Ezkio-Itsasoko Herri Eskola 11. ikasturtea bukatzear da. 2014-2015ean ekin zion ibiliari, 10 ikaslerekin eta bi irakaslerekin. 62 haur eta 12 langile dira gaur egun. Ekainean Gipuzkoako Eskola Txikien Festa antolatuko dute.
Aurretiko bi saiakeratan kukuak oker jo ondoren, hirugarrenean lortu zuten Ezkio-Itsasoko gurasoek eta herriak eskola sortzea. 2014ko irailean zabaldu zuten Ezkio-Itsasoko Herri Eskola, hamar ikaslerekin eta bi irakaslerekin, Anduaga auzoko udaletxe berriko ganbaran. Berrogei-bat urte gertu ziren Ezkioko eta Itsasoko haurrek herrian bertan eskolatu ezin zutela; ordura arte Zumarraga-Urretxura, Ormaiztegira edo Itsaso aldekoek Gabiriara bidaltzen zituzten haurrak eskolara. Etxebizitza ugari eginda zeuden aurreko urteetan Santa Lutzi bailaran, eta gorakada demografikoa ernetzen hasia zen. Muga ikusezin handi bat eraitsi zuten. Ume kopuru oparoarekin, unea zen, eta baliatu egin zuten.
Eskola txiki izaerarekin ekin zioten –hala jarraitzen du–, 2-3 urtekoen gela bateratu batekin. Hiru urteko lau haur eta bi urteko sei izan ziren eskola berriaren lehen erabiltzaileak, Edurne Bidekieta eta Simone Begiristain irakasleen ardurapean. Hasiera guztiak bezala, ederra bezain lantsua izan zen. Epe aldetik sobera handirik gabe ibili ziren. «Oso berandu eman ziguten baiezkoa. Gainera, aurre-matrikula beste ikastetxe batzuetan eginda geneukan denok badaezpada ere, ez zelako ziurra eskola ikasturte hartan ireki ahalko zenik», gogoratu du Ganbara guraso elkarteko Itziar Etxezarretak.
Ikastetxea bera ez ezik, ingurumariko antolamendu eta zerbitzu guztiak ere hutsetik sortu behar izan zituzten. Ganbara guraso elkartea 2014ko urriaren 8an eratu zuten –izenean eskola kokatu zen ganbarari erreferentzia eginez–. Hezkuntza Sailak ‘zerbitzu berezi’ gisa izendatzen dituen eremuan egin zuen irakasle deialdia; bik eman zuten izena, eta biak hasi ziren. «Ekain bukaera zen, uztail hasieran elkartu ginen guraso taldearekin ganbaran, eta ez zegoen ezer: ez aulkirik, ez arkatz bat… Irakasle bezala, bertigoa eman zidan. Guraso batzuek ere galdetzen zuten, ‘benetan irailean hemen hasi behar zarete?’. Udan astindu genuen Hezkuntzarekin, eta oinarrizko materialarekin behintzat hasi ginen», dio Ezkio-Itsasoko eskolan hasieratik dabilen Edurne Bidekieta irakasleak.
Ahoz aho, banan-banan
Lanaren poderioz, lortu zuten kurtsoa garaiz hastea. Herriaren inplikazioa eta laguntza goraipatu dute. «Udalaren aldetik, pertsonalki, egundoko laguntza sentitzen genuen. Izan ere, udaletxean bertan geunden, hango langileekin batera. Denon artean, lortu genuen hastea». Oroitzapen goxoa geratu zaie, batez ere ganbara aitzindaria ezagutu zuten haurrei –dagoeneko institutuan dabiltza–. «Geroago etorri direnentzat ere ganbara berezia da, baina han hasi zirenentzat espresuki. Txikitako oroitzapenak lotzen dituzte harekin», dio Bidekietak.
«Geroago etorri direnentzat ere ganbara berezia da, baina han hasi zirenentzat espresuki. Txikitako oroitzapenak lotzen dituzte harekin»
Edurne Bidekieta. Irakaslea
Arlo guztietan, bidea irekiz joan behar izan du eskolak, denboran aurrera egin ahala. Aurtengoa 11. ikasturtea du. Bigarren kurtsorako lekuz aldatu ziren, oraingo kokapenera aldatuta, lehenago Ezkio-Itsasoko udaletxe izandako eraikineko solairu batera. Obretan zegoen gainerakoa. Jangela zerbitzua leku berean dagoen Topa ostatua hasi zitzaien ematen, artean oraindik publikoarentzat zabaldu gabe zegoen arren. Lehenengo ikasturtean, Anduagako elkartean bazkaltzen zuten haurrek eta irakasleek, Jaione eta Oihana zaintzaileekin.
Inurri-lana izan zen hasieran gakoa. «Ez geneukan ideiarik ere eskola baten martxaz, denak berriak ginen», dio Dorleta Ugarteburu gurasoak. Baikara elkartearen eta Eskola Txikien Koordinakundearen aholkularitza eta gidaritza jaso zituzten. Gurasoen kezkak eta zalantzak uxatzea ere berebizikoa izan zen, aldaketa nabarmena eta ziurgabetasun puntu bat baitzekartzan eskolatze ohitura berriak. «Hasi ginenean, kanpora joaten ziren haur asko, ez zegoen normalizatuta herriko eskola. Zerbait berria ginen, eta gurasoek ‘zer izango da?’ zalantza bazeukaten. Urte asko egon zen herria eskolarik gabe, eta familietan normalena kanpora joatea zen», azaldu du Bidekietak.
«Errolda atera genuen udaletik, eta haurrak zeuzkaten familiekin banan-banan hitz egitera joaten ginen, bileretarako gonbidapenak eginez. Ahoz ahoko komunikazioa izan zen», gehitu du Etxezarretak.
Sendotze bidean, normalizatuta
11 urteotan, eskola txikia «normalizatu» dela iritzi diote gurasoek eta irakasleak. Sendotuta edo sustraituta dagoen galdetuta, ordea, oraindik halakorik bermatzeko goizegi dela erantsi dute. Aurrerabidea nabarmena da, hala eta guztiz: Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzako 6. mailara bitartean, 62 ikasle dabiltza gaur egun Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan, eta 39 familiak osatzen dute komunitatea. Gehiagoko urteak ere izan dira –68ra ailegatu zen ikasle kopurua–, baina demografiaren beheranzko malda sumatzen hasi da Ezkio-Itsason ere. 12 irakaslek eta hezitzailek lan egiten dute.
Bidea urratu ahala, eraikin, zerbitzu eta egoera berriak zabaldu behar izan dira. «Pertsonalki izugarrizko esperientzia izan da niretzat, baina lana eta buruhauste batzu-batzuk ere bai. Azkenean, dena eraikitzeko zegoen, eta urtez urte beti zerbait berria izan dugu: espazioak, umeak adinean aurrera joan ahala zikloak… Poliki-poliki, beti dago zerbait», dio Bidekietak.
2014-2015ean hasitako lehen belaunaldikoek 12 urte bete zituztenean, eskola txikitik institutura irten beharreko unea aipatu dute denek, azkeneko bide-zabaltzearen adibidetzat. Duela bi urte joan ziren: lehen labealdikoak bost atera ziren, eta hurrengo urtean 12. «Lehen, institutuko garairako kezka geneukan, joaten zirenean zer gertatuko zen, nola moldatuko edo ibiliko ziren. Ikusi dugu oso ondo moldatzen ari direla, eskola txikian asko ikasi dutela, autonomoak direla, eta ez daukatela batere arazorik besteek bezala ikasteko edo azterketak egiteko; hemen ez baitute inoiz azterketarik egin, ezta etxerako lanik eraman ez. Baina hori dena ikasi dute», aitortu du Ugarteburuk.
Metodologia berezia daukate eskola txikiek. Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan, adibidez, pandemia-egoerak behar zituen bi talde edo burbuila sortzera; ordura arte bakarrean zebiltzan ikasle guztiak. Orain HHko eta LHko taldeak edo etapak dauzkate bereizita. «Baina gure eskolako hezkuntza proiektuan jasotzen den baloreetako bat da denak talde bat garela». Adin aniztasuna da ezaugarri bat, txikiek zaharragoengandik ikasteko joera –baita alderantziz ere–, eta landu nahi duten arlo edo konpetentzia bati lotuta antolatuta daukate eskola. Umeak espazio desberdinetan mugitzen dira. Gaur egun, mediku-etxe zaharreko areto bat ere erabiltzen du eskolak, jostundegi, aroztegi eta matematika jarduerak emateko.
«Alabarekin ikusten dut hori: 8 urte dauzka, eta 4ko batekin edo 11ko batekin parkean jolasean ibil daiteke. Ez dute adinik bereizten, eta aberatsa da hori»
Asier Sasieta. Gurasoa
«Eskolaren metodologia garrantzitsuena zera da: saiatzen gara ume bakoitzaren erritmoa errespetatzen, izan 6 urte edo izan 9. Nolabait esateko, batzuetan ez dakigu zenbat urte dauzkaten», dio Bidekietak. «Alabarekin ikusten dut hori: 8 urte dauzka, eta 4ko batekin edo 11ko batekin parkean jolasean ibil daiteke. Ez dute adinik bereizten, eta aberatsa da hori», dio Asier Sasieta gurasoak. Haurrak autonomia garatzerako garaian ikusi dute onura gurasoek; «espresatzeko moduak ere batak bestearengandik ikasten dituzte, edo agian jende aurrean hitz egiteko konpetentzia ere jasotzen dute. Hor ikusten dut diferentzia beste zentro batzuetatik», dio Etxezarretak.
Hala, ibilbidea hasi, zabaldu eta ugaritu bada ere, eskola txikia «sendotuta baino gehiago oraindik sendotzen ari» dela esatea nahiago dute. «Jauzi handia egin da, oso denbora gutxian. Horregatik, sendotzeko oraindik denbora beharko da», zehaztu du Bidekietak. «Normalizatuta», ordea, ikusten dute. «Gaur egun, arraroa da hemen jaiotzen den ume bat eskola honetara ez etortzea, arrazoi berezi bat behar du. Orain normalena hona etortzea da. Herriko eskola hau da», gaineratu du Etxezarretak.
Bizia eta elkargunea herriari
Hezkuntza-aferetatik aparte ere ekarpen gehiago egin dizkio eskolak Ezkio-Itsasoko herriari. Parkeak umez bete ditu, eta belaunaldi berrien kohesioa eta eguneroko bizipoza itzuli da. «Hemengo adineko bizilagunek gehiena nabaritu zutena edo arreta eman ziena, parkean umeak ikustea izan zen. Ordura arte, familia bakoitza bere umearekin Urretxura edo Ormaiztegira joaten zen. Ez zegoen herri bizitza hori», dio Etxezarretak.
Bi herrik eta hainbat auzok osatutako udalerrian, bestetik, elkargune funtzio aipagarria betetzen du eskolak. Denek aitortu dute herritarrek eta gurasoek elkar ezagutzeko balio izan duela. «Aldaketa handia suposatu du herrian. Gurasoak ere batu gaitu, umeak elkartu diren heinean», dio Etxezarretak. «Gu txikitan herritik kanpora joaten ginen eskolara. Nik berezko lagunak Zumarraga-Urretxun dauzkat, hemen ez geneukan biltzeko leku bat. Bakoitza bere gelakoekin elkartzen ginen, eta herritik joan egiten ginen», gehitu du Ugarteburuk.
«Aldaketa handia suposatu du herrian. Gurasoak ere batu gaitu, umeak elkartu diren heinean»
Itziar Etxezarreta. Gurasoa
Etorkizunari begira, edozein herri txikitako kezkak badituzte Ezkio-Itsason ere. Biztanleriaren fluxuarena, batez ere. Jaiotza tasa jaisten ari da. Eskolaren etorkizun hurbilaren tenperatura hartzaile izaten den haur eskola da adierazle: ume gutxi daude, zabalik mantentzeko lain. «Orokorra da hori, eta eskola txikiak dauden herri askotan daude kezkatuta –dio Sasietak–. Itsason bolada batean ez zen umerik jaio. Orain ere ume gutxiko garaia da. Gure alaba 2016an jaio zenetik, hiru gehiago jaioko ziren».
Etorkizuna badago
Hala eta guztiz, eskola txikiaren biziraupena eta jarraipena epe ertainera «ziurtatuta» ikusten dute. Epe luzera, ezin orain esan. «Arazoren bat baldin badago edo ez baldin bada ziurtatzen, ez da izango Ezkio-Itsaso kasu isolatu bat delako, herri txikietan jaiotza-tasak gorabeheratsuak izaten direlako baizik. Erronka daukaguna mantentzea izango da», gehitu du Etxezarretak.
Baina berezko eta betiko auzia dute eskola txikiek biztanle eta haur gutxirekin aurrera egin beharra. «Eskola txikien plusa da, orokorrean, ratioei begira kopuru oso baxuekin jokatzen dela. Orain arte, gutxi gora-behera, 15 ikasleko ratioa eduki dut. Eskola arriskuan ez da egongo, mantentzeko esperantza badugu», argitu du Bidekietak. Ezkio-Itsason oso goitik dabiltza.
Gero gerokoak, 11 urteotan egindakoari begiratzeko une egokia dute Ezkio-Itsasoko Herri Eskolan eta udalerri osoan, ekainean Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatuko baita han. «Bere garaian apustua egin genuen, eta inor ez da damutu». Eskola txikiaren irakaspen handia.