Ampo Ordizia errugbi taldearekin azken partida jokatu zuen apirilaren 27an Julen Goiak, Ohorezko Mailari eustea lortuta gainera. Familia eta Maizpide euskaltegia izango ditu orain talde nagusiak.
Noiz izan zenuen lehenengo harremana errugbiarekin?
Txiki-txikitatik Eskola Kirolean hainbat kirol desberdin egin izan ditut. Atletismoan nahiko fin ibiltzen nintzen, futbolean ere bai… Realarekin hiru-bat torneo jokatu nituen Zubietan. Baina 14 urterekin aldaketa garai bat etorri zen. Anaia errugbian jokatzen hasi zen garai hartan, eta urtebetez bera entrenatzen ikustera joaten nintzen Trevijanora. Urtebeteren ondoren, probatzeko esan zidaten. Kaleko arroparekin nengoen, eta halaxe hasi nintzen. Nahiko azkar egiten nuen korri, eta ordutik errugbian geratu gabe ibili naiz. Beste kirol guztiak utzi nituen.
Iparraldera, Biarritz Olympique taldera joateko aukera izan zenuen.
Kirol magisteritzako ikasketak amaitutakoan joan nintzen, 2013an, espoir mailan. Ordurako Ordiziako maila guztietatik pasata nengoen, eta Espainiako selekzioarekin lehen urratsak egiten hasita. Portugalen Europako Txapelketako torneo batean jokalari onenaren saria eman zidaten. eta horren ondorioz etorri zitzaidan Miarritzera joateko aukera.
Hura beste mundu bat da.
Beste kirol bat da: ekonomikoki, baliabideak, prestutasuna… 30 aldiz gehiago bultzatuta. Kontratutxo xume batekin hasi nintzen hasieran, joan-etorriak eginez. Gero, Gabonetarako han geratu nintzen, etxea jarri zidaten. World Serieak jokatu nituen Espainiarekin Seven-ean, Las Vegasen eta Zeelanda Berrian. Nahiko txukun atera zen, eta itzuli nintzenean orduan izan zen Top14ko (Frantziako lehenengo maila) debuta, lagunarteko partida.
Top14 ligarik onena dela diote.
Garai hartan esaten zuten ondoen ordaindutako liga zela. Horrek esan nahi du jokalaririk onenak hara joaten direla kontratupean, eta horrek maila igotzea dakar. Gure talde hartan izar asko zeuden. Argazkietatik ikustetik zelaian beraiekin egotera pasatu nintzen. Denera bost partida jokatu nituen Top14an, lagunartekoak kontatuta.
Maule izan zenuen hurrengo geltokia, Zuberoan.
Hurrengo urtean bigarren mailara jaitsi ginen, entrenatzaile berri bat etorri zen, O’Sullivan irlandarra. Bere lan taldea ekarri zuen, bere jokalari profilak nahi zituen eta taldean garbiketa egon zen. Maulen beste urtebete egin nuen, garai hartan Federal1 zen mailan, gaur egungo Nazional1-en pareko mailan, hirugarren maila eta futboleko 2.B balitz bezala. Jokatzeko modua beste era batekoa zen, jokoa askoz ere itxiagoa, nire profileko jokalarientzat ez da hain ikusgarria… Denbora asko neukanez, Seaskarekin harremanetan jarri nintzen eta hango bi ikastoletan, Alozen eta Donapaleun, aritu nintzen eskolak ematen.
Irakaskuntzarekin lehenengo harremana orduan izan zenuen?
Hori da. Gainera Zuberoan, zubereraz… Hasieran gogorra izan zen, baina hizkuntzak nahiko ondo menperatzen ditut, eta euskararekin eta frantsesarekin moldatu nintzen. Azkenean, kutsu frantsesa duten hitz asko dauzkate.
Hegoaldearen eta Iparraldearen artean eten handia al dago?
Niretzako, bai. Izugarrizko hutsunea dago. Hegoaldeko jende askok ez du ezagutzen mugaz beste aldean dagoena, eta gure parte dira, elkarren parte gara. Asko aldatzen da; Zuberoan, gehiago.
Ordiziara itzultzeko garaia iritsi zen.
2016-2017 denboraldian itzuli nintzen. Etorri nintzenean australiar bat zegoen entrenatzaile, baina Gabonetan bota egin zuten eta Iñigo Marotiasek eta Aritz Garmendiak hartu zuten taldea. Igor Eguren-eta sartu ziren lantalde berrian. Zerbait berria eraiki nahi zuten eta oinarrietako bat zen Julen berriz itzultzea. Ni izan nintzen lehenengo etxeko jokalaria amateur bezala joan eta profesional bueltatu zena. Eta noski, erantzukizuna ere desberdina da. Etxekoa zara, baina profesional paperean zatoz, soldatapean. Bitxia zen. Anaiarekin jokatzen ari nintzen, ni profesionala izanda eta anaia ez.
Kapitain jarri zintuzten berehala.
Bigarren edo hirugarren partidan, autobusean gindoazela, Mikel Aizpurua kapitainak esan zidan, lidergotza taldekoak elkartu zirela eta handik aurrera ni kapitain izatea nahi zutela. Beraiek aukeratu ninduten, eta ia aurten arte, urtero-urtero egiten den bozketan ni atera naiz. Zortzi urtez kapitain izan banaiz, aldagelatik horrela atera delako izan da. Kapitaina izateko baldintza batzuk bete behar dira: etxeko jokalaria izan behar da; atzerritarra bazara hainbat partida jokatu behar dira gutxienez… Azken urteotan erabaki genuen trantsizio urtea zela, kapitain izateak lan asko dauzka eta.
Zein dira lan horiek?
Asko dira. Partida egunean erabaki asko daude hartzeko. Makiletara bota, albokora joan… azken hitza kapitainarena da. Erabaki horiek taldearen dinamikaren ondorioz hartu behar dira. Ostikotzaileak esaten badu ez duela nahi, hurrengo aukera melea izango da. Harroinak bultza egiteko moduan dauden, nekatuta dauden… Nondik gatoz, nora goaz, zer komeni da… Gauza askok baldintzatzen du erabaki xume bat hartzea. Baina atzetik lanketa bat dago. Hainbeste urteren ondoren, buruan daramakizu eta horrek eragina dauka. Ondo edo gaizki ateratzen bada, azken hitza kapitainak du.
Eta lan psikologiko asko, asko-asko. Taldea dinamika onean edo txarrean egon, ez da gauza bera. Gauzak ondo doazenean oso polita da, baina okertzen hasten direnean, ez hainbeste. Entrenatzailearekin eta zuzendaritzarekin bitartekari lana egiten duena ere kapitaina da. Edozein arazo pertsonal dela eta, egunero aldatzen dira gauzak.
Alde emozionalak asko eragiten du jokalari batengan?
Asko-asko, eta jendeak hori ez daki. Jokalaria oso erraz epaitzen da, gizartea horrela jarrita dago. Oso erraz esaten da ‘jokalari hau pakete bat da’. Baina askotan arrazoi bat egoten da horren atzean. Hori dena eramateko formakuntzak egin ditut, talde dinamikako formakuntzak. Lanketa bat dago. Beti esaten da, kirolari baten gauza garrantzitsuena burua dela. Eta ni guztiz ados nago.
Kirol psikologoa gero eta figura garrantzitsuagoa da taldeetan.
Noski. Miarritzen izan nuen 2013an, Ramos, gaur egun Frantziako selekzioko kirol psikologoa dena. 20 urterekin, lanketa psikologiko bat geneukan.
Ordizian badago?
Ez. Eta nik mila aldiz esan dut. Niretzat, fisioa bezain beharrezkoa da.
Fisikoki ere kirol gogorra da errugbia.
Gogorra da, bai. Guk horretarako lan egiten dugu. Gorputza nolabait prestatzen dugu asteburuko guda horretarako. Astean zehar tailerretik pasatzen gara, hau da, ‘txapa eta pintura’ pixka bat, fisioa, prebentzio ariketak, indartze ariketak… eta asteburuan berriro beste guda bat. Goi mailako kirolak hori dauka: errekuperatzeko denbora gutxi daukazu, partidak atera egin behar dira, eta askotan jokalariok ahaztu egiten dugu gorputza dugula lanerako instrumentua, eta zenbaitetan hobea dela esku-frenua jarri eta partida bat galtzea, gauzak arrastaka eramatea baino. Hasieran gauza txikia dena, denborarekin zerbait potoloa bihur daiteke, edo zerbait kronikoa.
Ampo Ordiziak urte politak izan ditu, baina azkenekoak zailak izaten ari dira. Aurten lortu duzue Ohorezko Mailari eustea.
Kirol ibilbide gorabeheratsua izan da. Oso momentu onak izan ditu, finalak jokatuta. Ligako bi edo hiru final jokatu genituen. Lehenago oso maila oneko jokalariak etorri izan ziren Ordiziara. Nahiko gutxi geneuzkan, baina beste taldeekin antzeko ibiltzen ginen. Taldeen artean indarrak nahiko pareko ziren. Baina azken urte hauetan talde batzuen eta besteen artean aldea handitu egin da, ekonomikoki. Eta horrek baliabide gehiago ekartzea dakar: fitxaketa gehiago eta hobeak… Talde batzuek 28-30 jokalari profesional eta baliabide gehiago dituzte.
Dena den, klubaren filosofia ere badago: etxeko jokalari askok jokatzen dugu. Datuak hor daude, 20tik gora dira azken urteetan debutatu dutenak. Beste klub horiek ez daukate hori. 23 urtez azpiko taldean edukitzen dituzte jokatzen, baina Ohorezko Mailara oso gutxi iristen dira.
Espainiako selekzioarekin ere partida ugari jokatutakoa zara.
42 edo 43 izango dira. Lau selekzionatzaile pasatu ditut nik. Azkeneko urte luzeena Santiago Santosena izan da. 2019ko Japoniako Munduko Txapelketara sailkatu ginen, eta 2023ko Frantziakora ere bai. Baina azkenean joan gabe geratu ginen, bulegoetako kontuengatik. Deskalifikatu egin gintuzten. Behin zelaian sailkatu eta gero, bulegoen erruz kanpoan geratu ginen.
Apirilaren 27an jokatu zenuen azken partida Ampo Ordiziarekin.
Denboraldia aurrera joan den eran erabaki dut uztea. Nire zalantzak neuzkan. Urte honetan kontratua neukan, jokatu nahi nuen, ondo sentitzen nintzen. Baina, bestalde, arrazoi polit bat badaukat: ekainean bikiak jaiotzearekin batera uztea. Ekainean jaioko dira, eta bi alaba gehiago izango dira. Lau alaba guztira. Hori izan da bultzatu nauena. Arrazoi polita da; momentu batean hartu behar da, eta oraintxe da momentua. Nik garbi neukana zen nik utzi nahi nuela kirola.
Maizpide euskaltegian irakasle ariko zara orain lanean, baina errugbiari lotuta jarraitzeko asmorik baduzu?
Orain etenaldi txiki bat egiteko asmoa daukat, uste dut beharra daukadala. Dolu moduko bat pasatu beharrean nago, eta hortaz kontziente naiz, bizitza erabat aldatuko zait eta. 19 urte eta gero, 14 urte bizitza profesionala eramaten, urte asko dira eta bat-batean hori etetea… Hori gainditu egin behar da. Asteburuak libre dauzkat orain.
Orain familiari eskaini behar diot dena. Umeekin pasatzen ez dudan denbora hori ez da itzuliko. Gerora begira, bai. Jakintza besteei erakustea egin beharreko zerbait da, zor dut hori.
Familiarekin gozatu
Altamiran jokatu zuen azken partidako argazki bat aukera du, esanahi asko dituen argazkia delako. Batetik, bi alabak ageri dira; beste bi jaioko dira ekainean. Emaztearekin batera, errugbia uztera bultzatu duen taldea. «Etxean esku denak beharko ditugu. Aitatasun eta amatasun lana dago etxean. Bikien jaiotzarekin batera, nire fitxaketa nire familia izango da». Sare sozialetan ere horrela nabarmendu du azken partidaren ondoren: «Badakit nire lekua beraiekin dagoela. Errugbiak erakutsi dit entrega osoa dela bidea, eta orain nire talde garrantzitsuenean murgildu nahi dut: nire familian».
Argazkiaren eskuin aldean, ezpata bat ere ageri da, Axio Araña Ordiziako jokalari eta entrenatzaile ohiaren omenez jarritako ezpata. Eta soinean duen kamisetak ere mezu bereziak ditu; «jokalariok bakarrik ezagutzen ditugun mezu asko dauzka».
Batetik, lepoaren barnealdean bidean geratu diren beste bi taldekide ohiren txuri-beltzeko argazkiak ditu, Kawa Leaumarena eta Urtzi Abanzabalegirena. «Kawa Espainiako selekzioaren partida baten ondoren izandako istripu batean hil zen, eta Urtzi lan istripu batean. Urtzi ere gudari handi bat izan zen, Axiorekin jokatutakoa».
Klubaren armarriaren gainean, 5 zenbakia [Kawarena] eta ‘Gozatu’ hitza ageri dira. «Hitz honek bere historia dauka. Valladoliden azkeneko finala jokatu genuen urtean, final-laurdenak han jokatzea tokatu zitzaigun Salvadorren aurka, Pepe Rojon. Hotelean, azkeneko bileratxoan, Iñigo Marotiasek jokalarioi galdetu zigun final-laurdena irabazteko zer egin behar genuen. Arrazoiketa desberdinak botatzen hasi ginen. Kawa altxatu zen eta esan zuen: ‘Coach [entrenatzailea], gozatu!’».
Errugbi ibilbidean, onetik eta txarretik, asko ikasi du idiazabaldarrak. «Poetikoa ematen du, baina ni gaur egun naizena kirol honi zor diot. Mila bizipen gertatzen dira kirol ibilbide horretan: garaipenak, lesioak… mila faktore daude eta horrek hezten zaitu. Eta horrek heldu arazten zaitu».
Kawak zioen bezala, gozatzen jarraitu nahi du idiazabaldarrak, Maizpiden euskara irakasten eta euskal hiztun gehiago sortzen. «Gozatzen jarraituko dugu. Egun gogorrak egongo dira, kirol ibilbidean bezala».