Nola hasi zineten musean?
Arantxa Luluaga: Kapritxoz hasi ginen musean. Badakizu, askotan egunerokoan denbora librea dagoenean, zerbait egin beharra dago, denbora nolabait igarotzeko aitzakia bat behar da. Eta gurean karta-jokoak izaten ziren aukera onena: batzuetan puntuan, besteetan seiko urrean, eta hurrengoan musean. Ez zen oso planifikatutako kontua izan, baizik eta momentuak berak ekarritako zerbait.
Berezkoa al zaizue muserako grina?
Beni Gallurralde: Niri musarekiko grina senarraren eskutik iritsi zitzaidan. Berak erakutsi zidan musean jokatzen, eta poliki-poliki joan nintzen jokoa ulertzen eta mekanismoetan murgiltzen. Aurreneko partidak nahiko nahasiak egiten zitzaizkidan, baina denborarekin eta jende ezberdinarekin jolasean arituta ulertu nuen. Orain, musean jokatzeko gogoa ez zait falta, eta grinaz bizi dut partida bakoitza.
Luluaga: Igandeetan Larraitz aldera joaten ginen, eta bertako giroan ohikoa izaten zen musean jokatzea. Nik ez nuen ideiarik, baina barrenean interesa piztu zitzaidan. Lehenengo partidak zailak eta nahasgarriak izaten ziren, baina, pixkanaka, praktika eta saio askoren bidez, jokoaren logika barneratzen hasi nintzen. Musak badu zerbait berezia: ez da soilik karta-joko bat, baizik eta ulermena, intuizioa, estrategia eta zortea eskatzen dituena. Eta ez hori bakarrik: une bakoitzera egokitzea, jendearen keinuei erreparatzea eta giroaz gozatzea ere bada.
Larraitzetik Ziordiara egin duzue salto, eta ondoren Itsasondora.
Gallurralde: Bai, gozatutako esperientzia izan da. Ohi bezala, Euskal Herriko Mus Txapelketa jokatzen ari zen, eta kanporaketetako bat jokatu zen gure herrian. Aukera polita iruditu zitzaigunez, izena eman genuen. Hasiera batean, aurreneko kanporaketan amaitu zen gure ibilbidea, bosgarren postuan geldituta, eta ez genuen hurrengo fasera pasatzeko aukerarik izan.
«Kartek esaten dute nola jokatu behar den, eta partida bakoitza berezia da, aurkariaren arabera, giroaren arabera»
Txapelketek, ordea, beti ekartzen dituzte ustekabeak. Hurrengo fasea Ziordian jokatzekoa zen egunean, aurretik sailkatutako bikoteetako batek ezin izan zuen bertaratu, eta gurekin jarri ziren harremanetan, ordezko modura sartzeko. Aukera hori baliatu, eta zortea bidelagun izanda, bigarren postuan gelditu eta finalera sailkatu ginen, Itsasondora.
Egin al zenuten aurrez lanketarik?
Gallurralde: Ez genuen prestaketa berezirik egin… Ezer ez! [barreak]. Azken batean, musak momentuko erabakiak eta egoerak eskatzen ditu. Kartek esaten dute nola jokatu behar den, eta partida bakoitza berezia da, aurkariaren arabera, giroaren arabera. Ez dago formula magikorik. Gakoa da unean-unean ondo ulertzea zer gertatzen ari den, aurkariak zer ari diren pentsatzen, zein keinu egiten duten, eta, batez ere, norberak bere bikotekidearekin ulermen ona izatea.
Gure kasuan, egunero ibiltzen gara musean, eta ez da txapelketa batean izena elkarrekin ematen dugun aurreneko aldia; beste hainbat txapelketatan ere izan gara, eta inoiz bat irabazi ez badugu ere, hainbatetan izan gara txapeldunorde.
Finalera sailkatutako emakume goierritar bakarrak izan zineten.
Gallurralde: Bai, baina txapelketan emakume gehiago ere bazeuden; Ziordian, esaterako. Parte-hartzaileen artean tarteka gero eta gehiago ikusten dira, baina oraindik ere nabarmena da gizonen presentzia dela nagusi. Hala ere, gaur egun emakumeak askoz gehiago mugitzen gara, gero eta emakume gehiago daude kalean, plazan eta baita musean ere.
Luluaga: Nire ustez, emakumeen presentziak musean indarra hartuko du etorkizunari begira, nahiz eta jakina den gauza guztiek ez dutela denbora bera, eta honek, agian, zertxobait gehiago beharko duela. Izan ere, nabari da gauzak aldatzen ari direla. Lehen, emakumea kartetan jokatzen ikustea arraroa zen, ez baitzen emakumeen jardueratzat hartzen. Orain, ordea, indarra irabazi dugu eta ikusten da gero eta gehiago garela musean gozatzen dugun emakumeak.
«Emakumeen presentziak musean indarra hartuko du etorkizunean»
Finala, baina, ezin izan zenuten irabazi. Gustura zaudete egindakoarekin?
Luluaga: Noski, gustura ibiltzen gara musean, eta horretan segituko dugu aurrera begira ere. Beste txapelketaren bat parean agertzen denean, seguru gaude berriz ere izena emango dugula. Azken batean, horixe egin behar da: ibili eta saiatu. Prestaketari dagokionez, egia da inoiz ez zarela guztiz prestatzen, beti baitago zer ikasia eta zer hobetua. Eta hori da, hain zuzen, musak duen xarma: partida eta jokalari guztiak desberdinak dira, eta horietara egokitzen jakin behar da, ikasten jarraitu ahal izateko.
Zaldibian, ba al dago musan aritzeko ohiturarik edo kultura erroturik?
Luluaga: Ez genuke esango Zaldibian musaren kultura oso bizirik dagoenik, behintzat ez modu antolatuan. Hemen musean jokatzen duenak, normalean, denbora pasatzeko eta entretenitzeko egiten du, nahi duen momentuan jokatuta.
Gure kasuan, ohitura modura hartu dugu ia egunero Larraitzera oinez joatea, eta han bai, han badago mus-giro gehiago. Larraitzen ibiltzen gara kartetan, tokatzen zaigunaren aurka, batzuetan elkarrekin eta beste askotan beste batzuekin.
Zein gomendatuko zeniokete musean hasi nahi duen emakume bati?
Gallurralde: Animatzeko eta beldurrik gabe jolasten hasteko. Oso joko polita da, eta ez bakarrik denbora pasatzeko, baizik eta burua lantzeko ere bai; estrategia eta pentsamendua beharrezko ezaugarriak dira musean. Hasieran zaila iruditu daitekeen arren, denborarekin ikasi eta gozatzen da.