Duela dozena bat urte iritsi zen Beasainera Eloy Ricardo Ponciano, Kuba utzi ondoren. Bitarte honetan ez du denborarik galdu, eta Maizpide euskaltegian ordu asko sartu eta gero, euskal hiztun peto-peto bihurtuta dago.
Kubako Camagüey hiri ezagunekoa da Eloy Ricardo Ponciano beasaindarra (Kuba, 1981), eta hamabi urte pasatxo daramatza Euskal Herrian, Beasainen zehazki. «Neguan etorri nintzen, eta iritsitakoan eguraldi pixka bat aldrebesa aurkitu nuen hemen», dio iritsi zen eguna gogoratzean.
Maitasunagatik etorri zela azaldu du Poncianok «Neska bat ezagutu nuen han, euskalduna, eta Euskal Herria bisitatzera gonbidatu ninduen, jende ona eta ohitura desberdinak aurkituko nituela esanda, eta animatu egin nintzen». Klimari buruz ere ohartarazi omen zion. «Euskal Herria asko gustatu zitzaidan hasieratik, hizkuntza ere bai, baina eguraldia ez, ez zait gustatzen, traketsa delako, niretzat ez da arrunta». Baina horretara ere moldatu da azkenean.
Beasainera etorri zen zuzenean, neska hura –bere bikotea– beasaindarra zelako eta delako, Lurdes Galarraga. Ordutik bertan dago, bi urtean behin Kubara familia eta lagunak bisitatzera joaten bada ere.
Euskara ikasteari ekin zion lehenik. Kuban ez zuen ezagutzen hizkuntza honen berririk, baina etorri eta ikastea erabaki zuen. Lazkaoko Maizpidera joan zen, eta urtebete egin zuen han, egunero zortzi orduan klaseetara joanez. Bikotea eta haren familia ere euskaldunak dira, lagunak ere bai, eta horrek asko lagundu dio euskara ikasten.
«Euskaldunak hasieran ez zarete oso hurbilekoak, baina gero dena ematen duzue»
Kuban kirol irakasle zen, eta Euskal Herrian ere arlo horretan lan egin nahi zuen Poncianok, «badagoelako lana, baina ez da hain erraza». Gainera, Kubako titulazioaren zati batek bakarrik balio dio hemen lan egiteko. Horregatik, galdaragintza modulu bat ikasi zuen Goierri Eskolan. «Ez nintzen gaizki moldatzen. Kuban nire osaba bat soldatzailea zen, eta lan hura gustatzen zitzaidan». Ikasketa haiekin enpresetara jo zuen lan bila, eta Lazkaoko Urgain eta Legazpiko Baleike lantegietan ibilitakoa da. Duela hiru urtetik hona, berriz, Idiazabalgo Guria lantegian lan egiten du, autobusen albokoak soldatzen eta muntatzen.
Kirola, hala ere, ez zuen alboratu, eta lanerako izan ez bada ere, aisialdian jo du eremu horretara. Eskubaloian jokatzen hasi zen, eta Ordiziako eta Tolosako taldeetan ibilia da, duela hiru-bat urte utzi zuen arte. «Hemen liga ona dago!», dio. Ezker alboko jokalaria izan zen, bi taldeetan. Eskubaloia utzi du, baina jarraitzen du kirola egiten, eta astean bi-hiru alditan kiroldegira joaten da, «batez ere fisikoa eta kardio ariketak egitera»; kanpoan ere egiten du korrika. Gustuko du korrika egitea, eta behin Beasaingo San Silvestre krosean ere parte hartu zuen.
Erabat integratuta
Euskara, lana eta kirola direla, Beasainen erabat integratzea lortu du kubatar honek. «Pozik» bizi da, oraindik eguraldia oso gustuko ez badu ere; «baina dena ezin da ona izan», dio.
Eguraldia ez bezala, Euskal Herriko gastronomia oso gustuko du: «Pintxoak, txuleta… janaria ikusgarria da». Kubarekin alderatuta oso desberdina da, baina «oso ona». Hemengo jendearekin ere liluratuta dago: «Hasieran ez zarete oso hurbilekoak, baina gero dena ematen duzue. Eta fidagarriak zarete, emakumeak zein gizonak». Emakumeek duten «indarrak» ere hasieratik arreta eman diola aitortu du Poncianok; «neska euskalduna oso indartsua da, gizonak bezala, fisikoki eta mentalki».
Kaleko giroa ere ez du saltzeko, batez ere udaberrian eta udan, «jendea kalera ateratzen delako».
Kuban ez du familia handiegirik. «Seme bakarra naiz, eta han ama, amona, izeba-osabak eta lehengusuak ditut». Baina Beasainen ere badu familia, Lurdes Galarraga bikotearena. «Oso ondo portatu dira nirekin. Bere ama nire amona bezala zen; duela gutxi hil zen». Lehengusuak askotan elkartzen dira, «beti mahaiaren bueltan», eta berak ez du hutsik egiten.
Kuadrilla ere badu, Tolosakoa. «Han ibili nintzen eskubaloian jokatzen, eta han egin nituen lagunak». Bestelako lagunak ere baditu, inguruan bizi diren latinoamerikarrak gehienak.
Euskara, «altxor bat»
Euskara «altxor bat» dela dio Poncianok. Beasainera iritsi bezain laster erabaki zuen ikastea, eta barnetegitik pasa ondoren, hiztun peto-peto bihurtuta dago gaur egun. «Nik alemana hitz egiten dut apur bat, eta hizkuntza horren antzekoa da, nahiko zaila». Nor-nori-nork eta bestelako aditzak ikasi beharra izan zuen, eta lortu zuen B2 titulua ateratzea ere, «baina EGA behar nuen lan egiteko». Garai batean ibili zen titulu hori prestatzeko gogoarekin ere, baina orain etsita dago; «lanean ondo nago, eta ez dut horren beharrik orain».
«Nik euskaraz esaten dut beti lehen hitza, jendeari konfiantza emateko edo»
Herrian integratzeko eta komunikatzeko eman zuen euskara ikasteko pausoa. «Hemen erdaraz asko hitz egiten da, baina euskara da niretzat lehen hizkuntza. Euskaraz esaten dut beti lehen hitza, jendeari konfiantza emateko edo». Aitortzen du bera euskaraz hitz egiten entzutean hasieran jendea harrituta geratzen dela, baina Beasainen hainbeste urte egin dituenez, ohituta daudela dagoeneko.
Asko praktikatzen du, asko hitz egiten du, «bestela, ahaztu egiten delako». Kalean, lagunekin, etxean… «Ni euskaraz bizi naiz», dio harrotasun puntu batekin.
Orain, Euskaraldia martxan dagoen honetan, ariketa horretan ere parte hartzen ari da. Ahobizi izateko izena eman zuen, eta txapa paparrean jarrita dabil egun hauetan. Poncianorekin euskaraz hitz egin daiteke lasai asko.