
Arrantzale munduko Isil-isilik abesti ospetsuaren sortzailea Fernando Goenaga Iribarren ordiziarra (Eibar, 1907–Ordizia, 1990) izan zen. Jai giroan, beste abesti batzuekin batera segidan kantatu ohi da. Hainbeste zabaldu da, herrikoia dirudien arren, Goierrin du jatorria.
Fernando Goenaga Eibarren jaio zen, 1907ko abuztuaren 16an. 1916an Baionara joan ziren bizi izatera. Pianoa ikasi zuen, baita trikitia ere. 1932an, Donostiako Euskal Asteko lehen saria irabazi zuen, trikitiarekin. Donostiako Orfeoiko abeslari izan zen 1927tik. Ordiziako Errondailan ere gitarra jotzen zuen.
Trikitiaren arloan, Euskal Herriko elkartearen sustatzaileetako bat eta kide aktiboa izan zen Goenaga. Hala, 1989ko martxoaren 12an Ordizian ospatu zen Trikitilari Egunean omenaldia egin zioten, bai berari, eta bai Paulo Urretabizkaia abaltzisketarrari eta Norberto Oiarbide Benta Txiki idiazabaldarrari ere. 150 bat trikitilari elkartu ziren egun hartan.
Abestea eta tresnak joz interprete izatea zen Goenagaren musikari papera. Konposatzailea ere bazen.
Kaia barrenean
Isil-isilik, arrantzale eta kostalde giroko abesti lirikoa, 1940 aldera sortu zuen Goenagak. Jatorrizko izenburua Kaia barrenean du, nahiz abestiaren lehen bi hitzak geratu diren kantua izendatzeko. Euskal arrantzaleen sentimendu sakonak islatzen ditu letrak, lanaren bakartasuna eta etxearekiko edo familiarekiko urruntasuna malenkonia eragile hartuta.
Kaia barrenean-ekin batera, Irura (habanera), Illargia zeruan eta Eusko indarra (martxa) abestiak dituen Temas baskos para acordeón obraren egilea izan zen. Ordizian hil zen, 1990eko otsailaren 5ean.