Bederatzi abestiz osatutako ‘Berriz ere’ diskoa kaleratu berri du Mallet taldeak. Musikaren munduan «bidea egitea» eta egiten duten horretaz «disfrutatzea» dira euren helburu nagusiak.
Mallet taldea sortu dute Alain Lopez (abeslaria eta gitarra jotzailea), Ion Gorrotxategi (baxua), Manex Rivela (bateria) eta Koldo Galarreta (gitarra) musikariek. Dagoeneko, lehenengo diskoa ere kaleratu dute. Lopez eta Galarreta lehendik Sukarra 37 taldean batera aritutakoak dira, eta bere garaian disko bat ateratzeko materiala grabatuta utzi bazuten ere, argia ikusi gabe gelditu zen lana. Bost urte geroago, Rivela eta Gorrotxategi musikariekin elkartu dira bi kideak, taldea sortu eta diskoa kaleratzeko helburuarekin.
Lehengo astean atera zuten Berriz ere diskoa, bakarkako sorkuntzekin eta beste artista batzuen kolaborazioarekin ondutako abestiekin. Horien artean daude Xabi Solano eta Pello Armendariz, besteak beste. Hala ere, kaleratutako lehenengo abestia bakarkako lana izan da, euren «esentzia» eta «izaeraren» aurkezpena dena. «Gure lehenengo abestia, Zure hitzak, taldearen aurkezpen karta bat izan da. Inolako kolaboraziorik gabe erakutsi nahi izan dugu zein garen», dio Gorrotxategik.
Rivelak gehitu duenez, Mallet taldeak pop-rock eta punk-rock generoak jorratzen ditu. Green Day eta Ezinean taldeen estiloa dute erreferentzia nagusitzat. «2000. urte inguruko musikatik eta rock amerikarretik asko dute gure abestiek».
Bidea nola egin
Taldekideak datorrenari aurre egiteko «gogotsu» dauden arren, gaur egungo panorama musikalean lekua egitea «zaila» dela diote. Lopezek uste du «geroz eta aukera gutxiago» dagoela beraiena bezalako musika entzuteko, bai herrietako jaietan, bai irrati eta bestelako bozgorailuetan ere. «Irrati publiko batean jartzen dutena entzuten du jendeak, eta hemengo irratietan kanpoko musika entzuten da gehien. Esan behar da oso kalitate oneko musika eta taldeak direla, baina dibertsifikazio hori falta dela esango nuke».
Horregatik, eskerrak bidali dizkie inguruko musikari eta talde ez oso ezagunei aukerak ematen dizkien herriei eta txokoei. «Musikalki Mallet bezalako talderik ez dago Euskal Herrian, eta aukera polita da gurea bezalako talde bati ikusgarritasuna ematea». Musikaren munduan bidea egitea da taldekideen helburu nagusia, baina badakite ez direla «zapuztuko» hala gertatzen ez bada ere.
«Gure asmoa disko bat ateratzea eta zer harrera daukan ikustea da. Kontzertu batzuk jo, Mallet zer den erakutsi, eta, batez ere, prozesuaz eta egiten dugunaz disfrutatu nahi genuke», dio Gorrotxategik. Rivelak gaineratu du taldekideei gustatzen zaiena «lokalean elkartzea, musika jotzea eta entseatzea» dela. Hori dela eta, «dibertsioa» eta «alaitasuna» hitzak erabili dituzte taldea ondoena definitzeko.