Maixa Odriozola (Ataun, 2009) 10 bat urterekin hasi zen txirrinduan lehiatzen, baina jaio zenetik darama odolean afizioa. Etxean kirola «oso presente» izan du beti: bere aita bizikletan ibilitakoa da, eta familian Frantziako Tourra ikustera joateko ohitura ere aspalditik dute. Gaur egun, Tolosako ZUK-Limousin taldean dabil lehiatzen, eta «gustura» dago egiten ari den denboraldiarekin. Martxoan, Emakumezkoen Txirrindularitzako Espainiako Kopan lehen postua eskuratu zuen, kadete mailan.
Emakumezkoen Txirrindularitzako Espainiako Kopan, Pontevedran, lehen postua eskuratu zenuen. Esperotako garaipena izan al zen?
Egia esan, ez. Banekien sasoian nengoela eta aurrean ibili nintekeela, baina hortik irabaztera pauso handia zegoela iruditzen zitzaidan. Egia esan, beti saiatzen naiz ahal dudan guztia ematen, baina irabazteko gauza guztiak ondo atera behar dira.
Zer moduzko denboraldia daramazu?
Egia esan, oso ona izaten ari da. Ziklo-krosarekin hasi nuen denboraldia eta bi garaipen lortu nituen. Lokatzetan gustura ibiltzen naiz. Orain errepidean nabil, ondo aurkitzen naiz eta emaitzak ere laguntzen ari dira. Hala ere, oraindik asko gelditzen da denboraldia amaitzeko.
Zein dituzu epe motzeko eta luzeko helburuak?
Epe motzean, aurtengo denboraldiaz disfrutatzea da nire helburu nagusia. Hala ere, lider noa Espainiako Kopan, eta irabaztea eta denboraldi ona egitea ere nahiko nuke. Epe luzera, oraingoz, kirolaz eta txirrindularitzaz gozatzen jarraitzea eta ikasketekin uztartzen jarraitu ahal izatea, esango nuke.
Astean zenbat entrenamendu egiten dituzu?
Txirrindularitzaz gain igeriketan ere banabil. Astean zehar bi egunetan txirrinduan ibiltzen naiz, eta beste bi egunetan igeriketan. Asteburuetan, berriz, bi kiroletako txapelketetan lehiatzen naiz.
Nola uztartzen duzu kirola bestelako gauzekin?
Diziplinatua izatea nahitaezkoa da. Entrenamenduek denbora asko kentzen didatenez, gelditzen zaidan denbora ondo aprobetxatu behar izaten dut. Lagunekin parrandan nahi baino gutxiago ateratzen naiz. Beti zerbait daukadala esaten didate lagunek.
Ba al daukazu txirrindularitzan erreferenterik?
Gorka eta Jon Izagirre beti izan ditut gustukoak, baina nire idoloa Wout Van Aert da. Emakumezkoetan, Demi Vollering asko gustatzen zait.
Nola ikusten duzu emakumeen presentzia txirrindularitzan?
Geroz eta gehiago gara txirrinduan ibiltzen eta lehiatzen gabiltzan neskak. Maila geroz eta handiagoa da. Hala ere, kirol honetan laguntza asko behar izaten da, eta hor zeregin handia dago egiteko. Euskal Herri mailan, esaterako, lasterketa gutxi ditugu emakumezkook, eta Espainian zehar mugitu behar izaten dugu. Gainera, lasterketa asko kategoria ezberdinetakoekin egin behar izaten ditugu eta ez gara baldintzarik onenetan aritzen.