiten dugu asko; asteleheneko saioan asteburuan zer egin dugun kontatzen dugu, eta gero ariketak egiten ditugu. Orain baldintza ari gara ikasten». Astero-astero klaseetan parte hartuta, helburua euskaraz hitz egitea du. Euskara ikasteko metodologiaz gain, «giro ona» nabarmendu du Nebredak.
Kristina Lizarragak (Legazpi, 1965) mintzalagun taldean parte hartu izan du, baina gramatikari arreta pixka bat eman nahi ziolako hasi zen euskaltegiko ikastaro honetan. «Gramatika errepasatzeko beharra ikusten nuen eta saio hauek oso baliagarriak zaizkit».
Rocio Barona Pintor (Burgos, 1984) duela zortzi urte iritsi zen Euskal Herrira, eta «lehenengo momentutik» argi izan zuen euskara ikasten hasiko zela. «Hitz egitea kosta egiten zait, poliki-poliki ari naiz, eta talde honetan oso gustura sentitzen naiz, oso garrantzitsua da hori».
Ikasi nahi duten guztientzako lekua
Askok uste dute euskara ikastea garrantzitsua dela, bai sustraiengatik, bai inguruan hobeto komunikatzeko nahiagatik, bai, besterik gabe, beste hizkuntza bat ezagutzeko plazeragatik. Urretxun, euskara ikastea proiektu pertsonala da, ziurtagiriaren kanpoko presiorik gabe, eta garrantzitsuena prozesuaz gozatzea da.
Norbere bidea euskararekin hasi nahi duenak, jakin-mina eta ikasteko gogoa besterik ez du behar. «Urretxuko euskaltegiak zure erritmora garatzeko espazio bat eskaintzen dizu, inolako premiarik gabe, pixkanaka aurrera egiteko desioarekin eta ilusio handiarekin».