Aratz Albisu • Telesail zalea
Ia beti telesail dramatikoak edota kritika sozial handidunak gomendatzen ditut. Kalitate teknikoaren eta mezuaren oso zalea naiz. Baina kontraesanak ere gogoko ditut, eta tarteka hortik atera eta igande arratsaldea alaituko didan serie sinpleak ikustea gustatzen zait. Beraz, txukunenak ez badira ere, entretenigarrienak ekarri dizkizuet.
Hasteko, HPI (Adimen-Gaitasun Handia, frantsesez). Polizia-etxe bat garbitzen lan egiten duen emakume batek laguntzaile modura amaitzen du kasu zailenetan, bere adimen-gaitasuna dela eta. Arauei aurka egiteko grinak eta bere jarrerak komedia puntu ona ematen dio. Garai bateko Castle, baina eguneratua eta barregarriagoa.
Jarraian, Abbott Elementary, New Jerseyko Lehen Hezkuntzako eskola publiko bateko gorabeherak: pertsonalitate handidun irakasle gehiegi eta egoera nahiko surrealistak. Dokumental estilora grabatze horrek The Office-n kutsua ematen dio. Aitortu behar dut, egoera-komediak gogoko ez baditut ere, nire kuttunenetakoa bihurtu dela.
Hurrena, Atasco. Kotxe ilara batean harrapatuta geratu dira hainbat madrildar, eta kapitulu bakoitzean auto baten inguruan ibiliko da kamera. Istorio sinpleak baina dibertigarriak dira. Umore espainiar klasiko hori badu ere, badu beste grazia mota bat.
Azkenik, My Lady Jane eta Dickinson. Biak fikzio historikoak dira, Estatu Batuen lehenengo kolonietan garatuak. Biek emakume bat dute protagonista, eta biek ala biek garai hartako gizarte espektatiba horietatik atera nahi dute (bigarrena Emily Dickinson poeta ezaguna). Garai hartako genero, arraza eta klase arazoak kontatzen dituzte, baina gaur egungo hizkeran eta gaur egungo jarrerekin. Nahasketa horrek Bridgerton gogorarazi dit.
Errepikatu egingo dut: horiek ez nituzke sekulako serietzat hartuko, ezta urteko gustukoenen zerrendan sartuko ere. Baina ezin hobeak iruditzen zaizkit barre pixka bat egin, buruhausteak kendu edota beste gauza batzuk egin bitartean atzean jartzeko.