Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ekainaren 8an Ezkio-Itsason ospatuko da, bertako herri eskolak eta guraso elkarteak antolatuta. 1988tik, urtero egiten da ospakizuna, eta 36. aldia izango da aurten. Koordinakundean 26 eskola txiki daude (Goierrikoak Ezkio-Itsaso, Gabiria, Zerain, Olaberria eta Itsasondo), eta guztietako guraso, ikasle eta irakasleek parte hartuko dute juntadizoan.
Mila-bat lagun espero dituzte Anduaga-Santa Lutzi bailaran, egun horretan. Autobusak doan jarriko dituzte herrietatik. Adunan iaz jaso zuten Ezkio-Itsasokoek festa antolatzeko arduraren lekukoa. Txandan-txandan, herri guztietan egiten da urtero. Goierrin ospatuko den Gipuzkoako bosgarren aldia da, Gabirian (1991 eta 2015), Zerainen (2008) eta Olaberrian (2013) izan ondoren.
Xehetasunak ekainaren 2an prentsaurrean emango dituzten arren, festak ohiko egitura izango duela aurreratu du Asier Sasieta antolakuntza taldeko kideak. Harrera ekitaldia 10:30ean egin, eta gune batzuk jarriko dituzte haurrentzat Anduagako plazan eta eskola inguruan, eskulan, jolas, puzgarri, aurpegi margoketa eta antzeko jarduerekin. Ataungo Jentilbaratza taldeak antzerki bat egingo du, eta bazkaria Anduagan kokatuko duten karpan emango dute, udaletxe ondoan. Arratsaldean, Potx eta Lotx pailazoen emankizunak borobilduko du egitaraua.
Antolaketarako, arlokako sei taldetan eta batzorde koordinatzailean ari dira lanean ezkiotarrak eta itsasoarrak. Gurasoak dira eragile eta bultzatzaileak. «Jende asko irauli» da, lanerako eta auzolanerako prest. Arropa saltzen ari dira, gastuei aurre egiteko diru-iturri izateko. Neguko bilduman izerditakoak, jertseak, poltsak eta kamisetak saldu ondoren, udarako kamisetak eta biserak atera dituzte orain.
2025eko festarako logotipo berezia ere sortu dute, ohiko ‘Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik’ leloarekin. Proposamenak herritarren artean bildu zituzten iaz, eta Miriam Otamendik egin zuen diseinua, haritz hosto bat irudikatzen duena, eskola ondoan zegoen haritzondo handi baten gomutan.
Goierritar guztiak gonbidatu dituzte ekainaren 8an Ezkio-Itsasora.