Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Joan den maiatzaren 7an Behobia-Donostiako izen-ematea ireki zuten. Zabaldu eta gutxira, ia 300.000 pertsona zeuden itxaron-zerrendan. Mendi lasterketetan ere antzeratsu: proba kopurua linealki doa gora, korrikalariena esponentzialki.
Nornahik sinatuko luke ‘ariketa fisikoa egitea ona da’ esaldia. Fisiologikoki bistakoa da baietz, zer eta zenbat galderekiko zentzuz jardunez gero, behintzat. Akaso garrantzitsuagoa izango da, ordea, zergatik galderari erantzutea.
Inguruan jende asko ari da korrika. 25 urtean kirolik egin ez duten pertsonak, egun batetik bestera astean 6 saio erlojuari begira egitera pasa direnak. Astebururo trabesia egitera Canfrancera joaten diren gaupasero ohiak. Profesionalek adina entrenatzen duten entrenatzailedun amateurrak.
Horietako askok zergatik galderari ‘nire burua gainditzeko’ erantzungo liokete. Mark Fisherri aspaldi irakurri genion beti hobetzen joatearen ideia tranpa hirukoitza zela: batetik, lorpenik eza esfortzu faltari egoztea dakarrelako; bestetik, beti hobea izan beharrak lehiakortasuna eta frustrazioa dakartzalako; eta, azkenik, sistemari kritikak neutralizatzen dituelako. Luis De La Cruzen Contra el running saiakeran ere antzekoak errepikatzen dira.
Argi dago jende asko dabilela kirolean helburu bati –Behobia, adibidez– esker, eta bistan da horietako askoren onerako izan dela. Hobetzea bera ere ez dut uste zerbait txarra denik bere horretan, kontrara: konprometituagoa izaten saiatzea, laguntzaileagoa. Egun darabilgun hobetzearen ideia, ordea, errendimenduari lotuta doa, eta hori, funtsean, helburu egoista eta lehiakor bat baino ez da.
Uste dut indibidualismoari segika goazen giharrak ez bihurtzekotan, zergati berriak behar ditugula. Borroka kulturala Stravaraino ere eraman behar da.